Elkarren artean saretzeko ariketa bat

Elkarren artean saretzeko ariketa bat

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxearen kanpoaldean bildutako gazteak elkar agurtzen ari dira barrura sartu aurretik. Aulkiak eta mahaiak prest daude dagoeneko, eta, mikrofonoa ere ondo dabilela ziurtatu ostean, barrura sartzeko deia egin dute. Gazte batzuek elkar ezagutzen dute lehenagotik, baina badira aurpegi berriak ere. Izan ere, horretara joan dira: gaztetxeen eta gazte asanbladen arteko harreman sareak indartzera, eta mugimendua jasaten ari den polarizazioari buruz gogoeta egitera. Larrabetzuko gaztetxeak aurten 60 urte beteko ditu, eta joan den barikuan egin zuten urteurreneko ospakizunetako lehenengo ekitaldia: Gaztetxeen aldeko borroka mahai ingurua antolatu zuten. Igorreko Kiñu gaztetxea, Durangoko Kaletik gaztetxera dinamika, Zornotzako Matrailu gaztetxea eta Zamudioko Inisitue gazte asanblada aritu ziren berbetan, eta Ibai Furundarena eta Kattalin Barcena Hori Bai gaztetxeko kideek gidatu zuten saioa. Urteurrenaren harira beste hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreratu dute. Besteak beste, Hori Bairi buruzko erakusketa, Horiblaituz asteburua eta Hori Bai eguna.

Herri horietako bakoitzaren testuingurua desberdina da. Igorreko Lurrarinak gazte asanblada, esaterako, 2012an sortu zuten, Jokin Totorika kideak kontatu duenez: «Ohiko aisialdi hegemoniko eta indibidualistatik atera, eta, gazteak kuadrilla moduan antolatu beharrean, elkarren artean saretzea zen asmoa». Handik urtebetera, telebistako plato bat izandako eraikina okupatu zuten, eta, 2014ko apirilean ateak ireki zituenetik, herriari eta eskualdeari hamaika alternatiba eskaini dizkiete. Gaur egun gaztetxea eta gazte asanblada «egoera onean» daudela gaineratu du Amaiur Irazabal kideak: «Militante berri gehiago batu dira, eta horrek gaztetasuna ekarri du; aniztasun handiagoa dago orain asanbladan».

«Militante berri gehiago batu dira, eta horrek gaztetasuna ekarri du; aniztasun handiagoa dago orain asanbladan»

AMAIUR IRAZABALIgorreko Kiñu gaztetxeko kidea

Zornotzako Matrailu gaztetxea duela hiru urte okupatu zuten. Aurrez, baina, herrian beste hainbat gaztetxe egon izan direla zehaztu du Maren Perez asanbladako kideak: «Atzean lanean egon den gazte asanblada oso handia izan da. Borroka horien oinordekoak gara gu». Herriaren erdialdetik «nahiko hurbil baina periferiko» dago duela hiru urte okupatu zuten pabiloia, eta herriko gazteak «politizatzea» du helburu. Hala ere, Perezek salatu du kanporatuak izateko mehatxupean bizi direla beti.

Durangon eta Zamudion egoera ezberdina da: ez dute gaztetxerik. Durangoko Sorginola gaztetxea 2022an eraitsi zuten, eta, ordutik, halako beste gune bat eskuratzeko beharra antzeman dute herrian. «Gaztetxe baten proiektu barik, ez dago gazteak herrian antolatzerik», adierazi du Mario Telletxea asanbladako kideak. Kaletik gaztetxera izeneko dinamika jarri zuten abian orduan, eta iazko abenduaren 6an Durangoko postetxe zaharraren eraikina okupatu zuten. Baina, handik egun batzuetara, udalak salaketa bat jarri zuen, eta gazteak eraikinetik kaleratu zituzten. «Astebete iraun genuen…», esan du Telletxeak Larrabetzun, baina, nabarmendu duenez, hori ikusi eta kikildu beharrean, saretzen jarraitzen dute: «Gaztetxe bat eduki ez arren, gure jardunaren planteamendua bera da oraindik».

«Zamudioko gazteok ez dugu biltzeko lekurik: lokal bat behar dugu ekintzak egin ahal izateko»

MAIDER ARETXEBALETAZamudioko Inisitue gazte asanbladako kidea

Zamudioko gazte asanbladak 30 urte beteko ditu aurten, baina batzeko lokalik ez izateak egoera zaildu egiten duela uste du Maider Aretxabaleta kideak: «Gazteok ez dugu biltzeko lekurik herrian: lokal bat behar dugu ekintzak egin ahal izateko». 2008an, udalak lokal bat utzi zien, baina gazteek ez zuten giltzarik eskuratzeko baimenik: «Udalarekin bilera batzuk egin ostean, akordio batera iritsi ginen: urtebetez, monitore bat egongo zen gurekin lokalean, eta, dena ondo joanez gero, giltzak guretzat izango ziren. Oraindik ez dugu lokaleko giltzarik, eta ez ditugu izango». Gazte asanblada pixkanaka indarra hartzen hasi zen, eta 2018 inguruan herrian gaztetxe baten beharra zegoela ikusi zuten: «Bilera bat egin genuen, eta 30 gaztetik gora elkartu ginen; batzeko beharra zegoen herrian. Gorantza egiten hasi ginenean, baina, pandemia iritsi zen». Orain, berriro martxa hartzen ari da gazte asanblada. «Jende berri asko batu da taldera, eta etenik gabeko jarduera bat dugu». 

