Euskararen erabilera sustatzeko, datozen hiru urteetarako egitasmo bat abiatu dute elkarlanean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa mugimenduak: Bizkaian Bagara. Sei proiekturen eta 49 esku hartzeren bitartez, eskualdeetan euskaltzaleen sareak sortzea eta indartzea da helburua, Taupako kide Sonia Perez Anguerak (Eibar, Gipuzkoa, 1972) eta Manuel Moreno Martinek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1965) nabarmendu dutenez.
Bizkaian Bagara-ren aurkezpenean, iradoki zenuten euskararen ezagutza osasuntsu dagoela, nolabait, baina erabilera ez horrenbeste.
SONIA PEREZ: Ezagutzak gora egin du, bai Bizkaian, baita euskararen lurralde osoan ere. Baina nolakotasuna begiratu beharko litzateke. Oraintxe, erabileran jauzia egiteko daukagu. Baina Bizkaian Bagara-n ez ditugu kontuan hartu erabilera eta ezagutza datuak bakarrik; diagnosi ezberdin bat egin dugu.
Nondik abiatuko zarete?
MANUEL MORENO: Eskualdeka egin dugu diagnosia, eta hiru multzo sortu ditugu. Euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea erabili ditugu irizpide bezala.
Zein da egoera?
MORENO: Eskualdeak ez dira homogeneoak; herrien artean oso egoera ezberdinak egon daitezke. A multzoan kokatu ditugu boluntario euskaldunez osatutako nolabaiteko sarea duten eskualdeak: izan elkarte, talde edo batzorde, eta izan iraunkorrak edo puntualagoak. Esaterako, Uribe Kosta, Durangaldea eta Bilbo daude lehenengo multzoan. B multzoko eskualdeetan, sare horiek ez daukate besteetan duten presentzia bera, baina izan badira. Eta C multzoan daude sarerik ez duten eskualdeak. Oso muturreko egoeran dauden eremuek osatzen dute talde hori: Lea-Artibai —Euskal Herriko eskualderik euskaldunena—, Enkarterri, Meatzaldea, Arratia eta Busturialdea. Urriko argazkia da hori, baina berez aldatuz doan errealitate batez ari gara. Euskaraldiaren aktibazioarekin, gaur argazkia bestelakoa izango litzateke.
«Saretze edo antolatze bat dagoenean, erabileran eragiteko esku hartzeak arrakastatsuagoak izaten dira, eta lagatzen duten aztarnak gehiago irauten du»
SONIA PEREZ
Malgu jokatuko duzue, beraz; kontuan izanda, gainera, hiru urteko proiektu bat dela.
PEREZ: Egoerak berak ezartzen du malgutasuna. Saretzearena ez da zorizko irizpidea. Badakigu, Taupa mugimenduan daukagun esperientziagatik eta Bizkaiko euskalgintzako eta gizarteko eragileek kontatu dutelako, saretze edo antolatze bat dagoenean arrakastatsuagoak izaten direla erabileran eragiteko esku hartzeak, eta lagatzen duten aztarnak gehiago irauten duela. Euskara erabiltzea ariketa soziala da, elkarrekin egiten den gauza bat, eta horrek sarea eskatzen du.
10.000 bizkaitarrekin lan egitea da helburua. Nola?
PEREZ: Taupamugimendua.eus webguneak pisu nabarmena izango du: asmoa da webgunearen bitartez euskaltzaleak ahaldundu eta informa daitezen, eta aktibistak izan daitezen, ondo datozkien ekintzetan parte hartuz.
MORENO: Taupan badator aldaketa bat, ez soilik federazioaren izenean [Euskaltzaleen Topagunea ziren lehen], baita funtzionamenduan ere. Herrietako euskara elkarteen federazioa izaten jarraituko dugu, eta horri beste sare bat gehituko zaio: norbanakoena. Bizkaiko herri askotan ez dago sarerik, ezta Taupako bazkide den elkarterik ere. Baina saretuta egon ez arren, euskaltzaleak egon badaude. Taupa berriak horien aktibazioa sustatuko du. Sare birtualago bat izango da, eta jende gehiagori aukera emango dio ekarpena egiteko.

Euskararen erabilerari dagokionez, askotan nabarmentzen da aisialdiak daukan garrantzia. Bizkaian Bagara-k zelan helduko dio alde horri?
PEREZ: Tauparen xedea, batez ere, eremu ez-formalean euskararen erabilera sustatzea da. Hala ere, gazteekin eta familiekin ere lan egiten dugu, eta argi dago xede talde horiek ezinbestean parte hartzen dutela hezkuntza formalean. Elkarrizketa Musikatuak proiektuarekin, gazteak eskolan harrapatuko ditugu, baina, gero, eskolatik kanpo, eremu neutro batean, akademikoa ez den jarduera bat aurkeztuko zaie.
Gazteak eta familiak dira lehentasunezko xede taldeak? Horiek eragiten dute kezkarik handiena?
PEREZ: Kezka baino gehiago, esango nuke esperantza hor dagoela jarrita. Gazte garaian, garrantzitsuak diren hautu asko egiten dira: adibidez, hizkuntzarekin lotutakoak, identitatearen elementu bat baita, komunikazio tresna… Eta familia barruan egiten den horrek eragina edukiko du seme-alabek hartuko dituzten ohituretan. Baina euskaratik urrunago dagoen jendearengana ere ailegatu nahi dugu.
Familiengan nola eragingo duzue, zehazki?
MORENO: Badago kontuan hartu beharreko elementu bat: etxeko transmisioa. Leku batzuetan, berreskuratzen ari da, fenomeno berria da oso erdaldundutako eskualde zabaletan. Guraso izateko adinean dagoen belaunaldi berri bat dago, eta horietako batzuk euskara transmititzen ari dira seme-alabei. Etxeko transmisio horri lagundu behar zaio, eskola ez baita nahikoa. Alde horretatik, Euskararen Kriseiluak etxeko transmisioa elikatu nahi du.
«Guraso izateko adinean dagoen belaunaldi berri bat dago, eta horietako batzuk euskara transmititzen ari dira seme-alabei»
MANUEL MORENO
Nola?
PEREZ: Kriseiluak aitzakia ematen dizu familia baten eremu intimoenean sartzeko, etxe barruan. Kriseilua etxera ailegatzen denean, haurrak dauka protagonismoa, hark eramaten du etxera. Kriseiluak euskararen sua sinbolizatzen du, eta, etxean dagoen bitartean, su hori zaindu egin behar da. Horrekin batera, familia gonbidatzen da galdetegi bat betetzera Kriseilua.eus webgunean: beren euskara gaitasunaren eta euskararen inguruan duten jarreraren berri emango dute, eta mezu batean proposatuko zaie zer jarduera egin dezaketen euskara gehiago erabiltzeko.
Euskaraldia hainbat aldiz aipatu duzue. Bizkaian Bagara-n halako egitasmoak ere aprobetxatuko dituzue?
PEREZ: Euskaraldietan saretzearen garrantzia ikusi dugu. Antolaketaren arabera, herri bakoitzak oso bestelako modua du Euskaraldiak proposatzen duen ariketa sozialari tira egiteko. Euskaraldiak lagatakotik tiratuko du Bizkaian Bagara-k ere, gogoeta saioekin, Batera Jauziekin, auzoko elkarrizketekin…
MORENO: Bizkaian hogei bat bazkide ditu Taupak. Bizkaiak 113 udalerri ditu, eta, momentu hauetan, 102 herritan daude Euskaraldirako batzordeak.