Paleolitoan Euskal Herria populatuta zegoela diote hainbat ikerketak, eta horren inguruko teoriak badaude. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu izan dute Euskal Herritik joandakoak izan zirela Europa mendebaldera zabalduriko populazioak. Orain, Busturialdeko bizilagunen DNA laginak hartu dituzte, Santimamiñeko koban aurkitutako aztarnetatik ateratako DNArekin alderatzeko. “Emigrazioaren inguruan egin izan diren ikerketek teoria horiek berresten dituzte, eta bat datoz”, dio proiektuaren arduradun Marian Martinez de Pancorbok. Hala ere, teoria horiek egiaztatuko dituen froga behar dela dio. “Santimamiñeko gorpuzkietatik ateratako DNA hartatik, lauzpabost familia leinu identifikatu ditugu. Gaur egungo biztanleen DNAn leinu horietako bat aurkituz gero, teoria horiek berretsi egingo lirateke”. Behin betiko froga izango litzateke: “Gaur egun Busturialdean bizi direnak Santimamiñen bizi izan zirenen oinordekoak direla ondorioztatuko genuke; beraz, inguru hau populatuta egon dela orain 4.000 urtetik hona”. Are gehiago: Europako mendebaldea inguru honetan bizi zirenek populatu zutela erakutsiko luke horrek, Marian Martinez de Pancorboren esanetan.
DNA aztertu ondoren lehengo eta oraingo biztanleak familia leinu berekoak direla ondorioztatuz gero, datu garrantzitsua izango litzatekeela dio, “baina baita leinuen artean parekotasunak aurkituz gero ere”. Emaitzak irailaren bukaerarako izan gura dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko Lascaray ikerketa zentroan lan egiten duten genetistek.
Gerta liteke orain batutako laginetan Santimamiñen bizi izan zirenen leinurik ez aurkitzea ere. “Horrek esan nahiko luke garai hartan oso gutxi zirela bertan bizi zirenak, eta leinu horiek desagertu egin zirela”, Martinez de Pancorboren esanetan. Era berean, leinu berberak ez, baina antzekotasunak aurki ditzakete, “denborak aurrera egin ahala leinu horiek eraldatuz joan izan direlako”.
Migrazioak aztertzeko
Amaldeko leinua da, hain zuzen, genetistek behar izan dutena, horixe baita Santimamiñeko aztarnetatik berreskuratu dutena. Hala, gutxienez euren ama, amona eta birramona Santimamiñe inguruan jaiotakoak eta bizi izandakoak dituztenen DNA izan da, hain zuzen, Lascaray ikerketa zentroko adituek eskatu izan dutena.
Maiatzaren 6an hartu zituzten laginak Busturialdeko lau herritan: Kortezubin, Gautegiz Arteagan, Ereñon eta Nabarnizen. Gutxi gorabehera, ehun lagunen DNA behar zuten, inguru horretako familia nukleo gehienen informazio genetikoa biltzeko asmoz.
Proiektuaren helburua lortu asmoz, Santimamiñe inguruko bizilagunen DNA batzea eta aztertzea ezinbestekoa zela deritzo Martinez de Pancorbok. “Europan hainbat azterketa genetiko egin dira, horietako batzuk oso garrantzitsuak, gainera; Genographic izenekoa, esaterako. Proiektu horretan hainbat lagunek parte hartu dute, eta informazio asko batu ahal izan da azterketa horri esker. Dena den, ezinbestekoa zen inguruan bertan lan egitea, eta Santimamiñe inguruko bizilagunen DNA batzea”. Euskal Herriaren orografiak are beharrezkoago egin du bertoko populazioa aztertzea. “Ez da gauza bera bailara bakarra daukan eskualde batean bizi den populazioa aztertzea, edo hainbat bailara dituen eskualdekoa aztertzea”, Martinez de Pancorbok dioenez.
Emaitzak, gero, beste ikerketa batzuetatik ateratako ondorioekin parekatu ahal izango dituzte adituek, historian izan diren migrazioak aztertzen jarraitzeko. Era berean, etorkizunean egin daitezkeen beste azterketa batzuetan ere erabili ahal izango dituzte orain hartutako laginak, behar izanez gero.