Kanpo eta barne gatazkak

Lau herrietako egoera desberdina den arren, mahai inguruko parte hartzaileek ondorioztatu dute antzeko problematikak jasaten dituztela guztiek. Udalarekin duten harremana izan da Larrabetzuko saioak iraun duen bi orduetan gehien errepikatu dituzten auzietako bat, kasurako. 

Aiala Lezika Zamudioko Inisitue gazte asanbladako kideak nabarmendu du «berpizkunde momentu batean» dagoela gaur egun taldea, baina iruditzen zaio eremu baten faltak «erabat» mugatzen diela jarduna: «Gela bat lortzeko edo edozein jarduera egiteko, baimena eskatu behar dugu, eta udalak, erraztasunak eman beharrean, oztopoak jartzen dizkigu. Trabak baino ez ditugu jasotzen haren aldetik». Zornotzako egoera ere antzekoa dela esan du Perezek: «Zornotzako Udala etengabe ari da gu izorratzen: udaltzainen jazarpena sekulakoa da gaztetxearen kontra, argia eta ura mozten dizkigute, edozein egitarau gauzatzeko zailtasunak jartzen dizkigute, kalean hainbat egitasmo egitea debekatu izan digute, jaietan ez digute txosna jartzen utzi… Ez daukagu diru laguntzarik, eta halako diru iturriak ezinbestekoak dira guretzat».

«Estatu burgesen koordenatuetatik kanpo antolatzen den edozer da jazarria eta zapaldua»

MARIO TELLETXEADurangoko Kaletik gaztetxera dinamikako kidea

Durangon ere ez zen ona udalaren eta gazte asanbladaren arteko harremana, baina, hustearen harira, okerrera egin du egoerak. «Estatu burgesen koordinatuetatik kanpo antolatzen den edozer da jazarria eta zapaldua», salatu du Telletxeak. Perezek bat egin du adierazpen horrekin: «Euren markoetatik kanpo antolatzen garelako jazartzen digute. Badakite zer-nolako indarra dugun, eta beldurra dute eraiki ahal dugun horrek euren ordena guztia zalantzan jartzen duelako». Bide horretan, argi dute gazte asanbladak direla konponbidea. «Gure beharren, nahien eta egonezinen araberako aisialdi eredu bat planteatu behar dugu», azpimarratu du Telletxeak.

Kanpoko harremanetan ez ezik, barne gatazketan ere jarri nahi izan du arreta Totorikak: «Ekintzak antolatu besterik ez dugu egiten asanbladetan, eta ez gara horrenbeste zentratzen gure arteko harremanak sendotzean, gatazkak konpontzean… Azken urtean garrantzi handiagoa eman diogu alde horri, eta oso positiboa izan da». Bide horretan, taldera gazte gehiago batzea onuragarria izan dela uste du Irazabalek: «Igorreko herri mugimendua nahiko sektarioa izan da beti, gazte kapa batera mugatuta egon da. Gero eta gazte gehiago batzea nahi dugu, taldea pluralagoa izateko». 

Elkartasuna helburu

Herrian bertan antolatzetik harago, herriak elkarren artean saretzea ere aberasgarria dela ondorioztatu dute lau gaztetxe zein gazte asanbladetako parte hartzaileek. Elkartasuna hartu dute ardatz, eta, mahai inguruaren amaieran, elkarrekin harremanetan jarraitzeko helburu argia azaldu dute. «Elkarren artean batu behar dugu: gure eremuak defendatu eta aurre egin jazarpenari», esan du Perezek.

«Elkarren artean batu behar dugu: gure eremuak defendatu eta aurre egin jazarpenari»

MAREN PEREZ Zornotzako Matrailu gaztetxeko kidea

Gaztetxeen eta gazte asanbladen beharrezkotasuna ere nabarmendu nahi izan du Telletxeak: «Panorama gero eta gordinagoa den honetan, gaztetxeek eta gazte asanbladek funtzio garrantzitsua betetzen dute. Asko kostatzen da belaunaldi berrietara heltzea eta gure jarduna aurrera ateratzea, baina garrantzitsua da gogoz eta ilusioz ekitea». Herrietako gazte asanbladetara batzeko deia zabaldu du Lezikak: «Jende berria ezagutzeaz gainera, gauza pila bat ikasten dira gazte asanbladetan». Oztopoen gainetik, beraz, argi dute ez dutela etsitzeko asmorik.