Herriko gazteen arteko harremanak eta komunikazioa bultzatzeko helburuarekin, Armiarmatu Zaitez eguna antolatu du aurten ere Ingulek, Mungiako Gazte Asanbladak.
Hala, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute bihar 14:00etatik aurrera Bentades aterpera hurbilduko diren lagunek; ordu horretan bazkaria egingo dute. Txartelak sei eurotan eros daitezke, Mungiako hainbat tabernatan: Kos, Itziar, Torpedo Gorria, Irudi eta Herriko Tabernan.
Otorduaren ostean, grafiti erakusketa, DJa, kale animazioa, jokoak eta trikitilariak egongo dira. Ekitaldiak egin ahala, poteorako tarterik ere ez da faltako. Egunari amaiera emateko, kontzertuak egongo dira Mungiako feria lekuan: Governors taldeak irekiko du musika emanaldia, 21:30ean, eta, ondoren, erromeria izango da Zirkinik Bez taldearekin.
Inkomunikazioaren aurka
Gazteen aisialdirako “leku eta ekintza falta” kezkagarria dela uste dute Inguleko kideek. Horrenbestez, antolatzen dituzten ekintzak gazteen arteko harremana estutzeko “aitzakia baino ez” dela adierazi dute gazte asanbladakoek; “inkomunikazioa apurtzeko tresna”, alegia.
Horretan, gazteak elkartzen diren lokalek ere “zerikusia” dute haien irudiko. Egoera aldatzeko asmoz, Gaztea bazara, lokaletik plazara ekitaldia hasi zuen Ingulek. Halaber, gazte asanbladako kideek gogora ekarri dute Armiarmatu Zaitez eguna ez dela aurten antolatu duten lehen ekintza.
Salda badago eta Tierra de hombres (Gizonen lurraldea) filmak eman zituzten Olalde aretoan, eta urtarrilaren 21ean, berriz, Antxon Pirulero eguna antolatu zuten herriko beste talde eta elkarte batzuekin batera: pintxo lehiaketa, bertso txapelketa, dantza tailerrak, antzerki emanaldiak eta trikipoteoa egin zituzten. Horretaz gain, martxoaren 29an, greba eguna zela eta, lan erreformaren inguruko hitzaldia egin zuten.
Hainbat eta hainbat ekintza, beraz, Mungian “gazte mugimendu aktibo bat” sortzeko helburuarkin. Gazteriak “era guztietako ekintza soziokulturaletan parte hartzea” nahi du Ingulek, “aisialdi alternatibo bat bultzatuz”. Hori lortu bitartean, inkomunikazioa eteteko pausoa izan daiteke biharko eguna.
ARMIARMATU ZAITEZ EGUNA
Non. Mungian.
Noiz. Bihar, larunbata, 14:00etatik aurrera.