Natalia Salazar Orbe
Euskarak zientziaren dibulgaziorako edo kontzeptu abstraktuak azaltzeko balio ez duela zabaldu da urte luzez. Bestelako uste eta joerek indarrean jarraitzen dute, hizkuntzaren balioa zalantzan jarrarazteko asmoz. Mediku arta eta zerbitzu publikoetako bestelako arreta guneak euskaraz ematea eskatzen denean, adibidez. Mediku on bat edo euskaraz dakien mediku bat nahiago duen galdetzen dio batek baino gehiagok aldarrikapena egiten duenari. Emakumeen aurkako zapalkuntzarekin ere antzera gertatzen da oraindik. Eremu publikoan gizonezkoak nagusitzen dira ardura handieneko karguetan. Baina bestelako eremuetan ere nabari da menderakuntza. Bi zapalkuntzok gauzatzeko, metodologia bera darabilte zapaltzaileek: naturalizazioa. Alegia, menderatuari sinetsarazi gizarteak ematen dion leku hori dagokiola, hizkuntza gutxitua izateagatik zein emakumea izateagatik. Hala azaldu du kontzeptua Lorea Agirre antropologo, Huheziko irakasle eta Jakin aldizkariko zuzendariak. Bi zapalkuntzok aldi berean gertatzen direla zehaztu du, gainera.
Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu bost saioko ikastaroa antolatu dute elkarlanean, Bilbon, Jakin aldizkariak, UEUk, Gabriel Aresti euskaltegiak eta Bilboko Kafe Antzokiak. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkarguneak eta harremanak izango dituzte ardatz.
Zazpi hizlarik hartuko dute parte astelehenean hasi eta maiatzera bitarte iraungo duen ikastaroan. Hileko azken astelehenetan egingo dituzte saioak, 19:00etan. Hizlari bakoitzak ertz batetik helduko dio gaiari. Bataren eta bestearen menderakuntzak zer-nolakoak diren azaltzeaz gain, ahalduntzeko prozesu berean bat egiten duten bi bide direla utziko dute agerian. Non gurutzatzen diren, zeintzuk ezaugarri berdin dituzten, batak bestetik zer ikas dezakeen, eta bien arteko aliantzak zer esparru emankor zabaltzen duen aztertuko dute.
Euskararen eta emakumeen arteko harremanaren ardatzetako bat plazaratu du Agirrek. Emakumeek, seme-alaben zaintzaile ez ezik, euskararen zaintzaile ere izan dira. Lan hori egokitu diete. Abertzaletasunaren esparruan, euskararen eta emakumeen arteko lotura bereziki sendoa plazaratu du: “EAJ sortu zenean, eta lehenagotik ere bai ziurrenik, hizkuntzaren transmisioa amek egiten dutela dioen ideia partekatua dago. Transmisio hori oso garrantzitsua zen”. Datu historiko zehatz batekin borobildu du baieztapena: “Emakume Abertzale Batzaren [1922an sortutako EAJko emakumeen elkarte abertzalea] lana izan zen, seme-alabei euskara irakasteaz gain, lehen ikastolak antolatzea eta lehen euskara eskolak ematea”.
Hala, emakumeak euskararen bidez atera ziren etxetik kanpoko eremura, plazara. Hark zabaldu zien bidea. Eta transmisioak eta zaintzak ere eskutik heldu zioten elkarri. Leku jakin batean kokatu ditu gizarteak, emakume eta euskaldun izateagatik. Lotura horretatik abiatuta, menderakuntza bikoitz horren muinari helduko diote astelehenean, Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea hitzaldian.
Idurre Eskisabel kazetari, antropologo eta EHUko kazetaritza irakaslearekin batera emango du hitzaldia Agirrek. Hor jarri dute abiapuntuetako bat; ez bakarra. 1970eko hamarkadara egin du salto Agirrek: Ipar Euskal Herriko feminismoak formulatu zuen lehen aldiz euskaldun izaerari lotuta dagoen nazio ukatuaren auziaren eta generoaren arteko lotura. “‘Abertzaleak gara, emakumeak gara, eta langileak gara’, aldarrikatu zuten. ‘Eta hiru aldiz gara menderatuak: nazio ukatu gisa, emakume gisa eta langile gisa'”.
