Nerea Ibarzabal
Gutxietsi egiten dugu batzuetan lekuen izenek duten pisua. Hiri bateko planoa iragana irakurtzeko esku ahur perfektua izan daiteke; kaleen izenei begiratzea aski da, adibidez, inguru horri buruzko pista geografiko eta kulturalak jasotzeko: Urbitarte, Errementari, Ibaiondo, Dendari… Hala ere, sarritan ugariagoak dira pertsonen —uler bedi gizonen— izen propioak daramatzaten kale eta eraikinak, eta horiek ere asko diote lekuaren historiaz, garaileen historiaz behintzat.
Aspaldi garatu nuen obsesio hau, eta oraindik irauten dit arrastoak: ahal dela, ez dut bizi nahi pertsona baten izena daraman kale edo auzo batean. Umetan pena sentitzen nuen Secundino Esnaola edo Fray Juan de Zumarraga izeneko kaleetan bizi ziren nire lagun eta lehengusuengatik, hain iruditzen zitzaidan jasanezina gizon horiek nor izan ziren jakin ez eta bertan bizi beharra! Horregatik urduritzen nau hainbeste, beharbada, jeneral frankista baten izena daraman kalean bizi denaren azalean jartzeak. Horregatik joaten nintzen gusturago Alondegira Azkuna Zentrora baino.
Hirigintza ere gerrarako tresna bat da. Boterean dagoenak nahi duen memoria historikoa izango da ondorengoek plakatxo urdinetan jasoko dutena, eta boteredunak gutxitan ohoratuko du herri xehea bere eraikin eta kale nagusietan. Orain, Istanbulen nagoela —Roncalli Aita Santuaren kalean bizitzen—, ikusi dut Recep Tayyip Erdogan presidenteak oso ondo ulertu duela hirigintzaren funtzioarena.
Europa eta Asia lotuko dituen hirugarren zubi bat eraikitzen ari dira Itsaso Beltzetik gertu, trafikoa arintzeko beharrezkoa dela argudiatuta. Izena erabakita dago honezkero: Yavuz Sultan Selim. Otomandar Inperioko sultan honek milaka alebiar hil zituen XVI. mendean, eta horra, Erdogan sunitaren mezua kolektibo alebiarentzat. Hainbat protesta egin dituzte zubiaren aurka, baita aldarri ekologistekin ere, Istanbuleko berdegune gero eta urriagoak suntsitu dituztelako beste behin. Baina zubia aurtengo udarako amaituta egongo da, eta AKP gobernuan den artean ez zaio izenik aldatuko. Paradoxikoa da: zubi honek bi kontinente elkartuko ditu, baina biztanleria bananduko du, Turkiako %25a hain zuzen; eta izena da horren arrazoi nagusia.
Ondo pentsatu behar genuke zein plano mota utzi nahi diegun etorkizuneko hiritarrei, zein izen gogorarazi eta zein bistaratu, zeinen espaloira igo eta zeinenetik jaitsi.