Peru Azpillaga Diez
Durangoko trenbidea lurperatu izanaren ondorioz herriaren erdialdean sortu den espazio hutsaren etorkizuna erabakitzeko sortu zen Erabaki plataforma. Lursail berri horretan, Jaurlaritzak, udalaren oniritziarekin, hamazortzi solairuko bost dorre eta babestutako etxebizitza bloke bat eraikitzeko proiektua abiatu zuen uztailean. Durangoko Erabaki plataforma osatzen duten kideak, ordea, ez datoz bat egitasmoarekin, eta obrak geldiarazi eta lursailaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa bat egitea proposatu dute.
Maiatzean aurkeztu zen Erabaki plataforma eta, geroztik, buru-belarri ibili dira haien proposamena babesteko sinadurak biltzen. Behin baino gehiagotan aurkeztu dituzte sinadurak udalean, eta administrazioaren aldetik jasotako “trabak” ere salatu izan dituzte. Hala ere, hilabeteetako lanari esker, haien mozioa udaleko osoko bilkuran eztabaidatzea lortu zuten.
Eztabaidatu bai, baina ez zen aurrera atera. Izan ere, egun hirian agintzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, mozio alternatibo bat aurkeztu zuten, PPren abstentzioari esker aurrera atera zena. Mozio berriak onartu egiten zuen lursailaren etorkizunaren inguruan galdeketa egitea, baina balio gabe uzten zituen plataformak proposatutako galdera eta galdeketa egin bitartean obrak bertan behera uzteko eskaera.
Urtarrilean zehar, beraz, herri galdeketaren nondik norakoak galdera barne erabakitzeko batzordea egingo dute alderdiek, eta hilaren amaierako osoko bilkuran aurkeztuko dute proposamena. Behin onartuta, Espainiako Gobernuari eskatu beharko diote galdeketa egiteko baimena, eta, hark onartu ostean, 90 egunetik urtebetera arteko epea izango dute galdeketa egiteko.
“2020ko urtarrilean izan liteke galdeketa”, kexatu da Mikel Uriguena Erabaki plataformako kidea. “Pentsa, obrak hasi eta urte eta erdira egin daiteke lursailean zer egingo den erabakitzeko galdeketa; galdera azkenean hori baldin bada”.
Uriguena atsekabetuta ageri da prozesu osoan zehar udalak erakutsitako jarrerarekin, eta ez ditu zentzuzkotzat jotzen haien mozioa bertan behera uzteko erabilitako argudioak: “Mozioa eztabaidatu zenean, gure proposamenaren aurka bozkatu zutenek zioten ez zuela segurtasun juridikorik”. Hots, obrak geldituz gero, Euskal Trenbide Sareak dirua eskatu ziezaiokeela Durangoko Udalari. “Guk dioguna da, galdeketa egin bitartean obrek aurrera egiten badute, gero eta gehiago ordaindu beharko zaiola Euskal Trenbide Sareari”. Gainera, Uriguenaren aburuz, enpresa publiko bat izanik eta jakinik Jaurlaritzan eta Durangoko Udalean alderdi bera dagoela agintean, negoziaketa bat egon liteke bi aldeen artean.
Azaldutakoaren arabera, udalak ez zuen atsegin Erabaki plataformak aurkeztutako galdera. “Urtebete oztopoak jartzen eman ostean, orain galdeketaren alde daudela diote”, adierazi du Uriguenak.
“Trabak” nagusi
Prozesuan zehar izandako arazoak azaltzeko, adibide bat eman du Uriguenak: “Herri galdeketaren aldeko mozioa aurkeztu ahal izateko, errolda osatzen duten %10en sinadurak behar genituen. Guk pentsatzen genuen hautesle erroldaren %10 behar genituela baina udalak atzera bota zigun eskaera, esanez errolda osoaren %10 behar genituela; hau da, bi hilabeteko haur jaioberri batek ere kontatzen zuela”. Mota horretako oztopo asko izan dituztela dio Uriguenak. Besteak beste, 400 sinadura desagertu egin zirela, eta handik aste batzuetara, udalak akats bat egin zuela onartu eta topatu zituela.
“Soilik beste erremediorik izan ez dutenean agertu dira galdeketa babesten dutela esanez, eta orain haien interesetarako erabiliko dute”, ondorioztatu du Uriguenak. Erabaki plataforma eratu zen aipatutako lursailean egingo zenaren inguruan zegoen ezjakintasuna medio. “Garraio eta azpiegitura sailburuordea etorri zen uztailean plana aurkeztera, eta dekretu bidez onartu zuten”. Planaren arabera, hamazortzi solairutako bost dorre eraikitzea aurreikusten da. “Gainera, ez dira merkeak izango”. Uriguenaren esanetan, 400.000 euro inguruko etxebizitzak izango dira: “Ez dio erantzuten Durangon dagoen etxebizitza beharrari, are gehiago kontuan izanda 1.000 etxe huts baino gehiago daudela”. Horrekin batera babes ofizialeko eraikin bat altxatzea ere aurreikusten da, besteak baino txikiagoa izango dena.
Uriguenak “argitasun falta” egotzi dio Durangoko Udalari esku artean dituen proiektuak azaltzerako orduan. Trenbideak Durango bitan zatitzen zuela izan zen hura lurperatzeko argudioetako bat. “Orain errepide bat egingo dute berriz ere hiria zatitu egingo duena”, salatu du. Horrekin batera, “inongo informaziorik” zabaldu gabe biribilgune berri bat eraiki dutela azaldu du. “Ez zituzten herritarrak jakinaren gainean jarri, eta, gainera, lizentziarik gabe eraiki dute”. Lan horiek salatu dituzte, baina ez da egon inolako zigorrik.
Erabaki plataformak uste du trenbideak utzitako lursailean beste zerbait eraikitzeko aukera dagoela. “Durango erdian dago eta hor egingo denak urte askotarako baldintzatuko du herriaren etorkizuna. Uste dugu guztion artean erabakitzeko abagunea izan behar dugula, era parte hartzaile eta demokratikoan”, azaldu du. Udalak proposatuko duen galdera haiek aurkeztutakoa izango ez den arren, gaia “mahai gainean jartzea” lortu dutela dio Uriguenak; jendea “jakinaren gainean jartzea” behintzat lortu dutela.