Gaur egun gero eta zabalduago dagoen elkarguneko feminismoaren erroetara jo zuten, beraz: “Menderakuntza bat baino gehiago ditugu; menderakuntzak gurutzatu egiten dira, ez doaz bakoitza bere aldetik. Eta hortik ateratzeko bideak aliantza izan behar du. Ideia hori indarrean dago berriro”.
Angela Davis eskubide zibilen aldeko filosofo eta pentsalari feminista estatubatuarrak afro-amerikarrei lotuta osatutako tesia bere egin dute Agirrek eta Eskisabelek, arrazaren ordez nazio ukatuaren izaerari erreparatuta. “Boterearentzat oso erraza den leku batean ukatzen dute nazioa: hizkuntzan; gure kasuan, euskaran”.
Emakume izateagatik zein euskaldun izateagatik egiten diren menderakuntzak “naturalizazioaren bitartez” egiten direla azaldu du: “Emakumeoi milaka urtean esan zaigu eremu publikoan gauden lekuan gaudela alegia, inon ere ez berezko ezaugarri batzuk falta ditugulako hor egoteko. ‘Horrela jaio zarete: umeak izateko jaio zarete zuek, maitatzeko, mundu guztia zaintzeko. Zuek ez zarete jaio politika egiteko; ez zarete jaio plaza erdira hitz egitera joateko'”.
Euskal hiztunekin antzekoa gertatu dela azaldu du. “Euskara hizkuntza txikia dela esaten da. Euskarak ez duela balio edozein gauza azaltzeko, edo ez duela gaitasunik ideia abstraktuetarako”. Horixe da, Agirreren arabera, naturalizazioaren jardunbidea: “Menderatuak sinistea dagoen toki hori egokitzen zaiola benetan menderatuari, hala jaio delako. Hori sinetsarazten zaigu, eta sinetsi egiten dugu. Horregatik funtzionatzen du menderakuntzak”.
Bi zapalkuntzak aldi berean gertatzen direla transmitituko dute hitzaldian. Alegia, ez direla fenomeno bereiziak. Hori horrela, ondorioztatuko dute bien aldeko borroka eskubide sozialen borrokan jasotzeko beharra dagoela, demokraziaren aldeko borrokan.
Euskara erabiltzeko edo transmititzeko hautuan generoak eragina duen argitzen saiatuko dira Aizpea Otaegi Mitxelena eta Jaime Altuna Ramirez Euskara eta generoa gurutzatzen direnean hitzaldian. Erantzuna baiezkoa da, generoak eragina duela, alegia. Hala aurreratu du Lorea Agirrek. “Gaur egungo Euskal Herrian dugun gizarte egitura ikusita, euskara non egiten den eta nork egiten duen begiratuta, ikusten da badagoela harremana generoarekin”.
Teoriaz eta praktikaz gain, datuak ere plazaratuko dituzte otsailaren 25eko saioan. “Euskararen kale erabilerari buruzko datuetan nabarmen ikusi da emakumeek gizonek baino gehiago egiten dutela euskaraz, hasi umeetatik eta helduetara. Eta Euskaraldian izena eman zutenen %70 emakumeak ziren”.
Hori guztia ez dela kasualitatea argituko dute hizlariek. “Neskei eta mutilei gizarteak exijitzen diena desberdina da”. Baiztapen hori arrazoitzen duten hainbat adibide jaso zituzten, duela bizpahiru urte, Elhuyarrek egindako ikerketa batean. Besteak beste, ikerketan jaso zuten amak transmititzen dien hizkuntzarekiko fidelagoak direla seme-alabak, aitak transmititzen dienarekiko baino. “Horren azalpena ez da harreman esoteriko bat dutela amekin; ez. Horren azalpena da amak garela gaur egun oraindik hizkuntza irakasten eta transmititzen dugunak, umeekin gaudenak eta haiek zaintzen ditugunak”.
