Mecaner Herriarentzat ekinbideak, bere bideari amaiera emateko, ibilbidearen balantzea eta irakaspenak jasotzen dituen txosten bat aurkeztu du. Trantsizio ekosoziala eta enpleguaren defentsa izenburuko azterlana eragile ekologista, sindikal, politiko eta sozialen esku utzi dute, «etorriko diren prozesu berriei bultzada emateko asmoz». Plataformaren ustez, balantzea «gazi-gozoa» da, ezinbestean, Stellantis automozio sektoreko multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegiko beharginak kaleratu eta instalazioak saldu zituelako. Hala ere, esperientzia garatzea «aurrerapausoa» izan dela uste du Mecaner Herriarentzat ekinbideak, «etorkizuneko gatazketarako baliagarriak diren ikaskuntza batzuk atera daitezkeelakoan».
Euskal Herrian, itxiera prozesu baten aurrean trantsizio ekosozialeko plan bat lehen aldiz erabiltzea «esperientzia aitzindaria» izan da, plataformaren iritziz. Asteartean aurkeztu zuten txostena, jendaurrean, eta egindako ibilbidea eta ateratako ondorioak jaso dituzte. Hainbat irakaspen nabarmendu dituzte: krisi ekosozialaren eta industriaren eraldaketaren arteko nahitaezko konbergentzia, gatazkak piztu aurretik eztabaidak hastearen garrantzia, langileen ahalik eta parte hartzerik handiena lortzeko beharra eta gizarte eragileen artean gutxieneko akordioak lortzeko premia. «Enpleguaren eta ekologiaren arteko dikotomia apurtzen ahalegindu gara. Izan ere, langile klaseak trantsizio bat behar du, mundu jasangarriago batean bizitzeko eta enplegua bermatzeko», esan du Iraide Juaristi Mecaner Herriarentzat plataformako kideak.
Udal erakundeen babesa izatearen garrantzia eta Eusko Jaurlaritzaren gaitzespenak ekarri zuen blokeoa ere badakartza txostenak. Izan ere, Juaristiren hitzetan, «botere publikoek eta langileek gidatutako trantsizioa behar da, benetako eraldaketa produktiboa lortzeko». Urdulizko Udala agudo batu zitzaien. «Eremu instituzionaletik ere ardura hartzea posible dela frogatu du».
«Langile klaseak trantsizio bat behar du, mundu jasangarriago batean bizitzeko eta enplegua bermatzeko»
IRAIDE JUARISTI Mecaner Herriarentzat plataformako kidea
Eusko Jaurlaritzak, ordea, entzungor egin zien Urdulizko lantegia erosteko egindako eskaerei. «Jaurlaritzak dauka enplegua eta industria mantentzeko ardura politikoa. Denbora osoan, muzin egin diete guk egindako aldarrikapen guztiei», deitoratu zuen Juaristik. Plataformak ondorioztatu duenez, «horrelako prozesuak langileen eta eragile ekologisten protagonismoarekin eta lidergo publikoarekin egitea da trantsizio justu eta jasangarri baterako berme bakarra».
Egindako bidea
Stellantisek iazko maiatzean itxi zuen Urdulizko Mecaner lantegia: 144 langile kaleratu zituen autogintza multinazionalak, baita garbiketa lanak egiten zituzten lau beharginak ere. Egoerari konponbidea emateko eta «Uribe Kostan industria eraberritzeko behar bezalako transformazio justu eta ekologikoki jasangarria bultzatzeko», Jauzi Ekosozialak, Euskal Gune Ekosozialistak eta LAB eta EKS sindikatuek bat egin eta Mecaner Herriarentzat ekinbidea sortu zuten elkarrekin. Urdulizko Udala batu zitzaien. Mecanerren instalazioak erosteko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerek ez zuten erantzunik jaso. Azkenean, Lointek enpresak erosi zuen lantegia.
Mecaner Herriarentzat ekinbideak langileei aukera eman nahi zien erabakitzeko zer, nola eta zertarako produzituko zituzten piezak, betiere eskualdeko herritarren beharrak asetzeko helburuarekin. Halaber, Mecanerren lantegian egin beharreko aldaketak erabakitzeko, Uribe Kostako biztanleak kontuan hartuko lituzkeen prozesu parte hartzaile bat bideratu nahi zuten. Azken helburuak lortu ez arren, egindako lanketa baliagarria izango dela uste du plataformak.