Bizkaiko sagardogileek %17 gutxiago ekoitzi dute aurten

Bizkaiko sagardogileek %17 gutxiago ekoitzi dute aurten

Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak lurraldeko txotx garaia abiatu zuen martitzenean, Zornotzako Uxarte sagardotegian. Denera 83.000 litro sagardo ekoitzi dituzte, iaz baino %17 gutxiago. Eguraldiari egotzi dio beherakada Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko Sagardogileen elkarteko presidenteak: «Oso ezohiko eguraldia izan genuen iaz». Ekitaldian, Izaro Andres musikariak zabaldu zituen upelak, hura izango baita aurtengo enbaxadorea.

Zamalloak azaldu duenez, joan den urtea «gorabeheratsua» izan zen eguraldiari erreparatuta, eta horrek zuzenean eragin du uztan: «Negua nahiko epela izan zen, eta hori ez da ona frutagintzarako. Udaberrian aspaldiko loraldirik onenetakoa izan genuen, baina loraldiaren erdian euri asko egin zuen, eta horrek eragin nabarmena izan zuen». 

«Udaberrian aspaldiko loraldirik onenetakoa izan genuen, baina loraldiaren erdian euri asko egin zuen, eta horrek eragin nabarmena izan zuen»

JOSE ANTONIO ZAMALLOABizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidentea

Beraz, «espero baino uzta txikiagoa» izan duten arren, «kalitate onekoa» dela azpimarratu du elkarteko presidenteak: «Prozesatu den sagarra ondo dago». Nabarmendu du aurtengo sagardoak iazkoaren «antzeko ezaugarriak» dituela: «Kolore argia du, eta egituratua eta orekatua da». Hori lortzeko, esan du «ezinbestekoa» dela urte osoan sagastiak ondo zaintzea: «Sagastiek baldintzatzen dute sagardoaren bilakaera. Oso garrantzitsua da gure sagastiak mimatzea eta errentagarritasunari erreparatzea».

Kontsumitzaileen txanda

Izaro Andresek urte osoan ordezkatuko du Bizkaiko Sagardoa. Musikariak esan du «ohorea» dela aitortza hori jaso izana: «Ilusio handia pizten dit hemen egoteak. Oso polita da. Denboraldi hau oparo gozatuko dugu,  eta osasunagaz».

Sagardo garaia abiatuta, kontsumitzaileen babesa behar dute orain. «Funtsezkoa da kontsumitzailearen babesa eta konfiantza izatea produktu honen alde lanean jarraitzeko», adierazi du Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidente Zamalloak. Era berean, azpimarratu du sagardo ekoizpenak tokiko ekonomia sustatzen duela, hau da, lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituela.

77

zenbat hektarea sagasti dauden Bizkaian. Bizkaiko 38 ustiategi daude Bialka Bizkaiko Frutazainen Elkartean, eta 77 hektarea sagasti dituzte denen artean.