Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta, Guggenheim Bilbao Urdaibai proiektuaren bideragarritasuna eta sortzen duen iritzia aztertu dituzte ikerlan batean. Josune Ariztondo Kultura diputatuak Batzar Nagusietako Kultura Batzordeari aurkeztu dio. Besteak beste, Busturialdeko alkate eta eragileen zein Bizkaiko herritarrek proiektuaz zer uste duten jakiten ahalegindu dira, inkesta eta elkarrizketa bidez. “Eskualdeko eragileek eta bisitariek —Bilboko Guggenheim museora zein eskualdera datozen turistek— aldeko iritzi sendoagoa agertzen dute, herritarrek baino”, laburbildu du Ariztondok. Eskualdean herritar gehiago daude aurka, alde baino. Hala ere, ia berdinketa teknikoa egon da inkestan. “Iritzia argi eta garbi azaltzen da proiektuaren alde, proiektuak eskualdeari ekarriko liokeen eragin sozial eta ekonomikoaren balorazioa eskatzen denean”, gaineratu du Ariztondok.
Eskualdeko eragileek proiektua despolitizatzeko eskatu dutela azaldu du: “Eztabaida arlo teknikora eraman behar dela esan dute galdetutako gehienek, eta akordio politikoak lortu behar direla”. Eragileen iritziz, proiektuaren eredu kontzeptuala “abstraktua” da, eta “edukiz bete” behar dela iruditzen zaie. Gainera, aipamen berezia egin diote ingurumen babesari.
Kultura ahaldunaren esanetan, “ez da museo independente bat, baina ezta Bilboko Guggenheim museoaren kontzeptuaren errepikapena ere. Museoen eredu tradizionaletik aldentzen da. Eta ez da izango ez ikono arkitektonikoa, ez obra erraldoi bat”. Artisten sormen prozesuan oinarritutako egitasmo bat izango dela azaldu du: “Inspirazio, elkarrizketa eta ekintzarako plataforma izango da: arte modu berrien bilaketarako gunea”. Gainera, eraikuntza prozesuan zein funtzionatzerakoan irizpide ekologiko guztiak errespetatuko lituzke. Halako eredu kontzeptuala duten nazioarteko 11 museo hartu dituzte eredugarri.
Lehen kalkuluen arabera, proiektuak 51,7 milioi euroko aurrekontua izan beharko luke: 33,5 milioi egoitza eraikitzeko, eta 18,2 milioi inguru naturala lehengoratzeko. Behin martxan jarrita, urteko 6,7 milioi euroko mantentze gastua sortuko luke. Inbertsio horrek gerora ekarriko lukeen onura ekonomikoa ere kalkulatu dute: urteko 40,3 milioiko ekarpena BPGari, 17,3 milioi euro zerga sarreretan, eta 847 lanpostu.
Harrera, auzitan
Oposizioko talde guztiek ontzat jo dute txostena. Hala ere, Bilduk dudatan jarri du Busturialdeko herritarrek txostenak dioen harrera ona egiten dioten proiektuari. Halaxe egin du Asier Sanchez batzarkideak: “Irudipena daukat eskualdean ez dutela nahi Guggenheim 2rik, ezta horrek ostalaritzan sortuko lituzkeen enplegu kaskarrak ere”. Gainera, orain arte foru aldundiak erakutsitako jarrerari erreparatuta, Bilduko batzarkideak uste du ez dela asmatu eragileen asmoak errespetatzen. Ariztondok, ordea, bestelako ustea du Busturialdeko herritarren iritziari buruz: “Galdetzen diezunean, ‘Ados, baina segun eta zelan’, erantzuten dizute”.
PPko batzarkide Iñaki Aldekoak, berrriz, beldur hau plazaratu du: “Bilboko Guggenheim best seller bat da. Maila oso altu jarri du. Orain tentuz ibili behar da bigarren liburuak inor desilusionatu ez dezan”.