Memoriaren izenean

Pasa den astean, zapatuan, Larrabetzuko Urkulu mendian, CNTko miliziano baten gorpuzkiak atera zituzten Aranzadi zientzia elkarteak eta Larrabetzuko Karraderan kirol eta kultur elkarteak. Bertatik bertara bizitzeko aukera izan nuen, eta, benetan diotsuet, hunkigarria izan zen. Goizean abiatu ginen gorpua zegoen lekura haren familia, Karraderaneko kideak, Aranzadikoak, Bilboko CNTko hainbat lagun —beraien bandera gorri-beltzekin—, eta beste herritar batzuk. Heldutakoan, ezertan hasi aurretik, gorpua agertu zen tokia markatu zuten Aranzadikoek. Horren ostean, hara joandakoen errepasoa egin zuten: familia, Karraderaneko lagunak, Aranzadikoak eta gainontzekoak. Denok ipini behar izan genuen izena zerrenda batean. Esan ziguten beranduago agintariak eta erakundeetako ordezkariak joango zirela, baita kazetariak ere.

Gorpua lurretik ateratzeko beharrarekin hasi baino lehen, ordura artekoak azaldu zizkiguten: asteazken goizean topatu zuen gizon batek —Urkulu mendian hamabost egun lehenago lurpetik ateratako gudariaren arrastoari segika joanda—, hezur batzuk, eskuzorro bat —barruan orduko Jaurlaritzako bi pezetako sei txanpon—, eta identifikazio-plaka. Plakari esker jakin da, hain zuzen ere, nor den; nahiz eta, argitu ziguten, DNA probak egin behar zaizkion oraindik.

Ramon Portilla Acedo. 18 urteko gaztea. Trapagarangoa. Celta batailoiko kidea. 1937ko ekainean hil zuten Urkulu mendian, Burdin Hesiaren defentsan, frontean, frankistek tontorra hartu baino egun batzuk lehenagoko tiroketa edota bonbardaketa batean. Lubakitik metro batzuk atzerago eman zioten lur, hala moduzko eran, batailoiko lagunek. Ahuspez zegoen, hankak zabalik eta besoak batuta.

Tira, etorri ziren eguerdirako ordezkari instituzionalak eta kazetariak. Eman ziren, ostera ere, azalpenak. Egin ziren adierazpenak eta atera ziren argazkiak. Kantatu zen Eusko gudariak eta erori ziren malko batzuk.

Geroago, hedabideetan agertuko ziren izenak joandakoan, berriro goizeko intimitatea berreskuratuta, Blancak bere amaginarrebaren, denetan bizirik dagoen Ramonen arreba bakarraren, sufrimendua gogora ekarri zuen atzera ere. CNTko Iñakik faxismoaren, kapitalismoaren, Elizaren eta 1977ko Amnistiaren Legearen aurkako diskurtsoa egin zuen; halangoa, ze, pena hartu nuen aurretik egondako zenbait ordezkarik ez zutelako entzun. A las Barricadas abestu zuten gero anarkistek. Karraderaneko kideek, ostera, ez zuten ez diskurtsorik bota, ez himnorik kantatu. Halakoxeak dira, isilak eta langileak. Herri ekimenaren ordezkari finak, ze, honetan ere, herri ekimenari esker ari da egiten egiten ari dena: lubakiak eta bunkerrak garbitu, mendi eta basoak miatu, lekukotasunak bildu… Memoriaren izenean ari diren izenak: Ainhoa, Eneko, Gorka, Zigor, Roberto, Julen, Beñat, Iskander eta beste guztiak. Haietako batek, Borjak, esan zidan: “Hamar urte berandu gabiltza, lekukotasun asko galdu dira”. Momentuan ez nion esan, baina pentsatu nuen: berandu beste guztiak goaz.