Iazko otsailean jarri zen martxan Deustuan bosgarren edukiontzia, eta Bilboko Udalak aurtengo martxora arteko datuak dauzka zenbatuta. Aurreikuspenen arabera, auzoko 1.200 etxek parte hartu behar zuten —etxeen %15ek—, baina, azkenean, gutxiagok izena eman dute: 907k martxora arte. Dena den, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste dute esperientzia “arrakastatsua” izan dela. Hilabeteotan, osotara, 88,8 tona materia organiko bildu dute auzoan barreiatuta dauden 50 edukiontzi marroietan; batez beste, 1.512 kilo astean. Etxe bakoitzeko, bada, 8,16 kilo bildu dira hilabetean. Hondakinen %0,5 eta %0,7 artean ez dira izan “baliagarriak kalitatezko konposta egiteko”.