Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Musikaren aniztasunaren erakusgarri

Musikaren aniztasunaren erakusgarri

Gernika-Lumoko kultur espazioak elkartze aldera sortu zen Lekuek musika eta arte jaialdia, duela hamabi urte. «Herriko eragileekin elkarlanean, musika eta kultur eskaintza zabal batez gozatzeko aukera eskaini nahi genion publikoari», esan du Ander Guerrero festibalaren antolatzaileak. «Hala, askotariko estiloetako musika taldeak gonbidatzen saiatu gara urtero». Aurten ere, XII. aldian, jaialdian elkarren artean aski desberdinak diren soinuek hartuko dituzte Gernika-Lumoko hainbat kale eta taberna, apirilaren 9tik 13ra bitarte.

Lizeo antzokian izango da jaialdiko lehenengo emanaldia, asteazkenean, 19:00etan: Itoiz taldea omenduko dute. Taldearen musika gogora ekartzeko «omenaldi txiki bat» izango da, eta, ondoren, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendarien Itoiz Udako Sesioak dokumentala emango dute. Horiek izango dira eguneko emanaldiak.

Dena dela, Lekuek jaialdia hasteko txupinazo ofiziala ostegunean izango da, 18:55ean, Pasileku parkean. Kantagunek piztuko du txupinazoa, eta, segidan, 19:00etan, Segundo Olaeta banda sinfonikoak kontzertua joko du. 21:00etan, Capsula taldeak Iparragirre rock elkarteko oholtza hartuko du. Jaialdiko «talderik kutunenetako bat» da Capsula, Guerreroren esanetan; rock psikodelikoa eta garage erritmoak jotzen ditu. Argentinan sortu zen Capsula, 1998an, baina Bilbon daude gaur egun. Taldearen izenak David Bowie abeslariaren Space Oddity kantari egiten dio erreferentzia. Taldeak 25 urte bete zituen iaz, eta, hori ospatzeko, Primitivo Astral diskoa kaleratu zuen urrian.

Ostiraleko emanaldiak ez dira soilik kontzertuak izango. Arrasate eta Elorrioko kideek osatutako Garratz punk-rock taldea ariko da lehenik, 18:00etan, Aterpe tabernan. Borja Iglesias autoreak bere bigarren liburua aurkeztuko du, Kult Parnasoan: Coda. 18:30ean hasiko da ekitaldia, eta Elle Belga, Joaquin Pascual eta Mikel Zudaire artistek nobelaren hainbat pasarte musikatuko dituzte. Horrez gain, Gabriel Gonzalez eta Hegoa Ibaizeta dantzariek tango emanaldi bat eskainiko dute, Noverek Neguetxean, 20:00etan. Ostiralean bezala, igandean ere zenbait ekitaldi berezi izango dira: disko eta arte azoka egingo dute Pasileku parkean, 12:00etatik aurrera, eta Swing dantza taldeak Gernika-Lumoko kaleak hartuko ditu, 13:00etan.

«Jendeak estilo ezberdinez gozatzeko aukera izatea da guretzat aberasgarriena. Heavy metaleko zale bat tekno edo trap kontzertu batean ikusteak asetzen gaitu, edo alderantziz» ANDER GUERRERO 

Gernikako Lekuek jaialdiko antolatzailea

Larunbateko programazioak parrandarako aukera emango die Lekuek festibalaren jarraitzaileei; hain zuzen ere, DJ saioak izango dira nagusi. 16:00etan izango da lehenengoa, Noverek Neguetxean, eta DJ Kolditto, DJ Daniel Diaz eta DJ Unzu igoko dira oholtzara. 21:00etan, berriz, DJ Antimeta izango da, Irrintzi tabernan. Ordu erdi bat beranduago, Ganibet taldeak joko du, Astran. Segidan, Dupla taldeak eta DJ Etxekoi eta DJ Hmndk Etxera musikariek hartuko dute eszenatokia. Amaitzeko, 23:00etan, tekno erritmoetan oinarritutako DJ saio berezi bat eskainiko du L’mentos tabernak.

