Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Supermerkaturik onena, auzolanean oinarritutakoa

Supermerkaturik onena, auzolanean oinarritutakoa

Erronka bota du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak: hamabost egunez supermerkatura ez joatea, hilaren 17tik 30era. Bitartean, alternatiba gisa, euren biltegia ireki diote jendeari, edonork erosi ahal izateko sareko kideek ekoitzitako eta elkarren artean erositako produktuak, sareko kide izan zein ez. Hain zuzen ere, ekintza horren bidez, agerian utzi nahi dituzte supermerkatuen eta korporazio handien salerosketen atzean dauden logikak. «Asko dugu hausnartzeko: zelan, non eta zer kontsumitzen dugun, eta zer dakarren horrek guztiak», esan du Mikel Sagarminaga Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideak. Sagarminaga ogia eta beste elikagai batzuk erostera joan da Agirre Lehendakaria plazan ireki berri duten biltegira. 

Nafarroako kontserbak, Urepeleko gaztainak (Nafarroa Beherea), txokolatea, xaboia, olibak, gatza, ortuko barazkiak, datilak, mandarinak, limoiak eta beste hainbat produktu dituzte lokalean. Batzuk ekoizpen komunalekoak dira; esaterako, kiwi marmelada, barazkiak eta garagardoak. Beste batzuk, berriz, kolektiboan eta ekoizleei zuzenean erositakoak. «Produktu bat erosten dugunean, ba al dakigu nor dagoen horren atzean?», galdetu du Sagarminagak. «Erosketaren beste aldean dagoen hori bitartekari bat da; kasu honetan, supermerkatua eta agroindustria. Eta haien helburua ez da gu elikatzea, baizik eta dirua lortzea». 

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek egitasmoa aurkezteko zabaldu duten oharrean ohartarazi dute bitartekari sareek hainbat arlotan kalte egiten dutela: «Elikagaien ekoizpen eta banaketa kate osoan, korporazio handiek gero eta botere handiagoa dute; hori dela eta, herrien burujabetza apaltzen ari da, eta nekazarien lan baldintzak, prekarizatzen». Kritiko agertu dira, halaber, agroindustriak osasunean eta ekosistemetan dituen ondorioak direla eta, eta batez ere Hegoalde Globalean nabaritzen dira, gaineratu dutenez. 

Produktuak bertakoak, ekologikoak, kalitatezkoak eta etikoki egindakoak izan daitezen zaintzen dute sareko kideek, eta ekoizleei zuzenean erosten dizkiete, bitartekari gutxiago izan daitezen, eta prezio eskuragarriak. Hala ere, Sagarminagak azaldu du beti ez dela erraza baldintza guztiak betetzea: «Produktua oso ona eta ekologikoa bada, oso garestia izan ohi da, baina gu oreka zaintzen saiatzen gara; izan ere, balioa ematen diegu produktu ekologikoei eta gertukoei, baina saiatzen gara prezioa kontrolatzen ere, hau leku elitista bat ez bihurtzeko, hemen askotariko egoera ekonomikoa duen jendea baitago».

«Produktua oso ona eta ekologikoa bada, oso garestia izan ohi da, baina gu oreka zaintzen saiatzen gara; izan ere, balioa ematen diegu produktu ekologikoei eta gertukoei, baina saiatzen gara prezioa kontrolatzen, hau leku elitista bat ez bihurtzeko»

MIKEL SAGARMINAGAGaldakaoko Elkarlaguntza Sareko kidea

Kontsumitzen duten hori nondik datorren jakiteko, elkarrekin ekoizten dute ahal dutena, eta gainontzekoa kolektiboan erosi. Duela zortzi urte sortu zuten erosketa kolektiboen lantaldea. «Ekoizpen taldea sortu genuenean, dena ekoizten saiatu ginen, baina ezin da», aitortu du Gorka Menendez Bacetak, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko beste kide batek. Baserrian ekoiztutako barazkiak saltzen ditu, lokalaren aurrean Galdakaoko Udalak ostegunetan antolatzen duen azokan. Haren baserrian auzolanean ekoiztutako beste hainbat barazki Elkarlaguntza Sarearen biltegian daude.

Elikadura baino gehiago 

Astean behin zabaltzen dute sarearen biltegia. Azoka funtzioa du, eta, beraz, kideek bertan egin ditzakete erosketak. Lehen, Galdakaoko auzo batean zuten lokala, baina erdigunera eraman dute, eta joan den barikuan egin zuten inaugurazioa, supermerkaturik gabeko hamabostaldiaren barruan. Agirre lehendakariaren plazan dago lokala; Plaza Gorrian. 

