«Ume baino itunpeko ikaspostu gehiago daude Bermeon»

«Ume baino itunpeko ikaspostu gehiago daude Bermeon»

Bermeoko San Frantzisko eskola publikoak eta hartako guraso elkarteak gutun bat bidali diete Eusko Jaurlaritzako lau goi karguduni: Maria Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari, Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariari eta Iñaki Orbe Hezkuntza Saileko Bizkaiko ordezkariari. Gutunean salatu dute itunpeko ikaspostu gehiegi eskaintzen direla herrian, eta agintarioi eskatu diete hori orekatzeko otsailean onartuko duten hiru urterako plangintzan. Bihotza Unanue guraso elkarteko kidearen arabera (Bermeo, 1985), diru publikoarekin itunpeko ikastetxeak lehenesten ari da gobernua.

San Frantzisko eskolak salatu du itunpeko ikaspostu gehiegi eskaintzen direla Bermeon. Zer esan gura du horrek?

Esan gura du Bermeon matrikulatu daitezkeen umeak baino itunpeko postu gehiago eskaintzen direla. Eusko Jaurlaritzak planifikatu egin behar du ikaspostuak nola banatuko diren. Aurreikusten du eskola publikoak zenbat ume hartuko dituen, eta, teorian, horren arabera erabakitzen da zenbat ikaspostu itunduko diren itunpeko ikastetxeekaz, planifikazio aldi bakoitzerako. Orain onartuko da 2025etik 2028rako plangintza. Kontua da Jaurlaritzak ez duela planifikaziorik egiten, baizik eta aurreko urteetatik datorren inertziari jarraitzen diola, eta, ondorioz, herrian dauden ume baino ikaspostu gehiago ituntzen dituela.

Zenbat ikaspostu eskaintzen dira?

2023-2024ko ikasturtean, ikaspostuen %74 itunpekoak izan ziren Bermeon, eta %26 baino ez publikoak. Hau da, 66 ume matrikulatu ziren itunpeko eskoletan, eta 23 ikasle publikoan. Guk diogu gure eskolak, San Frantzisko eskola publikoak, gaur-gaurkoz gaitasuna duela 54 ume hartzeko Haur Hezkuntzako 2. mailan. Baina Jaurlaritzak ez du kontuan hartzen. Aurreikusten du bakarrik 36 ume hartuko dituela. Zergatik? Ez dakigu. Ondorioz, gainontzeko ikaspostuak itunpeko ikastetxeekin hitzartzen ditu. 

Zenbat ume dira?

Errolda datuen arabera, matrikula daitezkeen 98 ume daude. Badakigu denak ez direla matrikulatuko, batzuk etxean geratzen dira eta, besteak beste. Guk uste dugu eskola publikoan 54 ikaslerentzako lekua badago, postu horiek eskaini eta bete behar direla lehenengo, eta gainontzekoak itunpekoen artean banatu. [EAEko Hezkuntza] Legeak hori agintzen du. Legeak berak zehazten du gehiegizko ituntzea segregaziorako bide dela, eta Hezkuntza Saila saiatuko dela ez dadin izan gehiegizko ituntzerik eta eskola publikoaren eskaintza eskasiarik. Baina ez du legea betetzen.

«Itunpekoen gehiegizko eskaintzaren ondorioz, eskualdeko herri txikietako eskolak arriskuan daude»

Zer ondorio ditu horrek?

Itunpeko ikastetxeak saritzea. Bakoitzak hiru lerro ditu, eta desoreka handia sortzen da herrian. Bermeon Bizkaiko desoreka handienetakoa daukagu. Horri gehitu behar zaio demografiaren beherakada: gero eta ume gutxiago daude. 98 umerentzat itunpeko ehun ikaspostu izatea aurreikusten da. Hau da, jaiotzen diren ume guztientzat bermatzen da itunpeko ikaspostu bat, eta diru publikoarekin lagunduta. Ez dugu uste ondo dagoenik. 

Geratzen da baten bat eskola publikora joan gura eta sartu ezinik?

Eskola publikoari ez zaizkio mugatzen ikaspostuak: beti dago lekua. Urtean herrira tantaka ailegatzen diren migratzaile familiak eskola publikoak hartzen ditu. Ez dauka mugarik. Eskola publikora joan gura duen inor ez da geratzen joan ezinik. Kontua da itunpeko ikastetxeetan diru publikoarekin lerroak zabaltzen diren heinean, familia askoren lehen aukera beharbada ez dela eskola publikoa izango. Zenbat eta ikaspostu gehiago eskaini itunpekoetan, orduan eta familia gutxiagok erabakitzen dute publikora etortzea. Segregazioa eta beste faktore batzuk sartzen dira hor, eta gurpil zoro bat da. 

Eskola publikoa ahultzenari dela uste duzue?

Itunpekoen gehiegizko eskaintza honen ondorioz, eskualdeko herri txikietako eskolak arriskuan daude. Eskualdean badaude herri txikiak eskola barik. Foruak ez dauka eskolarik, esaterako. Inguruan itunpeko ikaspostu gehiegi eskaintzen dira, eta jendeak gero eta joera handiagoa badu bere herritik kanpo mugitzeko, eskola publiko asko arriskuan egongo dira. Eskola edo herri handietan, segregazioa arazo gero eta handiagoa da. 

Protesta egiteko asmorik baduzue?

Salaketa Jaurlaritzari egin diogu, gura dugulako berak ipinitako legeak bete ditzala eta eskola publikoa lehenetsi dezala. Baina ez dugu nahi herrian giroa gaiztotzea. Gure asmoa da egoerari buelta eman eta matrikulazio kanpaina indartsu bat egitea. Erakutsi gura dugu gure eskola esaten duten hori baino askoz gehiago dela: bizia da, askotarikoa, euskaldundu egiten du, eta erronka handiak dauzka. Erakutsi nahi dugu gure eskolak merezi duela.