Ikasgeletako airearen kalitateak kezkatuta, Derioko Txorierri institutuko ikasle talde batek airearen tenperatura, hezetasuna eta karbono dioxidoa neurtzeko gailu bat garatu zuen iaz, STEAM arloko proiektu baterako. Proposamena gailendu egin zen Elhuyar zientzia azokan, Bilbon, eta berriki urrezko domina lortu dute Milango I Giovani e le Scienze azokan (Italia). Hiru parametrook neurtzeko sentsoreak ditu gailuak, eta datuak jaso eta helarazteko Arduino plaka bat, informazioa Thinkspeak izeneko webgune batera igorri, gorde eta jarraipena egin ahal izateko. Egitasmoak hainbat diziplina eta parte hartzaile uztartu ditu, eta horri egozten diote, hein batean, gailuak izan duen arrakasta.
Roke Aretxabaleta (Lezama, 2007), Asier Camara (Derio, 2007) eta Urtatz Urrutia (Zamudio, 2007) ikasleak arduratu dira makinak egiteaz eta azoketan azalpenak emateaz, Iñaki Urionabarrenetxea (Gernika-Lumo, 1983) eta Irati Llorente (Bilbo, 1991) izan dira irakasle arduradunak, eta Marta Anza (Arrigorriaga, 1975) irakasleak ere lagundu die proiektuan. «Ez genuen ezer espero», onartu du Aretxabaletak. «Baina azoketan ikusi dugu proiektua oso arrakastatsua izan dela, jende pila bat etorri da-eta ikustera».
«Tenperatura beroa, hezetasun handia eta karbono dioxido asko izateak kalte egiten die ikasleen ongizateari, osasunari eta produktibitateari»
ASIER CAMARA Derioko Txorierri BHIko ikaslea
Beharrizan bati erantzuna emateko bidea izan da, funtsean. Urionabarrenetxea irakasleak azaldu duenez, eraikin bat estreinatu zuten orain dela bi urte, baina haren materialak ez dira erabat eraginkorrak isolamendurako. Neguan, berogailu sistema egokitu beharra izan zuten hotza gehiegizkoa zelako, eta uda inguruko hilabeteetan, aldiz, gehiegi berotzen dira ikasgeletako asko. Mendebaldera ematen duen fatxadan, eguzkitik babesteko sare metaliko bat dago, baina ekialdera ematen duen fatxada babesik gabe dago, eta hor daude, hain justu, ikasleen gela gehienak, Urionabarrenetxeak zehaztu duenez. Gelok badute aireberritze sistema bat, baina bero sasoian «ito sentsazioa» sortzen da gela barruan, Txorierri institutuko irakaslearen arabera.
Bero eta hezetasun handiak eta CO2 kantitate handiek eragina dute gorputzetan, eta hor sartu da, besteak beste, diziplinartekotasuna, ikerketa bat egin baitzuten behatzeko zer-nolako ondorioak eragiten dituzten organismoan. Ondorioztatu dute buruko mina eragiten dutela, baita eztarria lehortzea ere, eta apaldu egiten dutela denbora luzean kontzentratuta egoteko ahalmena. «Azken batean, kalte egiten diete ikasleen ongizateari, osasunari eta produktibitateari», laburbildu du Camara ikasleak.
«Zientzia azoketan, ikasleek aukera dute ebaluatzaile baten aurrean azaltzeko zer egin duten, beste ikasle batzuekin ere harremana dute, eta rola aldatzen dute: haiek aritzen dira azalpenak ematen»
MARTA ANZA Derioko Txorierri BHIko irakaslea
Egoera horrek akuilatuta erabaki zuten neurgailua garatzea. Guztira zortzi makina ondu dituzte, eta institutuko hainbat tokitan jarri, hala ekialdera nola mendebaldera ematen duten geletan. Ikasturtean datuon jarraipena egin ostean, emaitzek berretsi egin dute irakasleen eta ikasleen esperientzia. «Ikusi dugu arazorik larriena irailean, urrian, maiatzean eta ekainean gertatzen dela: geletan, beroa, hezetasuna eta CO2 kantitatea jasanezinak direla», xehatu du Urionabarrenetxeak. «Ekialdera ematen duten geletan, tenperatura bi-hiru gradu beroagoa da, batez beste, hilabete horietan». Aire girotuko sistema garestiegia dela iritzita, eta ekialdean ere sare metaliko bat ezartzea zaila izan daitekeela jabetuta —baimenak eskatu behar direlako, besteak beste—, Urionabarrenetxeak uste du errezel batzuk ipintzea izan daitekeela konponbidea, eta horretara bideratu dituzte ahaleginak.
Konexioa hobetzeko asmoa
Irakasleek azpimarratu egin dute gisa horretako proiektu praktikoek ikasleen hezkuntza prozesuari egiten dioten ekarpena. Eta azoketan parte hartzea lehentasuna ez den arren, aitortu dute erabilgarriak direla. Anzak animatu zituen neurgailua Elhuyar zientzia azokara aurkeztera. «Polita da; izan ere, aukera daukate ebaluatzaile baten aurrean azaltzeko zer egin duten, beste ikasle batzuekin ere harremana izaten dute, eta rola aldatzen dute: haiek aritzen dira azalpenak ematen». Halaber, neurgailua hobetzeko ere baliagarria izan zaie azoka, Elhuyarrek ikertzaile baten laguntza eskaintzen du eta —Jose Maria Hidalgo ibili zen Txorierri institutukoekin—.

Sariak sari eta zuzenketak zuzenketa, gailuak badu oraindik ere zer hobetua. Wifi konexioa dute jopuntuan, zehazki. «Denbora luzez konektatuta daudenez, bat-batean wifi konexioa eteten bada, datuak igortzeari uzten diote», esplikatu du Urrutia ikasleak. Programazioaren bidez saiatu dira koska horri aterabidea ematen, baina ez dute lortu, eta ordulariari konektatutako entxufe batzuekin probatzen ari dira orain: dispositibo horiek itzali egiten dira ordu erdian behin, eta, berriro piztean, wifira konektatzen dira ostera ere; horrela, konexioa bermatzen da.
Beste kontu batzuek ere pizten diete jakin-mina, dena den. Guztiz bestelako proiektu bat garatzen ari dira aurten, Llorente irakaslearen esanetan: «Antibiotikoekiko erresistentziaren arazoari lotuta, eskuak garbitzeko xaboi bat egin dugu institutuko laborategian». Oraingoan ere, hainbat diziplina batuta.