«Tristurak jota hil zen Nemesia, 18 urte zituela»

«Tristurak jota hil zen Nemesia, 18 urte zituela»

Txomin Egiluz historian adituak (Arrigorriaga, 1951) ez du zalantzarik egin Arrankudiagako santa-ren ustezko patuaz aritzerakoan, uste baitu «Nemesia Larrinaga Borde Inkisizioaren garaian jaio izan balitz sutan erreko» zuketela. Sei urte eman ditu Egiluzek Jesu Kristoren agerraldiak izan zituela ziurtatu zuen emakume haren bizitza ikertzen, eta, azaldu duenez, haren historiak Santa Teresa Jesusenaren biografiaren antz handia du. Bataren eta bestearen amaierak, ordea, guztiz desberdinak izan ziren: Santa Teresa Jesusena Eliza Katolikoaren ikono nagusia bilakatu zen; Nemesia Larrinaga, berriz, berehala ahaztu zuten Arrankudiagako herritarrek, eta ez zuten haren bizitzaren arrastorik utzi. 

Nor izan zen Nemesia Larrinaga Borde?

1875. urtean, II. Karlistaldiaren garaian, Jesu Kristo agertu zitzaiola ziurtatu zion Nemesiak Gabriela Borde bere amari. 13 urte zituen orduan. Amari jakinarazi zionez, gerrak milaka hildako eragingo zituela esan zion Jesu Kristok, eta hori eragozteko otoitz egin behar zutela. Urte gutxi batzuk igaro ostean, hilzorian aurkitu zuen Gabrielak alaba, etxeko zoruan botata. Koma luze batetik esnatu ostean, Jesu Kristo berriz ere agertu zitzaiola kontatu zion Nemesiak, eta harekin arrosarioak errezatzen aritu zela. Informazio hori Arrankudiagan eta inguruko herrietan zabaldu zen, eta jendea Nemesia bisitatzen hasi zen, laguntza eske. Orduan jarri zioten Arrankudiagako santa ezizena. 

Nola izan zenuen haren bizitzaren berri?

Arrankudiagako historia ikertzen aritu izan naiz urte askoan. Halako batean, oso egoera txarrean zegoen dokumentu bat aurkitu nuen Bilboko Bidebarrietako liburutegian. Apurtzeko arriskuan zegoenez, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoko liburuzainari eskatu nion zaharberri zezatela. Lan bikaina egin zuten: dokumentua guztiz garbitu eta digitalizatu zuten. Horri esker, Nemesiaren inguruan ikertzeari ekin nion. Izan ere, artxiboetako gainerako dokumentuetan ez da ageri. Francisco Uribarri Elgezua —ezizenez Manzanero edo Profeta— aipatzen dute Barandiaranek eta Caro Barojak, baina Nemesia ez.

Nor izan zen Francisco Uribarri Elgezua?

Apokalipsian sinesten zuen gizon bat izan zen, eta hainbat jarraitzaile zituen. Predikatzen zuenez, azken judizioan salbatua izateko ezinbestekoa zen egunerokoan otoitz egitea eta ondasun materialak bazter uztea. Horrela besterik ezin zuten lortu fededunek zerura iristea. Horrez gain, Tiburcio bere 5 urteko semea Jesu Kristo zela ziurtatzen zuen Uribarrik. Durangoko Artekale kaletik euren etxeko bigarren pisura gora egin zuela zioen, gorputzean eta ariman, Jesu Kristok berak egin zuen bezala. Horren ostean, Durango inguruko herriak bisitatzen hasi zen, eta, halako batean, bere emaztearen bitartez, Nemesiaren ama Gabriela ezagutu zuen. Uribarrik, Gabrielak eta Nemesiak, munduaren amaierari buruz eztabaidatu, eta elkarrekin abiatu ziren inguruko herrietan bizitako agerraldiak predikatzera. Azkenean, Arrankudiagan atxilotu zituzten hirurak.

«Nemesia ahanztura kolektiboaren biktima izan zen. Arrankudiagako eta inguruko herrietako gizartea oso katolikoa zen, eta Nemesiak ez zuen jaso Elizaren babesa»

Zein zen akusazioaren argudio nagusia?

Eskandalu publikoagatik epaitu zituzten. Uribarri izan zen deklaratzen lehenengoa, eta bere semearekin gertatutako guztia kontatu zuen epaiketan. Gabrielak, berriz, Nemesiarekin bizitakoak jakinarazi zizkion epaileari. Nemesiaren deklarazioa, ordea, kontraesanez beterik egon zen. Euskaldunak ziren guztiak, eta, orduan ohikoa ez bazen ere, deklarazioak euskaraz egin ahal izan zituzten, Agapito Ulizar itzultzailearen laguntzarekin. Ulizarrek haien hitzak gaztelerara itzuli zituen, eta, agian, horregatik egon ziren gaizki-ulertuak Nemesiaren bertsioan. Dena den, Nemesiak beti mantendu zuen Jesu Kristok ez ziola esan mundua amaitzear zegoela; milaka hildako izango zirela baino ez zuen ziurtatu.

Zer gertatu zen haiekin epaiketa amaitu ostean?

Epaileak Arrankudiagako alkatearekin hitz egin zuen, eta galdetu zion ea Uribarrik, Gabrielak edo Nemesiak herri horretako biztanleen dirua edo ondasunak eskuratu zituzten iruzurren bitartez. Alkateak ezetz esan zion; are gehiago, kontatu zion herriko apaizari hainbat ardi saldu zizkiotela. Iruzur zantzurik ez zegoenez, libre utzi zituen. Uribarri Durangora bueltatu zuen, eta Gabriela eta Nemesia Arrankudiagan geratu ziren. Hala ere, herritarren babesa galdu zuten guztiek, eta jendeak Nemesia bisitatzeari utzi zion. Tristurak jota hil zen Nemesia, 18 urte zituela.

Eta herriak ahaztu egin zuen? 

Bai. Ahanztura kolektiboaren biktima izan zen. Arrankudiagako eta inguruko herrietako gizartea oso katolikoa zen, eta Nemesiak ez zuen jaso Elizaren babesa. Gainera, haren heriotza ez dago Elizaren artxiboetan erregistratuta, eta horrek esan nahi du hileta elizkizunik ere ez ziotela egin. Ziurrenik, heretikoak lurperatzen zituzten hilerriko aldean lurperatu zuten haren gorpua.