Bizkaibuseko bidaietako prezioak bost zentimo garestituko dira

Maiatzaren 2tik aurrera, bataz beste, %2,4 gehiago ordainduko dute Bizkaibusen erabiltzaileek. Hain zuzen, bost zentimo gehiago ordainduko dituzte bidaiariek bidaia bakoitzeko.

Bidaiak lotuko dituen guneen araberako datuak eman ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Herrialdea bost gunetan dago zatituta. Gune barruko bidaiak 1,15 eurotik 1,20ra igoko dira; Creditrans txartelarekin, 0,90 eurotik, 0,95 eurora.

Egin beharreko bidaiak bi gune hartzen baditu, 1,30etik 1,35 eurora igoko da; Creditransekin, 1,05 eurotik 1,10era. Hiru gune hartzen baditu, 1,70etik 1,75 eurora igoko da prezioa, eta, Creditransekin, 1,30etik 1,35era.

Lau gune hartzen baditu, 2,40 euro ordaindu beharko dituzte bidaiariek; Creditransekin, 1,75. Azkenik, bost guneko bidaia, berdin mantenduko da: 3,20 eurotan. Creditransekin, ordera, bost zentimo egingo ditu gora: 2,40 eurora.