Irratiak erakarri zuen Irati Agirreazkuenaga Onaindia (Bilbo, 1986) komunikazioaren mundura. Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasi zuen EHUn, eta, orain, irakasle da fakultate horretan. Komunikazioa, baina, sorkuntzaren bidez ere lantzen du: Piszifaktoria Ideien Laborategiko kide da.
Hitzaurrea izeneko soinu esperientzia aurkeztu zenuten astelehenean, Bilboko Loraldia festibalean: Interneterako konexioa duen eskuko telefono bat eta aurikularrak hartuta, norbere erabakiek trazatzen duten banakako ibilbidea. Zertan datza?
Entzuleak istorio bat entzungo du, baina, oinez hastearekin batera, hautuak egin beharko ditu; bide bat edo beste aukeratu beharko du amaierara iristeko. Etorkizunean ere hala gertatzen da, erabakitzen dugunaren menpe baitago gure etorkizuna. Bilbon aurkeztu bagenuen ere, edozein herri edo hiritan egin daiteke proba, Hitzaurrea.eus webgunean sartuta.
Iazko Loraldia festibalaren beka digitala irabazi zuen proiektuak. Zertan lagundu dizue sariak?
Alde ekonomikoari dagokionez, 10.000 euro eskuratu ditugu, eta, kopuru horrekin, produktu askoz ere profesionalagoa garatu ahal izan dugu. Artearen mundua nahiko prekarizatuta dago, eta beti ibiltzen gara diru gutxirekin gauza asko egin nahian: diru iturririk ez dagoenez, batzuetan azken produktua erdipurdikoa izaten da, ezinbestean. Gainera, ikusgaitasuna ere lortu dugu, sari bat eskuratzeak nolabaiteko prestigioa ematen du eta.
Ez da Loraldian aurkeztuko duzuen proiektu bakarra: martxoaren 22an, Goroldiorik ez (II) izeneko ibilbide gidatua egingo duzue.
Loraldiaren, eta, bereziki, Imanol Agirreren proposamen bat izan zen. Iaz egin genuen estreinakoz, eta bigarrenez egingo dugu aurten. Arte diziplinak antzokietatik ateratzea da asmoa: San Mamesetik abiatuta, hainbat emakumezkoren lekukotzak bilduko dituen txango bat egingo dugu. Historia liburuetatik kanpo eta ahaztuta geratu diren Bilbo inguruko hainbat emakumeren memoria berreskuratzea da helburua. Emakume haien bizitzak kontatzeko geldialdiak egiteaz gainera, beste emakume gazte batzuen ahotsak entzungo ditugu oinez ibili bitartean. Polita izango da, beste garai batzuetako emakumeak eta gaur egungoak batuko dira-eta proposamenaren bidez.
«Tesia egiteko ibilbidea oso bakartia da. Zeure buruarengan konfiantza izaten ikasten duzu. Ni oso zalantzatia izan naiz beti, eta iruditzen zait ibilbide horrek asko lagundu zidala»
Gaztetatik gustatu izan zaizkizu arte eszenikoak. Nola hasi zinen mundu horretan?
Eskolaz kanpoko jardueretako bat zen antzerkia, eta oroitzen dut Galder Perez zela gure irakasle: Galderrek gidoiak idazten zituen, eta gu Bizkaiko eskoletara joaten ginen antzeztera. Orduan izan nuen lehenengo harremana antzerkiarekin. Gerora, unibertsitatea amaitzean, Getxoko Antzerki Eskolan eman nuen izena, 22 urte nituela. Han aritu nintzen hiru edo lau urtez, baina beste eskola batzuk ezagutzeko gogoa nuen. Kabia antzerki laborategian ikastaro bat egin, eta antzerkia egiteko beste modu bat deskubritu nuen.
Alanbike antzerki konpainiaren sortzaileetako bat ere izan zinen 2011n. Beharrizanen batetik abiatu zenuten proiektu hori?
Bai. Antzerki eskolak oso ondo daude oinarri bat izateko eta antzerki munduko autoreen lan egiteko moduak ezagutzeko, baina guk gure istorioak kontatu nahi genituen, guretzat interesgarriak ziren gaiak eraman nahi genituen oholtzara. Inprobisazioa landu genuen, kolektiboki lan egiten genuen… Esperientzia polita izan zen.