Horrez gain, beste hainbat jarduera ere programatu dituzte; besteak beste, hitzaldi bat EHNE  Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunarekin, eta Arrasate eta Bergarako (Gipuzkoa) Ereindajan proiektuarekin. Bestalde, Israelgo produktuei boikota egiteko ekintza bat antolatu dute. The Price of Progress: Who Decides What You Eat? (Garapenaren prezioa: nork erabakitzen du zer jaten duzun?) dokumentala ere proiektatu dute; 2019koa da, eta agroindustria du hizpide.

Hamabostaldiak bi helburu nagusi ditu, Sagarminagak esan duenez. Batetik, «kanpora begira, sarea ezagutaraztea», eta, bestetik, sareko kideen «praktikak eta logikak zabaltzea». Duela bederatzi urte sortu zuten Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, hamabi bat kideren artean eta beste prozesu kolektibo batetik abiatuta, eta, Menendezek kalkulatu duenez, gaur egun hirurogei etxebizitza unitate inguru daude erosketa taldean bakarrik. 

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak, lokal berrian, asteartean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko hainbat kide, asteartean, sarearen lokal berrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gaur-gaurkoz, Elkarlaguntza Sarearen biltegian erosteko, sareko kide izan beharra dago, baina martxoko bigarren hamabostaldian jende guztiarentzat ireki dute, edozeinek han erosi ahal izateko eta proiektua ezagutzeko. «Erosketen kontua sare osorako sarbidea izan daiteke», esan du Menendezek, «proiektua ezagutarazteko eta kide gehiago batzeko». 

Erosketa kolektiboen eta ekoizpen komunalen taldeetan ez dauden beste hainbat kide ere badaude Galdakaoko sarean, hainbat lantalde baititu: Etxebizitza Sindikatua, Herri Eskola eta «genero lanketarako» talde batzuk, besteak beste. Horrez gain, harremana dute beste proiektu eta kolektibo batzuekin; adibidez, sarea elkarlanean aritzen da elikadura burujabetzako eta lurraren defentsarako zenbait proiekturekin, eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua Etxebizitza Sindikatuen Sarearen barruan dago. 

Konpromiso mota guztietarako 

Menendezek azaldu duenez, tipula bat da taldearen logoa, tipulek geruzak baitituzte, eta Elkarlaguntza Sareak ere bai, konpromisoaren araberakoak. «Barruko geruzetan, lan militante handia behar duten taldeak daude, antolakuntza kudeatzen dutenak. Inplikazio ertaineko eta apalagoko geruzetan, jarduera informalagoak ditugu: adibidez, auzolanak». Sareko kideek adierazi dutenez, jende askok parte hartzen du sarean auzolanen bitartez. «Adibidez, txabola bat egiten laguntzera etortzen dira, traktoreak konpontzeko prestakuntza batera, txosnan txanda egitera, formakuntza ideologikoetara, ortuan lan egitera…». 

«Barruko geruzetan, lan militante handia behar duten taldeak daude, antolakuntza kudeatzen dutenak. Inplikazio ertaineko eta apalagoko geruzetan, jarduera informalagoak ditugu: adibidez, auzolanak»

GORKA MENENDEZ BACETAGaldakaoko Elkarlaguntza Sareko kidea

Haurrentzako tailerrak, etorkinentzako euskara klaseak, serigrafia eta pintxo tailerrak, eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte azken urteetan. Horiek ere sareko kideek antolatzen dituzte, gainontzeko kideak eta bizilagunak prestatzeko eta ahalduntzeko asmoz. 

Sarearen beste lanetako bat biltegia irekitzea da. Ostegunean zabaldu zuen kideak —ez du izenik eman nahi izan— azken urteetan ez du tarterik izan auzolanetara joateko, lan kontuengatik, baina noizbehinka biltegia irekitzeaz arduratzen da. Lokaleko aniztasunari erreparatu dio: adin guztietako jendea dago biltegian, erosketak egiten batzuk eta kideekin hizketan besteak. Elkarlaguntza Sareko jarduerak lana baino zerbait gehiago direla adierazi du: «Ez da sare soila, lagunarte bat da, eta harremanak ere lantzen dira, adibidez auzolanen osteko bazkarietan».