Astialdia, harrapaketa bainoago

Arrantzaren jarduera ezezaguna da arrainen mundutik aparte bizi den jende askorentzat. Horregatik ez da harritzekoa kirol horri buruz gizarteak duen informazio urria. Jarraipen eskasa izan arren, hamasei arrantza klub daude Bizkaian, eta horietako bat Abusu auzoko arrantza kluba da, Arrigorriagan, Ibaizabal ibaiaren ondoan.

Elkartea orain hamarkada bat inguru sortu zen. Haren ezaugarri nagusia hil gabeko arrantza da. “Guk arrainak hartzen ditugu ondoren errekara bueltatzeko asmoz. Baina legeak motaren bat debekatzen badu, ezinbestean hiltzen dugu”, dio Angel Jesus Otero klubeko presidenteak. Abusuko bazkideek beren kontu arrantza egiten dutenean, berriz, etxera eraman dezakete sukaldean prestatzeko: “Batzuek amuarrainak hartzen dituzte. Oso gozoak dira”. Alegia, elkarteak antolatutako arrantzaldiak heriotzarik bakoak dira, baina kideek euren kasa jateko harrapa dezakete.

Esan bezala, arrantzak bere sasoia dauka: hilabete batzuetarako baimena baino ez du ematen administrazioak. Hala ere, Arrigorriagako talde horrek eta gainontzekoek urtean hainbat ekintza antolatzen dituzte. Abusukoak, kasurako, hamazortzi; hilabetean bat, gutxienez.

Arrakastatsuena eta jende gehien biltzen duena martxoan itsasoan egiten duten lehiaketa irekia da. Aurtengoa Getxoko kirol portuan izan da, eta 32 arrantzazale bildu ziren. Hala ere, aipagarriena martxokoa izan arren, ez da urteko bakarra: uztailerako beste txapelketa bat antolatu dute, eta Arrigorriaga eta Bilboko uretan jokatuko da. “Itsasadarrean egiten den arrantza sustatzea du xede. Horregatik, herri inguruan egingo da”.

Arrantza sasoia bukatu eta ondorenerako bestelako jarduerak prestatu dituzte; argazki erakusketa bat, adibidez. “Azaroa jardunaldien sasoia da. Hainbat adituk hitzaldiak emango dituzte gure egoitzan. Horrekin batera, argazkiak ere jarriko ditugu”. Azken batean, taldeon helburua arrantzarekiko zaletasuna zabaltzea izan ohi da.

Lehiaketak klubean errotuta egon arren, beste hainbat esparru lantzen dituzte. Taldeko kide batzuek ez dituzte atsegin txapelketak, eta zaletasun moduan egiten dute arrantzan. Bestalde, gazteen artean kirolarekiko zaletasuna eta dibulgazioa suspertzea ere badu jomuga. “Interesa duten nerabe edo helduentzat, arrantza eskola dugu. Saioetan gure ibaietan dauden arrainak zeintzuk diren edo arrantza eta teknika egokiak zeintzuk diren erakusten diegu”. Horretarako, elkarteak irakaslea, kanabera eta bestelako materiala jartzen ditu.

Aldaketa ugari

Arrantzak bilakaera garrantzitsua izan du azken urteetan. Oteroren ustez, hamarkada bakarrean “aldaketa handiak” izan ditu. “Egun, Bilboko itsasadarrean ikus daiteke 7.000 euroko kanaberarekin arrantzan dabilen jendea”. Arrazoia material aldaketa da. Orain, titaniozko kanaberak erabiltzen dira, eta horrek garestiago egiten du. “Titaniozko tresneriarekin arrantza egiteak ez du esan nahi aitonaren kanaberarekin arrantza egitea gaizki dagoenik, ezberdina dela baino”. Horrez gain, azpimarratu du denborarekin formazioari lekua egiteko aukera izan dutela.

Tresnerian ez ezik, erreketan ere antzeman daiteke denboraren joan-etorria. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan kutsadura handia zegoen Bizkaiko ibaietan. Hala ere, azken urteetako politiken ondorioz, erreketako oxigenoak gora egin du. Hala, horri esker, Arrigorriagako zaleek aukera daukate etxetik gertu arrantzan egiteko. Era berean, gogora ekarri gura izan du espezie inbaditzaileak edo bertokoak ez direnak arrantza bidez erreketatik kentzean egiten duten mesedea.

Hala ere, gai horri lotuta, badu zalantzarik arrantza elkarteko presidenteak: “Baina zer da hemengoa eta zer kanpokoa? Akaso artoa eta patata ez al dira Ameriketatik ekarriak?”, egin du hausnarketa. Haren ustez, arrain mota batzuk hil beharrean, kontrol lana egin beharko litzateke, gehiago ugaritu ez daitezen. Etorkizunari begira, Oterok dantza egiten du alde bateko baikortasunaren eta besteko ezkortasunaren artean.