Bestalde, Euskal Herriko kuadrilletan behin eta berriz gertatzen den fenomeno bat ere erregistratu zuen Elhuyarren ikerketak. Talde barruan erabiltzen den hizkuntza sarriago aldatzen dute mutil taldeek neskenek baino. Alegia, errazago aldatzen dute gaztelerara euskaraz funtzionatzen zuten gizon kuadrillek, edo euskarara gazteleraz egiten zutenek, emakumeen taldeek baino. Genero begiradatik azaldu du fenomenoa Agirrek: “Gure gizarteak begi onez ikusten du gizonezkoak irekiak edo oldarkorrak izatea, edota arauak ez betetzea. Era horretako ezaugarriekin hezten ditugu gure semeak eta gizonak. Hala, euren funtzionamendu sozialean hizkuntzarekiko ere askoz jarrera lausoagoa daukate. Ez dira sentitzen hain gaizki hizkuntza aldaketa egitean edo beste edozein arau haustean. Besteak beste, saritu egiten dugulako arauak haustea, ausartzat joz edo malezia dutela esanda. Balio positibotzat hartzen da”. Neska batek gauza bera eginez gero, “askoz zigor sozial handiagoa jasotzen du: txikitu egiten dugu”.
Hori horrela, hizkuntzaren hautuan ere neskak “kontserbadoreagoak” direla ondorioztatu dute. “Jaso duten horri dela euskara, dela gaztelera edo arau horri gehiago eusten diote”. Agerian utziko dute gizartean desberdina dela gizon edo emakume izatea, “botere kuota desberdinak esleitzen dizkigutelako”. Eta hizkuntza bat edo bestea hautatzea ere ez dela gauza bera azalduko dute: “Ez dizu ematen botere bera”.
Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu ikastaroaren sorburura joko du Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kide eta kazetariak. Euskara eta emakumea genealogia / begirada feminista bat gidatuko du berak, martxoaren 25ean. “Nondik lotzen dira euskara eta emakumea? Ba al dugu historia partikular bat?”, hori argituko duela aurreratu du Lorea Agirrek. “Nik uste dut badugula historia partikular bat. Horretan arakatu du, eta azaldu egingo du nola lotu den, zer txokotan, zer zentralitatetan”.
Ikastarootan lehenengoz ariko da Iraiola. Mugimendu feministaren barruan euskarak zer leku izan duen aztertu du Kafe Antzokiko saiorako; Euskal Herriko Iparraldeko zein Hegoaldeko mugimendu feministek euskara non eduki duten eta gaur egun non daukaten azalduko du. “Joera hori aldatu den kontatuko du”.
Orain arte jaso ez den historiaren atal baten berri emango du Iraolak: “Segur aski, orain arte aztertu eta idatzi ez den historia bat ekarriko digu. Bi gai hauek ardatz hartu, eta geure historian nola lotzen diren ikusi ahalko dugu”.
Bilgune Feministak argitaratu zuen Gure genealogia feministak liburua oinarri hartuta heldu dio ikerketari Iraolak. Liburu hartan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika jaso zuten Miren Arangurenek, Edur Epeldek eta Iratxe Retolazak. “Begiak lan hartan jarrita, euskarari lotuta, gure aurrekoek hizkuntzarekin izan duten harremana aztertuko du. Hain zuzen, nola iritsi garen gaur egun mahai gainean dugun eztabaida honetara edo gai honetara”.
Ahalduntzeko eta ahaldundutako esparru batean sor daitezkeen menderakuntza edo zapalkuntza prozesuei nola heldu eta horiei nola aurre egin dakiekeen aztertuko du Itziar Gandarias Goikoetxeak. Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen hitzaldia emango du berak, apirilaren 29an. Emakumeen Mundu Martxako militantea da Deustuko Unibertsitateko irakaslea izateaz gain, eta alor horretan egina du tesia ere. Elkarguneko feminismoa aztertu du.
