Arkaitz Estiballes 2010eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea azken urteetan Bertsolari Gazteen BBK sariketako epaile izan da. Aurten ere, alboan eduki ditu Juanjo Respaldiza eta Gorka Intxaurbe.
Nola ikusi duzu finala?
Nik gogoratzen dudan azken urteetako finalik politenetakoa izan da. Oso ofizio onak egon dira, eta bakarka lan ikaragarria egin dute. Oro har, maila mantendu dute bi taldeek; oso final lehiakorra eta polita izan da.
Eta nola laburbilduko zenuke txapelketan ikusi eta entzundakoa?
Maila polita eman dute. Agian, finala izan da maila mantendu den saio bakarra, besteetan gorabehera gehiago egon dira. Aurten, lehenengo aldiz parte hartu duen bertsolari asko egon da, eta normala da.
Ipar Uribe eta Bilboaldea azken urteetan puntan ibili dira. Zelan ikusten duzu ustez hain euskaldunak ez diren taldeak gorenen egotea?
Duda barik gaur egun bertsolaritza Bizkaian lurralde osoan hedaturik dago. Enkarterriko taldea ere badago urte batzuetatik hona. Ipar Uribe berritze fasean dagoen taldea da. Goi mailan dauden bertsolariek kantatzeko aukera izan arren beste batzuei tokia uztearren ez dute parte hartu. Ipar Uribe eta Lea-Artibairen artekoa izan da azken urteetako finala. Aurten, Lea-Artibai eta Durangaldea, eta datorren urtean agian beste talde bat egongo da.
Neska gazte asko dabil bertsotan, baina txapelketetan gora egin ahala emakume kopuruak behera egiten du. Zer gertatzen da?
Nik uste dut denbora kontua dela. Egia da gaur egun neskak parez pare edo agian gehiago daudela. Askotan, lagun taldeak berak bultzatzen du bertsotan. Azkeneko Bizkaiko finalean, Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Jone Uria egon ziren. Iratxe Ibarra ez zen sartu, baina sartzeko aukerekin egon zen. Nire iritziz, erreferentzia batzuk behar dituzte, eta gaur egun badaude.
Bizkaian badu etorkizunik bertsolaritzak?
Duda barik; kantitate zein kalitate aldetik. Bizkaiko txapelketako azken finalean, nire ikasle izandako Peio Ormazabal eta biok lehiakide izan ginen.