Bizkaiko gazteen musikarako talentua sustatzeko asmoz, Señeak Bizkaia Rock Kanpusa antolatu du estreinakoz Señeak kultur elkarteak. Apirilaren 21etik 26ra egingo dute, Zornotzako Lauaxeta ikastolan. Lurraldeko 14 eta 17 urte arteko edozein gaztek izango du izena emateko aukera, eta horietatik hogei hautatuko dituzte egonaldirako. Martxoaren 25era arte egongo da zabalik izena emateko epea.
«Musikaren munduan bizi garenok ikusten dugu gazteen artean badagoela harrobia, baina profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daudela ibilbide formaletatik kanpo», adierazi du Alex Sardui Gatibu musika taldeko abeslari eta proiektuaren sustatzaileak. Iruditzen zaio egonaldiak horretan lagundu dezakeela: «Gure asmoa da balio izatea aurrera begira erabakiak hartzeko: ikusteko musika eurentzat zer izatea gura duten. Izan ere, adin horretan hasten dira bidea egiten. Erreferentzia bat ezarri nahi dugu musikari gazteenen artean».
«Musikaren munduan bizi garenok ikusten dugu gazteen artean badagoela harrobia, baina profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daudela ibilbide formaletatik kanpo»
ALEX SARDUI Gatibu musika taldeko abeslaria eta proiektuaren bultzatzailea
Parte hartu nahi duten horiek minutu gutxi batzuk irauten duten bi bideo bidali beharko dituzte Seneak.eus webgunera, Ekain Alzola Gatibu taldeko baxu jotzaile eta proiektuaren sustatzaileak kontatu duenez: «Norberaren talentua erakutsiko duen bideo bat grabatu beharko dute, batetik, eta aurkezpen bideo bat, bestetik». Epaimahai batek hogei gazte aukeratuko ditu aurkezten diren partaide guztien artean.
Edozein gazterentzat
Bost eguneko egonaldian, Euskal Herriko artista ezagunak izango dituzte irakasle, Alzolak aurreratu duenez: «Erreferenteek zuzenean trebatuko dituzte, eta artista batzuk bisitan ere etorriko dira».
Goizeko bederatzietan hasiko dira eskolak, eta arratsaldeko seietan amaitu. Goizetan, eskola instrumentalak eta teorikoak izango dituzte ikasleek, eta arratsaldean, aisialdiko ekintzak egingo dituzte Lauaxeta ikastolan bertan. Aitor Pagaldai ikastolako zuzendariarentzat «plazera» da halako egitasmo bat han antolatzea: «Egonaldia guztiz bat dator gure hezkuntza proiektuarekin; egunerokoan ikasleekin lantzen ditugun balioak sustatzen dira». Egonaldiaren azken egunean, erakustaldi bat egingo dute Zornotza aretoan.
«Kapitalzentrismo horretatik atera, eta inguruan dagoen jende guztiari zabaldu nahi izan diogu aukera. Edonork eman dezake izena, familia bakoitzaren egoera ekonomikoa muga izan gabe»
EKAIN ALZOLA Gatibu musika taldeko baxu jotzailea eta proiektuaren bultzatzailea
Bizkaian halako egonaldi bat antolatzen duten estreinako aldia da, eta, alde horretatik, «ardura puntu bat» sumatzen dutela adierazi du Alzolak: «Proba pilotu moduko bat denez, hogei ikasleko muga jarri behar izan dugu, baina espero dugu aurrerantzean gehiago hartu ahal izatea. Bermatu egingo dugu hautatuak izango diren gazte horiek gustura egotea». Alde horretatik, hitzeman du izena ematen duten gazte guztiek «aukera berak» izango dituztela: «Kapitalzentrismo horretatik atera, eta inguruan dagoen jende guztiari zabaldu nahi izan diogu aukera. Edonork eman dezake izena, familia bakoitzaren egoera ekonomikoa muga izan gabe».
Askotariko gaitasunak garatzeko
Musika arlotik kanpo, ikasleek aukera izango dute «bizitzako bestelako alderdi batzuetan» baliagarriak izango zaizkien tresnak eskuratzeko ere, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera: «Musikaren bidez, gazteen garapen integrala sustatzen da. Egonaldi honek erremintak emango ditu sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde lana eta pentsamendu kritikoa sendotzeko». Era berean, uste du egonaldia euskaraz izatea ere aberasgarria dela: «Hizkuntza identitatearen alde egiten du, eta, modu dinamiko batean, elkarbizitzan ikasteko bidea eskainiko die ikasleei».
Señeak elkarteak antolatzen duen lehenengo ekitaldia da Rock Kanpusa. Aurrera begira, halako jarduera gehiago egiteko asmoa dutela esan du Sarduik: «Gazteentzako esparru bat sortzen ahaleginduko gara, musika ardatz hartuta. Buruan baditugu ideiak, baina prest daudenean emango dugu horien berri».