Frontean atzera, agintean aurrera

Epainiako alde errepublikanoan politika ere sutan genuen, 1937ko maiatzaren bigarren hamabostaldian, Bizkai aldean gerra gori-gori zegoela, Es. Gaur bezalako egun batean, maiatzaren 18an, esate baterako, Errepublikaren Gazeta-n, gobernu errepublikano berria zetorren. Bukatzen ari omen zen Bartzelonako borrokek ireki zuten krisialdia. Ezaguna denez, hilabete hartako 3tik 7ra bitartean, CNTkoek eta POUMekoek aurre egin zieten PSUCeko eta Generalitateko indarrei. Horren ondorioz, anarkistek kontrolpean izan zuten Bartzelonako Telefonicaren Gune nagusia —liskarren txinparta izan zena— uzteaz gain, gobernuan izan zuten aginte politikoa ere galdu zuten. Era berean, lau egunetako barne borroka horiek Largo Caballeroren gobernuaren bukaera ekarri zuten, eta Juan Negrinena agintera eraman.

Baina aldaketa ez zen presidenteen txandakatze soil bat izan. Katalunia aldean zegoen indar ezkertiar nagusia, hots, anarkistena, gobernutik kanpo suertatu zen. Aldiz, komunisten indarra, ministroen bitartez eta, batez ere, bigarren mailako agintariei esker, nabarmen sendotu zen. Negrinek gidatzen zuen gobernu berri horretan, bi komunista zeuden: Vicente Uribe eta Jesus Hernandez, bilbotarrak biak, eta Pasionaria bezala aitzindarietakoak. Horiekin batera, beste pare bat botxotar zeuden: Indalecio Prieto —1911z geroztik, sozialista bizkaitarren buru nagusia— eta Julian Zugazagoitia, Bilboko La Lucha de Clases astekariaren zuzendari ohia. Bazegoen beste euskaldun bat ere, bosgarrena: Manuel Irujo, Lizarrako semea, EAJko parlamentaria, eta, 1936ko irailaz geroztik, ministro gisa Largo Caballeroren gobernuan zegoena.

Beraz, gobernua osatzen zuten bederatzi ministroetatik bost euskal herritarrak ziren. Sekula berriro lortu ez den marka! Gainera, ardura garrantzitsuak zituzten eskura. Prieto Defentsaz arduratzen zen; Zugazagoitia, berriz, Gobernazio arduraduna zen, eta Irujo, Justizia ministroa. PCEkoek, gerra garaian, bigarren mailako aginte postuak zituzten arren —Nekazaritza Ministerioa Uribek eta Hezkuntza Ministerioa Hernandezek—, zeresana izan zuten Negrinen gobernuan, euren alderdiak gero eta eragin handiagoa izan zuelako gobernu hartan, baita gerraren gidaritzan ere.

Dena den, Iparraldeko frontean, hau da, Bizkaian gertatzen ari zen frankisten erasoaldi etengabeari dagokionez, ez zen batere nabaritu gobernuan gehiengoa euskal herritarra izatea. Izan ere, Negrinen gobernua, “garaipenarena” izan behar zuena, porrotarena izan zen. Barne krisia izan zuen jaiotze egunetik bertatik. Euskal ministroei dagokienez, bistan zegoen. Zugazagoitia eta Irujo ,alde batetik eta Uribe eta Hernandez, bestetik, mokoka ibili ziren hurrengo hilabeteetan, maiatzeko gertaeren ondorioz suertatu zen POUMen aurkako jazarpen aldiagatik. Zugazagoitiak eta Irujok justiziari eta zuzenbideari eutsi nahi zieten, baina beste biek ez ikusiarena egin zuten PSUC delakoak eta NKVD sobietarrak egindako desmasia errepresibo guztiekin, eta bereziki Andreu Ninen erailketarekin. Indalecio Prietori dagokionez, bistan gelditu zen Defentsa ministro gisa kale egin zuela Bizkaiko defentsa bermatzen eta laguntzen. Bilbotik bertatik, berari bereziki, Agirre eta enparauak erreguka ibili baziren ere, ez zen gai izan Bizkaiko zeruetan frankistei aurre egiteko ezinbestekoa zen hegazkineria bideratzeko. Bost euskal herritar gobernuan sartu zirenetik, hilabete eskas bat igarota, ez bakarrik airean, baita lurrean ere, frankistak ziren nagusi.