Elkarguneko feminismoaren ideia horretatik abiatuta, Emakumeen Mundu Martxan izandako esperientzia eta praktika zer-nolakoak izan diren azaltzeko eskatu diote antolatzaileek. “Emakume asko elkartzen dira han, jatorri askotakoak, hizkuntza desberdinekoak… Badakit ahalegin bat baino gehiago egin dutela euskararen bitartez elkarren arteko ulermena bideratzeko”.
Euskara, gaztelera eta frantsesa ez diren hizkuntza asko darabiltzaten emakumeek egiten dute bat era horretako topaketatan. Emakume etorkinek beste hainbat hizkuntza dituzte-eta. Denak elkartzen dira. Eta denek elkar ulertu eta eragin behar dute helburu amankomun bat adosteko eta gauzatzeko.
Egoera horretan hizkuntzaren alderdia nola kudeatzen duten azalduko du Gandariasek. Hain zuzen, “feminismoaren eremuan kokatzen den gune horretan, ahalduntzailea izan behar duen gune horrek nola izan beharko lukeen hizkuntzaren alorrean ahalduntzeko gune ere azalduko digu”. Kontraesanean ez erortzeko zer bide hartzen den edo har daitekeen azaltzea da gakoa: “Feminismorako emakumeak ahalduntzeko lekua bai, baina hizkuntza gutxituen menderatzailea den gune bat ez izatea nola lortzen den azalduko du. Nola egiten du hori? Bere esperientziatik kontatuko dizkigu alde onak eta txarrak, zailtasunak eta erraztasunak. Hori guztia nola kudeatzen den”.
Euskara ez da hizkuntza sexista, haren gramatikak generorik ez duelako bereizten: zenbat alditan zabaldu ote da hizkuntzaren interpretazio erromantiko hori? Euskara ez sexistarako bidea hitzaldian, mito hori gezurtatuko du Amelia Barquin Lopezek. Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, eta, bereziki, hezkidetza lantzen du.
Agirrek eman du hark jarraituko dien ildo nagusien berri ere. “Hizkuntza bat ez du egiten sexista haren egitura gramatikalak. Horrek ere agian zerbait esaten digu, baina sexista, bereziki, haren erabilerak egiten du: hitzei zer garrantzi edo zer esanahi ematen diegun”.
Ehunka adibide eramango ditu Barquinek Kafe Antzokira. Gaur egungo prentsatik, literaturatik eta telebistatik jasotakoak dira denak. Horien bidez azalduko du ustez neutroak diren hainbat hitzek nola hartzen duten, erabileraren arabera, jite sexista.
Maisu eta maistra hitzek eman dezakete ikastarora doazenek aurkituko dutenaren adibide bat. “Maisulan bat esaten dugunean, esanahi bat du. Maistra lanak, ordea, guztiz bestelakoa”. Maistra, sarri, pertsona petralari esaten zaio. Maisua, berriz, pertsona jantzitzat edo aditutzat hartzen da. “Hala, hitzek zer duten baino garrantzitsuagoa edo esanguratsuagoa da atzean zer jartzen diegun”.
Diagnosia egiteaz gain, egoera horiek aldatzeko baliabideak eta proposamenak taularatuko ditu. “Hainbat aldaketa egin daitezkeela erakutsiko du. Gauzak beste era batera esan eta esangura berriak eman hitzei, edo beste maila batera ekarri”.
Ikastaroari bukaera emango dion hitzaldia izango da Barquinena. Saio guztiak borobiltzeko, bertso-antzerkia egingo dute haren ostean. Ane Labaka Mayor bertsolariak eta Bea Egizabal Ollokiegi antzerkigileak Erradikalak ginen taularatuko dute. Iaz egin zuten Erradikalak gara lanaren segida da, haren bigarren atala. “Geure buruari barre pixka bat egiteko aukera eman nahi dugu; hain serio ez jartzeko. Izan ere, gauzak serio esan behar dira, baina geure buruari barre egitea ere ondo dago”.