Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Haurrak gerren esklabo

Haurrak gerren esklabo

Ohartarazpen batek bisitariaren arreta pizten du erakusketa aretora sartu orduko: «Ez utzi haurren eskuetan». Hain zuzen, Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketaren abiapuntuak erakusten duenez, helburu nagusia da gerrek haurrengan duten eraginaz hausnarraraztea. Gernika-Lumoko Bakearen Museoan dago ikusgai, eta apirilaren 20ra arte bisitatu ahal izango da.

Bigarren Mundu Gerran zentratzen da erakusketa: 1939tik eta 1945era bitarteko epean, hain zuzen. Izan ere, historiako gertakaririk lazgarrienetako bat izan zen gerra hura, eta, bereziki, haurrak egon ziren gerraren jomugan. Orduko testuinguruari ez ezik, ordea, egungo gizarteari ere egiten dio keinu erakusketak, Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendariak jakinarazi duenez: «Gazari buruzko erreferentziak ikus daitezke, besteak beste». Hala, nabarmendu nahi dute «gerra egoeraren bat» bizi izan duen edozein umerentzat dela zaila orduko esperientzia gordinak ezabatzea.

«Bigarren Mundu Gerrak haurren belaunaldi oso bat markatu zuen mundu zabalean: gerrarekin bizitzera ohitu behar izan zuten»

IRATXE MOMOITIO Gernika-Lumoko Bakearen Museoko zuzendaria

Panel informatiboek gidatzen dute bisitaria, eta, horien bitartez, Bigarren Mundu Gerra pairatu zuten haurren esperientzien eta haurrei eragindako ondorioen panoramika bat eskaintzen da. «Bigarren Mundu Gerrak haurren belaunaldi oso bat markatu zuen mundu zabalean: gerrarekin bizitzera ohitu behar izan zuten, gerraren izugarrikerietatik bizirik ateratzen ahalegindu ziren, eta beren adinarekin bat ez zetozen ardurak hartu behar izan zituzten», adierazi du Momoitiok. Esate baterako, mota guztietako lanak egin behar izaten zituzten: «Gerrako beharrak zirela eta, haur asko Lehen Hezkuntza amaitu orduko hasten ziren lanean; batez ere, nekazaritzan, gerraren industrian eta partikularrentzako zerbitzuetan». Beste batzuek, ordea, ihes egin behar izan zuten euren herrialdetik.

Horiek horrela, Momoitiok esan du elkarrekin jolastea eta eskolara joatea «oasi bat» zela haurrentzat. Beraz, erakusketaren bitartez bereziki bakean jarri nahi izan dute arreta: «Iragan hurbileko adibideak abiapuntutzat hartuta, bakeak orainean eta etorkizunean duen garrantziaz jabetzea, horixe da helburua».

Objektuak eta arpillerak

Erakusketa osatzeko, Jean Claude Cubino artistaren 33 pieza jarri dituzte ikusgai panel informatiboen alboan. Pieza horietako bakoitza sortzeko, jostailuak hartu ditu abiapuntutzat artistak: «Jostailuak haurtzaroarekin lotuta daude, eta, gerraren krudelkeria irudikatzeko, apurtuta edo hondatuta dauden horiek aukeratu ditut». 

«Jostailuak haurtzaroarekin lotuta daude, eta, gerraren krudelkeria irudikatzeko, apurtuta edo hondatuta dauden horiek aukeratu ditut»

JEAN CLAUDE CUBINO Artista

Cubinok ikuslea sentsibilizatzea izaten du helburu erakusketa bakoitzean, eta hortik tiraka osatu du Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketa ere: «Aurretik egin ditudan lanen ildo berekoa da erakusketa: nire ezinegonetatik abiatu naiz egungo gatazkei buruz aritzeko».

Askotariko gaiak landu nahi izan ditu pieza bakoitzean. Horien artean, erbesteratzea jorratu du gehien: «Gerrak ondorio izugarriak izan zituen, eta jende askok ihes egin behar izan zuen bere herrialdetik». Hori irudikatzeko, jostailuzko auto bat hartu du Cubinok, eta haren gainean jostailuzko etxe bat jarri, alderantziz: «Etxea, eskola, lagunak eta ezagutzen duzun guztia atzean utzi eta beste leku batera joan behar izateak milioika pertsonaren haurtzaroa markatu du, eta markatzen du oraindik ere. Horixe islatu nahi izan dut». Bide beretik, alanbre arantzadunez betetako maleta bat ere erabili du erbestea irudikatzeko.

(ID_14749915) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-03-07, Gernika. Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketa zabaldu dute Bakearen ...
Alanbre arantzadunez betetako maleta bat, Gernika-Lumoko Bakearen Museoko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Bestalde, umeek guda garaian izaten duten beldurra ere islatu nahi izan du. Buru gainean presio eltze bat duen maniki bat erabili du horretarako: «Larritasuna, gurasoak eta gertuko senideak galtzeko beldurra… Askoren presio eltzea izan zen hori umeak zirenean».

(ID_14749912) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-03-07, Gernika. Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean erakusketa zabaldu dute Bakearen ...
Jean Claude Cubino artistaren piezetako bat, ‘Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean’ erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Erakusketa Gernikan dagoela baliatuta, Gernikako bonbardaketa ere izan du gogoan artistak, baita Hiroshimako eta Nagasakiko (Japonia) bonba atomikoak ere, besteak beste: «Mugarri izan ziren».

Clauderen piezez gainera, Ipar Irlandako Conflict Textiles bildumako zazpi arpillera ere badaude erakusketan. Sarraskietan bizi izandakoaren berri azaleratzen dute horietan, Roberta Basic Conflict Textileseko sortzaileak kontatu duenez: «Lengoaia moduan ulertzen dugu ehungintza: arpilleren bitartez, askotariko sarraskietan bizi izandakoa egoerak islatzen ditugu». Conflict Textiles bildumak 412 arpillera biltzen ditu, eta webgune bat ere badute.

Erakusketa aretoaren sakonean, berriz, Bigarren Mundu Gerrari buruzko ikus-entzunezko bat proiektatzen ari dira etengabe.

Ikerketa baten ondorio

Europako hainbat erakunderen arteko talde lanari esker osatu dute Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean: UNED, URJC, Eurom, Maizon d’Izieu, Campo Fossoli fundazioa, Euroclio, Icmemohri eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoa. Bi urtez aritu dira ikertzen, eta egindako lanaren emaitza da erakusketa. Aurrez, Bartzelonan eta Madrilen aurkeztu dute.

ERAKUSKETAREN ATALAk

  1. Haurrak eguneroko bizitzan.

  2. Hezkuntza basakeriaren aurrean.

  3. Haurren lana.

  4. Bonbardaketa, setioa eta suntsipena.

  5. Erresistenteak eta borrokalariak.

  6. Jazarpena, deportazioa eta sarraskia.

  7. Liberazioa eta gerraostea.

  8. Zergatik izan zen munduko gerra bat?

  9. Hauek dira gerraren baliabideak.

  10. Hasierarik eta amaierarik gabeko gerrak.