Duela hamar urte onartu zuten HBPB hiri berrikuntzako plan berezia tarteko, Basauriko Udalak bota egin nahi ditu San Fausto kaleko 5., 7., 9. eta 11. zenbakietako eraikinak. Haien lekuan etxebizitza berriak eraikiko dituzte. Oraingoz, bizilagunek bertan jarraitzen dute, baina udalak Trintxera kultur elkarteko kideak kanporatu ditu jadanik, eta udal gobernuko arduradunekin bilera bat lotu nahian dabiltza elkarteko kideak. Hala ere, oraindik erantzunik ez diete eman, Olaitz Laparra Apoita elkarteko kideak (Basauri, 1982) jakinarazi duenez.
Basauriko Udalak zergatik bota zaituzte San Fausto kaleko lokaletik?
San Fausto kaleko lokaletik bota izana orain dela hamar urte onartutako HBPBaren ondorioetako bat da. Orduan, herri galdeketa bat egin zuten hirigintza egitasmo hura onartu ala ez erabakitzeko. Parte hartzea %10era iritsi ez bazen ere, ontzat eman zuten HBPBa. Bitxia den arren, udalak erabaki zuen galdeketa basauriar guztiei zabaltzea, nahiz eta auzoko lagunek eskatzen zuten eurek bakarrik bozkatu ahal izatea. Basauri erdialdean eraikin berriak egingo zituztela ikusita, seguruenik, baiezkoa eman zuen San Migel auzoko bizilagun batek baino gehiagok, haiek daukaten dirutzarekin etxebizitza erosi eta, gero, etekin ekonomikoa ateratzeko.
Eraikin historikoak dira San Fausto kaleko horiek. Beste herrietan eusten al diete halakoei?
Beste edozein udalerritan egin ohi dutenaren kontrakoa egitea erabaki zuen Basauriko Udalak: alde zaharra eta hango eraikin historikoak berriztatu eta mantendu beharrean, den-dena deuseztatzea deliberatu zuen, hutsetik hasteko. Etxe haiek, agian, ez dira ikaragarri politak izango, baina gureak dira. HBPBaren bitartez, gure herriko ondare arkitektonikoa galduko dugu. Bitartean, altxatuko dituzten etxebizitza berriak Jauregizar eta Amenabar bezalako eraikuntza enpresek egiten dituzten bezalakoak izango dira. Eta etxebizitza berriak eraikitzeko, kaleratu egingo dituzte auzoan bizi diren eta lan egiten duten herritarrak.
«Etxebizitza berriak eraikitzeko, kaleratu egingo dituzte auzoan bizi diren eta lan egiten duten herritarrak»
Beste aukerarik eman al du Basauriko Udalak?
Udal enpresa baten bitartez, negoziazio prozesu txiki bat abiatu zuten joan den urtean. Hala ere, 5.000 euro baino ez zizkiguten eskaini San Fausto kaleko lokaletik alde egitearen truke. Diru horrekin, beste lokal bat alokatzeko aukera izango genuke. Baina zenbat denbora? Arazoari benetako irtenbidea eman beharrean, adabakia baino ez da 5.000 euro ematea. Gainontzeko auzokideak ere kontuan izan genituen eskaintza horri uko egiteko orduan. Izan ere, San Fauston bizi diren lagunak kanporatu eta bakoitzari 5.000 euro ematen badizkiote, zenbat denbora iraun ahal izango lukete alokairuzko etxebizitza bat ordaintzen? Urtebetera ere ez lirateke iritsiko.
Ordutik harremanik izan duzue udal agintariekin?
Geroztik, harremanak eten egin dira. Besteak beste, azaroko udal batzarrean udaletxean agertu ginen, eta eskaera bat aurkeztu genuen. Hala ere, udal arduradunen erantzuna mespretxuzkoa izan zen. Eskaeraren bat aurkeztu nahi izanez gero, beste edozein elkartek bezala udal erregistrora jo behar genuela esan ziguten. Udal gobernuko arduradunekin bilera bat lotu nahian gabiltza, baina orain arte ez digute erantzunik eman. Jarraituko dugu eskatzen; ea zer gertatzen den.
Zer eskatzen diozue udalari?
Irtenbide bat ematea. Ekologismoa eta antimilitarismoa ardatz sortu zen Trintxera kultur elkartea, orain dela berrogei urte, eta ordutik lanean dihardugu. Denbora horretan guztian, hainbat eta hainbat proiektu babestu izan ditugu: batetik, Trintxerak jorratu izan dituenak; eta, beste alde batetik, leku fisiko bat behar izan duten taldeek egin dituztenak. Besteak beste, greba eguna egon den bakoitzean, lokalean bertan grebalariei aukera eman izan diegu zer edo zer jan edo edan zezaten. Are gehiago euria egin duen lanuzte egunetan. Hamaika ekintza egin izan ditugu San Fausto kaleko lokalean. Basaurik herri bilgune bat galdu du.
Arazoari irtenbidea emateko modua, Basauriko Udalak elkarteari beste lokal bat ematea litzateke. Orain arte erabili duguna kendu digute. Beraz, horren truke beste bat uzteko eskatzen diogu. Basaurin udal lokalak egon badaude. Beste kontu bat da udal agintarientzat Trintxerak horrelako leku bat izatea merezi duen ala ez. Udalaren egitasmoetarako kaltegarriak gara, eta orain ito egin nahi gaituzte.
«Hamaika ekintza egin izan ditugu San Fausto kaleko lokalean. Basaurik herri bilgune bat galdu du»
Lokalaren itxierak nola eragin die berrogei urtez bertan lanean ibili diren eragileei?
Azpiegitura aldetik, eragile horien guztien proiektuak aurrera ateratzeko berebizikoa zen San Fausto kaleko lokala. Bilera bat egin nahi baduzu, udalari areto bat eska diezaiokezu. Baina edozer egitasmo antolatzen ari zarela, horretarako materiala gordetzeko lekuren bat behar duzu. Horretaz gain, biltzeko zeukaten leku historiko bat galdu dute eragileek eta herritarrek.
Zer egitasmo sustatzen ari zarete kaleratzearen kontra?
Hilabete bat igaro da lokaletik kanporatu gintuztenetik. Baina, aurretik, kaleratuak izango ginela jakin genuenetik, saiatu izan gara udalarekin harremanetan jartzen, irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko. Azaroko udal batzarraren ondoren, abenduan izan genuen tokiko agintariekin azken kontaktua. Jadanik kaleratu gaituzte eta eraikinak zutik dirau. Noiz arte jarraituko du zutik? Horixe bera da ulertzen ez dugun kontuetako bat: kanporatu arren, eraikina ez dute oraindik bota.
Orain, kalean gaudela, Basauriko taldeen arteko elkartasun saretxoa ehuntzen gabiltza, herrian horrelako lokal bat izateak zelako garrantzia daukan agerian uzteko, baita bertan urte hauetan egon izan den elkarlana azpimarratzeko ere. Izan ere, azken 40 urtetan, talde ekologistak, kultur elkarteak eta bestelako eragileak elkartu izan dira Trintxera Kult8ur Elkartearen egoitzan.
Zein da Trintxera kultur elkartearen etorkizuna?
Egoera beltz honetan, lortu dugu San Fausto kaleko lokalean batzen ginen eragileok eta norbanakook are batuago egotea. Horrek aurrera egiteko gogoa areagotzen du. Argi dago kaleratzeari buruz hausnarketa sakona egin beharko dugula. Hemendik aurrera zer gertatuko den ikusita, erabaki bat edo beste hartu beharko da. Baina, seguru nago gure proiektuak aurrera egingo duela.