Sarrerei dagokienez, jaialdi osorako bonuak salgai daude Lekuek jaialdiaren webgunean; 30 euro balio du bakoitzak. Kontzertu bakoitzerako sarrera soilak ere salgai izango dira, eta bost eta hamabi euro arteko prezioa izango dute; kontzertua hasi eta bi ordu lehenago eskuratu ahal izango dira, leihatilan. Dena dela, ekitaldi batzuk doakoak izango dira.  

Artisten aukeraketa

«Musikarien eskaintza heterogeneoa da Lekuek jaialdiko ezaugarri nagusia, eta herriko kultur aniztasunaren erakusgarria», adierazi du Guerrerok. Kontatu du emanaldien orduak ahal bezain ondo antolatu dituztela, publikoa nahi beste kontzertutara joan dadin. «Jendeak estilo ezberdinez gozatzeko aukera izatea da guretzat aberasgarriena. Heavy metaleko zale bat tekno edo trap kontzertu batean ikusteak asetzen gaitu, edo alderantziz». Hain zuzen, jaialdiaren antolatzaileak uste du ezinbestekoa dela «herritik eta herriarentzat» sortutako ekitaldi batek entzuleen proposamenak jaso eta eskaintzea. «Bi kontu hartzen ditugu kontuan antolatzaileok artisten aukeraketa egiteko. Batetik, antolakuntza taldeko kideei gustatzen zaizkigun eta hurbileko karteletan aurkitzen ez ditugun artistak topatzen saiatzen gara. Bestetik, gure jarraitzaileen eskaerak biltzen ditugu».

Entzuleek gehien eskatutakoen artean, zehazki, lau artista izango dira aurten: Ramada Inn, Silitia, Moura eta Chuleria, joder!. Ramada Inn eta Silitia taldeek ostiralean joko dute: Kult Parnasoan arituko da lehenengoa, 20:30ean, eta Astran bigarrena, 22:00etan. Moura eta Chuleria, joder!, berriz, larunbatean igoko dira oholtzara, Astrakora, 18:00etan, bata bestearen segidan. Guerrerok adierazi duenez, «oso pozik» daude aurten antolatu dituzten kontzertuekin, publikoak eskatutako hainbat taldek joko dutelako: «Jendeak parte hartzeak, haien etorrerak eta haiek gozatzeak laguntzen digu aurrera jarraitzen. Horretarako egiten dugu lan».

Gernika-Lumoko Lekuek jaialdiko kontzertuetako bat, 2020ko aldian. UNAI ALBA
Duela bost urteko Lekuek jaialdiko emanaldi bat. UNAI ALBA

Urteotan egindako lanaz ere harro dagoela aipatu du Lekuek jaialdiaren antolatzaileak. «Are gehiago kontuan hartuta hasieratik egin izan dugun lana boluntarioa dela». Autogestioaren bitartez kudeatutako jaialdi bat denez, Guerrerok esan du antolakuntza «ziklikoa» dela, «sorpresa handietarako» espaziorik ez dutela, eta helburu nagusia bizirik irautea dela. Hain justu, duela hamabi urte antolakuntza lanetan hasi ziren lagunen artean oso gutxi geratzen dira gaur egun. Dena den, Guerrerok jakinarazi du aurten lehen aldiz taldea handitzeko aukera izan dutela: «Horrek indarra eta energia ematen digu jarraitzeko eta datozen urteetan aurrera egiteko». 

Alde horretatik, Guerrerok iritzi dio Lekuek jaialdiaren antzeko festibalen beharra dagoela: «Makrofestibal eta makroekitaldien zurrunbiloan bizi gara gaur egun, baina tokian tokiko esentzia mantentzen duten eta kultura benetan jorratzen duten espazioak Lekuek bezalako ekitaldiak dira». Aitortu du inguruan halako gutxi ezagutzen dituela eta pena daukala. «Oñatin halako zeozer antolatzen dute maiatzean, baina kalean egiten dituzte emanaldi gehienak. Hori da desberdintasun bakarra».