Mendeurrenean, hondoratzearen arrazoien bila

Joan den domekan gogoratu zen Titanic itsasontzi mitikoa hondoratu zeneko mendeurrena. Horren aitzakian, Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak R.M.S. Titanic. Nola eraiki eta zergatik hondoratu zen izeneko erakusketa zabaldu du asteon. Datorren urteko urtarrilaren 13a bitarte egongo da han, eta hainbat elementuren bidez bisitariari hondoratze haren arrazoiak azaltzen saiatuko dira.

Titanic 1912ko apirilaren 11n abiatu zen, Irlandatik New Yorkera. 2.227 bidariari zeramatzan. Lau egun geroago, apirilaren 15eko 02:20ean, Atlantikoko ur izoztuetan izozmendi bat jo zuen eta hondoratu egin zen. Bidaiari eta eskifaiako kideen artetik 706 lagun baino ez ziren salbatu. Gainontzekoak ur izoztu haietan hil ziren.

Erakusketan orduko argazkiak bildu dituzte. Belfasteko Ipar Irlandako Museo Nazionalak duen bildumaren zati bat ekarri dute Bilbora. Baita itsasontzia egin zuten ontziolako dokumentuak ere. Horien eta informazio panelen bidez, bisitariak gertakari latz hura hobeto ezagutu ahal izango du.

ERAKUSKETA

Non. Bilboko Itsas Museoan.

Noiz. Urtarrilaren 13ra arte.