Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Bilbo euskal kulturaren erakusleiho bihurtuko da Aste Santuan

Bilbo euskal kulturaren erakusleiho bihurtuko da Aste Santuan

Bilboko Udalak egin du proposamena, bost zentzumenak erabilita Bilboz eta euskal kulturaz gozatzeko: ehun jardueratik gora eskainiko ditu apirilaren 16tik 19ra bitartean, gehienak doakoak, Basque Fest jaialdiaren barruan. «Nahi dugu Aste Santuko egunetan hirira etorriko diren turistek, baina baita bizkaitarrek eta etxean geratzea erabaki duten bilbotarrek ere, euskal kulturaz gozatzea», esan du Kontxi Claver Bilboko Ekonomia Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak.

Jaialdiak alde ekonomikotik hirian egiten duen ekarpena ere azpimarratu gura izan du zinegotziak. «Jarduera hauen atzean enplegua dago, antolaketa eta ekonomia». Besteak beste, 150 artistak parte hartuko dute jaialdian, 25 enpresak, eta ehun beharginetik gora arituko dira produkzioan.

Ohi bezala, egitarauak sei ardatz izango ditu: gastronomia, musika, merkatua, zinema, kultura eta kirola. «Gure-gureak diren jarduerak izango dira: herri kirol tradizionalak zuzenean, kontzertuak eta dantzaldiak, dastatzeak, eta tailerrak gure produktu onenekin…». Jarduera gehienak Areatzan egingo dituzte, baina hiri osoan topatu ahal izango da jaialdiari lotutako ekintzaren bat. «Programa honekin, zaila izango da Bilbon aspertzea». Egunotan, 15.000 txapa banatuko dituzte egitarau osoa sarean irakurri ahal izateko QR kode batekin. Hala ere, Claverrek esan du ohiko liburuxkak ere ipiniko dituztela eskura.

DEABRU BELTZAK taldearen ikuskizuna, Bilboko Gas plazan, artxiboko irudian. BIZKAIKO HITZA
Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna Basque Fest jaialdian, Bilboko Gas plazan, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA

Eguaztenean abiatuko da Basque Fest, Azkuna zentroan egingo duten aurkezpen ekitaldiaren bitartez. 19:00etan izango da. Segidan, Sensei Music Ensemble taldeak kontzertua emango du. Alex Lopez buru duen proiektuak jazza, popa eta folka uztartzen ditu, modu esperimental eta emozionalean. Azkuna zentroa izango da, hain zuzen, euskal folklorea eta soinu garaikideak elkartzen dituzten taldeak entzuteko lekua: Bilboko Udal Txistulari Banda, Iñaki Plaza Band eta Iñaki Palacios taldeak igaroko dira handik, zapatura bitartean.

Hala ere, Areatzako kioskoa izango da euskal musikaren epizentroa, Claverren esanetan. Eguenean, 20:30ean, Agus Barandiaran trikitilaria buru duen Korrontzi taldeak trikitia eta euskal dantzak batzen dituen ikuskizun bat taularatuko du. Barikuan, Oreka TX taldeak Koklea lanaz gozaraziko die Areatzara azalduko direnei. Zapatuan, Orekka taldearen erromeria izango da entzungai.

Kafe Antzokia Basque Fest Rock City sailaren etxea izango da berriz ere. «Egungo euskal talderik onenetakoak biltzen ahalegindu gara», esan du zinegotziak. Eguaztenetik zapatura bitartean, hainbat talde igaroko dira oholtzatik egunero, 22:00etan hasita. Azkena aretoa, bestalde, bereziki emakumeen rocka ezagutzeko lekua izango da: Itsaso Gutierrez Retolazak joko du barikuan, eta Clara Corralek zapatuan.

DJ saioa, Basque Fest jaialdian, Bilboko Martzana kaian, artxiboko irudian. BIZKAIKO HITZA
DJ saioa Basque Fest jaialdian, Bilboko Martzana kaian, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA

Musika eskaintza zabala da: DJ saioak izango dira Martzana kaian; kontzertu poetikoa Berreginen Museoan, eta Sama Siku fanfarrearen kalejirak erdiguneko kaleetan, eguerdian. Aurtengo berritasuna jazzaren esparrukoa da: Nerea Arrieta piano jotzaile eta abeslari bilbotarraren emanaldia izango da larunbatean, Jazzon aretoan, 20:00etan; Fran Serrano kontrabaxu jolea eta Rakel Arbeloa bateria jolea izango ditu lagun.

Urtero legez, Areatza izango da gastronomiaren eta merkatuaren gunea. 1.500 metro koadroko karpa bat ipiniko dute, jendeak aukera izan dezan euskal ekoizleen produktuak ezagutu, erosi eta dastatzeko. Han egingo dira egunotarako antolatu dituzten tailer eta dastatzeak ere: ardoa, gazta, txerrikiak, txakolina, txokolatea… Karpara sartzeko, euro biko sarrera ordaindu beharko da; «sinbolikoa», Claverren esanetan. Bildutako dirua irabazi-asmorik gabeko Amiarte arte tailerrari emango diote aurten.

Areatzako kaian, herri kiroletako erakustaldiak eta probak egingo dira egunero. Berbarako, eguenean, orga jokoaren Bizkaiko txapelketak jokatuko dira, gizonezkoenak eta emakumezkoenak. Nerea Egurrolak errekorra dauka 25 kiloko txinga eroaten, eta Bilbon 50 kilokoa hausten saiatuko da.

Aizkolaria, Bilboko Areatzan, Basque Fest jaialdian, artxiboko irudian. BIZKAIKO HITZA
Aizkolari bat Basque Fest jaialdian, Bilboko Areatzan, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA

Pilota tailerrak, berriz, Esperantzako frontoian egingo dituzte, hala umeentzat nola helduentzat. Gainera, pilotari profesionalek erakustaldi batzuk egingo dituzte, eta pilotaren inguruko museo txiki bat atonduko dute frontoian bertan.

Familien elkargunea Zabalguneko eraikina izango da, han egongo baitira umeentzako tailerrak eta ikuskizunak: antzerkia, zirkua eta dantza, besteak beste. Euskal dantzako taldeen saioak Gas plazan izango dira, egunero, 19:00etan. Begotxu eta Maitane pertsonaiek bisita gidatu umoretsuak egingo dituzte, itsasontziz. Zazpikaleetako bisita historiko antzeztuak ere egunero egingo dituzte. Bilborocken, bakarrizketak eskainiko dituzte. BBK Salan, berriz, Irati filma proiektatuko dute.

Horrez gain, egunotan hirian egongo diren beste eskaintza batzuk ere azpimarratu ditu zinegotziak. Berbarako, jakinarazi du museoak egunero egongo direla zabalik; tailer eta eskaintza bereziak prestatu dituzte. Horrez gain, gaurtik apirilaren 20ra bitartean Bilboko kaleetan egingo diren prozesioak ikustera ere deitu du. Kofradietako ehunka kidek balio artistiko itzela duten dozenaka irudi aterako dituzte, Erdi Aroan jatorria duten batzuk ere bai. Bilbotik kanpo ere izango dira prozesio eta nekaldien antzezpenak: Balmasedan, Durangon, Arkotxan (Zaratamo), Bermeon, Lekeition eta Ondarroan, besteak beste. Eguenean, gainera, Athleticen eta Rangersen arteko partida jokatuko da San Mamesen: Europa Ligako final-laurdenetako itzulerako partida. «Hirian sekulako jai giroa izango dugu, eta dena zuri-gorriz beteko dugu», adierazi du Claver zinegotziak.