Bizkaian aurten beste 9.400 lanpostu galduko direla iragarri du Cebekek

Bizkaiko BPG barne produktu gordinak %1,2 egingo du behera 2012an, eta beste 9.400 lanpostu galduko dira urtea bukatu aurretik. Hala iragarri du Cebekek, Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak. Bizkaiko patronalaren datuen arabera, 2013 bukaerara arte ekonomia ez da suspertuko. Bizkortze hori, gainera, oso apala izango delakoan daude. Asteon aurkeztu dute herrialdeko egoera ekonomikoari buruzko txostena, Bilbon. Jose Maria Vazquez Eguskiza Cebekeko presidenteak eman ditu ezagutzera emaitzak, Fernando Olmos presidenteordeak eta Francisco Aspiazu idazkari nagusiak lagunduta.

Bizkaiko langabezia tasa %15,2 dela azaldu du Vazquez Eguskizak, EAEkoa (%12,1) eta Europakoa (%10,9) baino handiagoa. Hala ere, Espainiakoa baino baxuagoa da oraingoz (%24,4). Mariano Raxoik Espainiako Gobernuan hartutako neurrien alde azaldu da, sinesgarritasuna berreskuratzeko “egin behar zena” egiten ari direla arrazoituta.

Egoera, sektoreka

Eraikuntza da krisia gehien pairatzen ari den sektorea, Vazquez Eguskizaren arabera. Gainera, iragarri du oraindik ere atzeraldian jarraituko duela. “Obra zibil handiak bukatu dira”, eta aurrera begira, besteak beste, abiadura handiko trenaren eta halako obren “itxaropena” baino ez da geratzen, haren ustez. Industriari dagokionez, azaldu du barne merkaturik ia ez dagoela. Beraz, sektore hori esportazioek izango duten eboluzioaren menpe dagoela uste du.

“Europako merkatuen bilakaera” oinarrizkoa izango da Bizkaiko industria sektorean. “Oso garrantzitsua da Bizkaiak oinarri industrialari eustea; izan ere, industriak produktua, teknologia, nazioartera zabaltzea eta ezagutza ematen ditu”, adierazi du Vazquez Eguskizak.

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, 2012an atzeraldi txiki bat izango du. Kontsumo publikoaren atzerakada eta familien lan eta ekonomia baldintzek txarrera egingo dutelako gertatuko da hori.

Cebekeko presidenteak turismoaren sektoreak izandako hazkundea aintzat hartu badu ere, BPGari egingo dion ekarpenak Bizkaia hondatze ekonomikotik ez duela salbatuko deritzo.

Krisitik ateratzeko neurriei dagokienez, formula magikorik ez dagoela aitortu du. Fernando Olmosek, berriz, jakinarazi du proposamen bat lantzen ari direla sozietateen gaineko zerga moldatzeko. Azaldu du neurriok enpresen inbertsioa eta lehiakortasuna dutela helburu, baina ez du gehiago zehaztu.