Eta, gerora, nolatan batu zinen Piszifaktoria Ideien Laborategira?
Euskaraz antzeztea falta nuen. 2020an ezagutu nuen Piszifaktoria Ideien Laborategia, Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak sortutako taldea, eta interesgarria zela iruditu zitzaidan, artearen barruko diziplina askotan aritzen delako. Hau da, arte eszenikoetatik harago, audioarekin jolas egiten dute, musikak bere lekua hartzen du, zeinuek, inguruko arkitekturak… Aktore gisa hasi nintzen, baina denborak aurrera egin ahala, denetarik egin dut: karakterizazioa, jantziak, zabalpen lana, ekoizpena… Badakigu egoera horrek prekarizazioa areagotzen duela, baina gustatzen zait, antzerkiaren ikuspegi globala ematen dit eta.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zenuen unibertsitatean, EHUn. Nondik datorkizu komunikazioaren inguruko interesa?
Unibertsitatean hasi aurretik, ikerketa lan bat egin behar izan genuen Batxilergoan. Urte osorako lana izango zenez, gustuko zerbait aukeratu nahi nuen. Buelta asko eman ondoren, irrati libreen gaia lantzea erabaki nuen. Bilbo aldeko irrati libre batzuk aukeratu nituen, eta aukera izan nuen haien egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko. Liluratuta geratu nintzen irratiaren magiarekin, eta ikusi nuen bertan lan egin nahi nuela. Irakurri nuen Ikus-entzunezkoetan gehiago bideratzen zintuztela mundu horretara, eta horregatik aukeratu nuen gradu hori.
Ikasketak amaitu eta berehala, doktore tesia egin zenuen. Ondotik, beste hainbat ikerketa egin izan dituzu. Zergatik da garrantzitsua ikerketa zuretzat?
Irakaskuntza polita dela iruditzen zait, transmisioa bi norabidetan gauzatzen delako: ikasleen eta irakasleen artean. Baina, era berean, unibertsitateak ikertzera bultzatzen zaitu, eta oso beharrezkoa da hori. Eduardo Galeanok esaten zuen: «Zer da utopia?». Niretzat, utopiak pausoak emanarazten dizkizu, eta uste dut ikerketak ere antzeko eragina duela. Hasteko, ez da inoiz bukatzen, beti dago zerbait desberdina gehitzeko aukera. Bestalde, autoikasketa prozesu bat ere bada.
Zer zailtasun edo muga aurkitu dituzu bide horretan?
Asko. Tesia egiteko ibilbidea oso bakartia da. Doktoregaiak pixka bat saretuago daude gaur egun, baina segurtasun falta handia da. Zeure buruarengan konfiantza izaten ikasten duzu. Zuzendaria zure gidaria da, baina ez dago une oro hor, zure esaldi bakoitzari baiezkoa edo ezezkoa ematen. Ondorioz, uste dut interesgarria dela konfiantza ariketa hori egiteko. Ni oso zalantzatia izan naiz beti, eta iruditzen zait asko lagundu zidala ibilbide horrek.
Kazetaria, aktorea eta irakaslea zara. Diziplina horietako bakoitzak lagundu izan dizu besteetan?
Bai. Diziplina horietako bakoitzak toki batetik edaten du: antzerkiak fikziotik, kazetaritzak errealitatetik eta irakaskuntzak ikerketatik. Baina egia da batak bestea elikatzen duela. Irakaskuntzan hasi nintzenean, esaterako, lehenengo mailan eman behar izaten nituen klaseak, ehun bat ikasleren aurrean. Niretzat performance moduko bat zen, neurri batean. Irakasle izatea zen nire egitekoa, eta, bide horretan, ahotsa eta gorputza ondo kokatzeak laguntzen zidan neure buruarengan konfiantza izaten. Azken finean, badago ezaugarri bat hiru diziplinei lotua: publikoa. Beraz, oholtza gainean egoteak lagundu izan dit zenbait egoerari lasaiago erantzuten.
Sormen handia eskatzen du aktore lanak, eta zurrunagoa edo objektiboagoa da irakasle lana. Nola moldatzen zara?
