Hirugarrenez garaile

Durangaldeak hirugarrenez irabazi du Bertsolari Gazteen BBK sariketako finala. Gaur zortzi jokatu zen, Bilboko Kafe Antzokian. Garaipen honek erakusten du Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Miren Amurizaren eskualdean ez dela falta bertso sena eta gogoa. 2005. urtean, Arratia eskualdeari hartu zion aurre, eta, 2006. urtean, Ipar Uribe eskualdeari. Aurten, sariketaren XX. urtean, Lea-Artibai utzi dute bigarren. Garaileek 421 puntu bildu dituzte, eta garaituek, 382. Bizkaiera egokienaren saria Lea-Artibaiko Naroa Loiolak jaso zuen. Bertsolari gazteenarena, berriz, Txaber Altube Durangaldeko mutilarentzat izan zen.

Bertsolari gazteok entzuteko asmoz bete zen Kafe Antzokia. Saioa hasi baino hamar minutu lehenago ia eserleku guztiak senitarteko eta lagunek hartuta zeuzkaten. Hori dela eta, parte hartzaileek ez zuten faltan sumatu inguratutakoen txalo eta animo oihurik. Ohikoa den bezala, bakoitzak bere eskualdearen alde egin zuen.

Aurrena, 18 urte artekoek abestu zuten. Durangaldearen ordezkariak Txaber Altube, Igor Uruburu eta Ane Alegria izan ziren. Lea-Artibaikoak, berriz, Josune Aramendi, Naroa Loiola eta Elene Lejarzegi. Hasierako agurretan urduritasuna antzeman arren, dotore egin zuten bertsotan gazteenek.

Bernardo Mandalunizek eduki zuen gaiak jartzeko ardura. Eta, nola ez, azkenaldian Bizkai osoa aztoratu duen taldea, hau da, Athletic izan zuten hizpide Altubek eta Aramendik. Altubek finala ikusi nahi zuela esan zion arreba zuen Aramendiri: “Mestallara be joan zinen zu / orain hiru urte bueltan / eta zurekin joango nintzela / ibili nintzen pentsetan / aurten banoa eta sinistu / ze gaur ez nabil brometan / niretzako be egongo da ta / lekua hotel horretan”.

Futbolak barrea eragiteko balio izan zuen arren, gai serioagoak ere landu zituzten. Aipagarria Alegriak kartzelakoan emandako mezua eta bildutakoen aldetik jasotako txalo zaparrada. Gurasoen logelan zarata entzuten duela adierazi zion Mandalunizek. Alegriak genero indarkeriari buruz mintzatzeko baliatu zuen.

Gazteenek lana bukatu ostean, 19 urtetik 24 urtera artekoen txanda iritsi zen. Durangaldetik, Aitor Bizkarrak, Julen Sololuzek eta Eñaut Uruburuk kantatu zuten. Lea-Artibaitik, Nerea Ibarzabalek, Eneko Arratek eta Xabier Iturraspek.

Esperientzia gehiago izanik, lasaiago egin zuten bertsotan. Iturraspek atzoko greba orokorrean parte hartzeko deia egin zien bildutako bertsozaleei: “Aste Santu aurretik greba orokorra / ekonomia dago benetan hauskorra / parte hartu daigun danok piztuta motorra / egoera guztiontzat da eta gogorra”. Puntuka abestuz bukatu zuten saioa. Oraindik garailea zein eskualde izango zen jakin ez arren, Arratek, Lea-Artibaik galduko zuela esan, eta bete-betean asmatu zuen.