Lan itunak baztertu egiten dituela diote soldatapeko farmazialariek

Bizkaiko soldatapeko botikariak biltzen dituen Afrassebi sindikatuak salatu du 2010-2012rako lan itunetik kanpo geratu direla. Itun horrek soldatapean botiketan lanean ari diren beharginak baztertu egiten dituela deritzote.

Prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez, joan den martxoaren 28an sinatu zuten lan ituna Profabi elkarteak —Bizkaiko farmazietako bulegoetako profesionalen elkartea— eta Aaefv elkarteak —farmazietako laguntzaileen elkartea—. “Aurretik adostutako data eta edukia” zituen sinatutako itun horrek, eta “isilpean, negoziazio mahaia osatzen zuten gainerako kideek jakin gabe” egin zutela diote. Bizkaiko farmazialarien alboko arduradunak, ordezkoak eta jardunean ari ez diren farmazialariak biltzen dituen Afrassebi elkarteak berak eta CCOO eta UGT sindikatuek, “negoziazio batzordeko kide izanik eta negoziazio horretan modu aktiboan parte hartu arren”, ituna ez dutela sinatu salatu dute.

Botiketan lanean ari diren farmazialari gehienen ordezkariak, beraz, hitzarmenetik kanpo geratu direla ekarri dute gogora. Langileen baldintzei begira atzerapausoa ekarriko duen hitzarmenari baietza eman diotela deritzo Afrassebik. Hain zuzen, lan erreformak aurreikusitako neurriez gain kalte egingo dieten beste alderdi batzuk ere jasotzen dituela salatu dute.

Besteak beste, azaldu dute atzerakinak ordaintzean ez dituztela jasoko berandutze interesak. Bestalde, 2010 eta 2011ko soldaten eguneratzean urte horietako KPIaren erdia baino gutxiago ordainduko diete. Krisiaren ondorioz Bizkaian botika bat bera ere ez dutela itxi ekarri du gogora Afrassebik neurri horiek beharrezkoak ez direla argudiatzeko. Horrez gain, urtean 1.760ko lanorduei guardiako orduak ere gehitzen zaizkiela azaldu dute. “Eta lanorduak farmaziaren jabeak nahi duen bezala antolatuko ditu”, gogorarazi dute.

Hitzarmenaren kontra dagoela berretsi du Afrassebik, eta sinatu dutenenei erantzukizunik eza leporatu die, hasieratik itun hori gustukoa ez dela izan azalduta.