Gizartean bizitzeko edo harremanak izateko maskarak jartzen ditugu, eta antzerkiak horiek kentzeko eskatzen du. Klasean desberdina da: zure maskara irakaslearena da. Hala ere, egia da Piszifaktoriak aukera eman didala bien arteko loturak bilatzeko. Gurpila ez dadin gelditu, batak bestea aberastu behar du.
Gorputzak presentzia handia du hiru diziplinetan. Nola eragiten dizu zuri?
Askotan, burua baino fidagarriagoa da gorputza: garbiago dago, eta ez ditu horrenbeste filtro. Gu saiatzen gara hori lantzen, eta, testua erdigunean jarri beharrean, gorputzei, objektuei, eszenografiari, argiei eta soinuei ere ematen diegu garrantzia, beste kontu askoren artean. Gorputzak lanketa handia behar du, eta garrantzitsua da horretan arreta jartzea.
Ahotsa ere lantzen duzu. Oro har, zer daki jendeak ahotsaz?
Egunero erabiltzen dugun tresna bat da ahotsa, eta iruditzen zait jendea ez dela horretaz ohartzen ahotsa galtzen duen edo afoniko geratzen den arte. Antzerkian aritzen den norbaitek landuago izan behar du ahotsa beste ogibide batzuetan aritzen denak baino, baina uste dut, oro har, ahotsaren inguruko ezagutza oso garrantzitsua dela: tonuak, erritmoak, kolorea… Gure ahotsa seguru eta lasai entzuten baldin badugu, gure burmuinari seinale hori bidaltzen diogu. Gertatzen zaiguna da, sarritan, emozioak eta ahotsa batzen direnean, zaila izaten dela egoera kontrolatzea. Ikasketa prozesu bat da, eta landu egiten da.
«Etorkizun oparoa ikusten diot euskal kazetaritzari, asko dauka esateko oraindik, eta iruditzen zait saretzeak indarra emango diola»
Nola ikusten dituzu unibertsitatera iristen diren belaunaldiak?
Motibatuta eta saturatuta ikusten ditut, aldi berean. Gogo handiz etortzen dira, baina horrenbeste estimulu dituzte inguruan, batzuetan gainezka ikusten ditut. Hori alde batera utzita, poz handia ematen dit gazte taldeak antolatuta ikusteak. Geroz eta bakartuago egonarazten gaitu gizarte honek, eta pozgarria da jendeak kolektiboki antolatzeko hautua egitea oraindik ere. Itxaropena ematen dit.
Eta Euskal Herriko Unibertsitatea?
EHUko Errektoretzarako hauteskundeak egin dituzte aurten, eta norabidea aldatzea ekarri du horrek. Aspaldiko partez bi hautagai aurkeztu izanak [Eva Ferreira eta Joxe Ramon Bengoetxea] poztu nau gehien. Eztabaida bat sortu da, eta hori beharrezkoa izan da. Haize berriak ekartzea beti da interesgarria.
Zer etorkizun ikusten diozu euskal kazetaritzari?
Bere burua etengabe berritzen saiatzen ari da, eta hori oso positiboa da. Ziur asko, hizkuntza zapaldu bat izateak eragin du txoko berriak deskubritzen saiatze horretan. Horrez gainera, baina, beharrezkoa da erakundeen babesa. Haien eginbeharra da euskarazko edozein espaziori prestigioa ematea. Kasurako, Loraldia da euskara hutsean egiten diren jaialdi bakarrenetako bat; ez da arruntena, baina garrantzitsua da halako oasiak iraunaraztea eta horretan sinestea eta eragitea. Etorkizun oparoa ikusten diot euskal kazetaritzari, asko dauka esateko oraindik, eta iruditzen zait saretzeak indarra emango diola.
MOTZEAN
Ahots bat?
Maite Artola.Aktore bat?
Miren Gaztañaga.Eredutzat daukazun kazetari bat?
Maite Asensio.Antzezteko oholtza bat?
Amurrioko antzokia [Araba].Antzeztu nahiko zenukeen pertsonaia bat?
Maria Velascoren testuetako edozein.Bizitzako plazer bat?
Itsasoan urperatzea, olatuen barruan sartzea.