Begiak itxi eta arnastea nahikoa da ohartzeko aukera anitz dagoela gure eskura une oro; denborarekin batera etengabe irekitzen eta ixten zaizkigun ateak daudela. Sentsazio polita da, baina estresa ere eragin dezake, ate bat zeharkatzeak beste batzuk atzean uztea dakarrelako. Sarritan pentsatu dut ikaragarria litzatekeela bikoizteko ahalmena eskuratzea, geure buruaren kopia berdin-berdina dena sortu eta aldi berean existitzea. Kopia bat edo ehundaka kopia. Nahiko argi daukat askori zenbait buruhauste aurreztuko lizkigukeela, denera helduko ginateke eta.
Gaur arratsaldeko lauretan atera naiz lanetik, eta sarritan gertatzen zaidan bezala, bidegurutze bat agertu da nire garunean, hiruzpalau irtenbide ezberdin dituena. Zein baino zein erakargarriagoa. Egun intentsoak izan ditudanez, nire asmoa etxera joatea zen, erlaxatu eta gauza handirik egin gabe egotea. Kotxera bidean nindoala, aldiz, pentsatu dut neska-lagunari dei egin eta bisita espres bat egitea ideia ona izan zitekeela, azken egunetan ez baitugu elkar ikusi. Eserlekuan eseri bezain pronto konturatu naiz gorputza nekatuta sentitzen nuela, eta, horri buelta emateko, inkongruentea dirudien arren, kirol pixka bat egitea ezin hobeto letorkidakeela: batik bat, betiko lagunekin padel partida bat jokatzera joatea.
Kotxea abian jarri gabe, sarritan bezala, zalantzen errotondan sartu, eta bueltaka hasi naiz nondik aterako asmatu nahian. Martxa bat gora, martxa bat behera, baina, ia zorabiatzeraino, borobilean bueltaka. Irteera guztiek dute nolabaiteko zentzua, eta denek dute erakartzen nauen zerbait, baina minutuak aurrera doaz eta erabaki egin behar da, oraindik ez baitut bikoizte-teknika dominatzen. Eta, behin hautua eginda, ez dago atzera-bueltarik.
Jadanik ez dago inor zer egin esango digunik, ez daukagu nori errua bota okertzen garenean. Aske izatea ederra da, baina ez da erraza askatasuna bere horretan ulertzea eta praktikatzea. Ez niretzako, behintzat.
Jadanik ez dago inor zer egin esango digunik, ez daukagu nori errua bota okertzen garenean. Aske izatea ederra da, eta ezinbestekoa norbere barne-hazkundea sustatzeko, baina ez da erraza askatasuna bere horretan ulertzea eta praktikatzea. Ez niretzako, behintzat. Tankera horretako hitz potoloekin mintzatzen gara sarritan, bere esanahi sakona benetan ulertzen ez dugun arren. Sinpleagoa litzateke une oro zer egin esango baligute aurikular txiki batetik, hautatutakoaren erantzule izan gabe ibiliko bagina bizitzatik. Erosoagoa litzateke egunen joana: aginduei jarraiki, kotxe automatikoan mugituko ginateke batetik bestera, erabaki soil bat ere hartzeko beharrik gabe.
Ordea, argi dago bizitza erabaki txikiz eta handiz eraiki behar duela norberak, bestela motorra piztu gabe mugituko ginatekeelako. Erabaki eza da hauturik okerrena, nire ustez: bolanteari bihotzik gabe eustea, alegia. Okerrik ez egitea ezinezkoa denez, hobe nuke agian balazta pixka bat askatu eta errotondako irteera berrietatik ateratzea probatuko banu, bide zuzena dela sinistuta. Eta datorrenari ilusioz erantzun. Buruan dudan segurtasun falta neure buruarekiko konfiantza bilakatuz.
Etxera joan naiz azkenean. Aitzitik, barne irratiaren bolumena baretu zedin neska-lagunari dei egin diot bidean zehar, eta kirol pixka bat ere egin dut etxera iristean.