Bakioko bizilekuen %61 dira bigarren etxebizitzak

Bakioko bizilekuen %61 dira bigarren etxebizitzak

​Azken urteotako gatazka nagusietako bat bihurtu da etxebizitzarena Euskal Herrian: geroz eta zailagoa da bizileku bat eskuratzea, udalerria edozein dela ere. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: enplegu iraunkor baten falta, esate baterako. Dena den, bada herritarrak kezkatzen dituen bestelako aldagai bat ere: prezioak. Egoeraz jabetuta, herriko etxebizitzaren egoera aztertzeko diagnostiko bat landu du Bakioko Udalak, eta, Amets Jauregizar alkateak nabarmendu duenez, «larria» da egoera udalerrian: Bakion dauden 3.275 etxebizitzetatik %61 dira bigarren etxebizitzak, eta horrek baldintzatu egiten du merkatua, haren ustez. Herriaren neurriko etxebizitza politika bat garatzea izango da udalaren lehentasuna aurten.

Maiatzean hasi ziren aztertzen Bakioko etxebizitzaren egoera. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak tentsio handiko eremu izateko baldintzak betetzen dituzten herrien zerrenda kaleratu zuen, baina Bakio ez zen horietan agertzen. «Antza denez, Bakioko datuak falta zitzaizkien azterketa egin ahal izateko, eta, ondorioz, ez zuten herriaren egoera aztertu», dio Jauregizarrek. Datu errealen bila, lanean hasi ziren euren kabuz: «Bagenekien etxebizitzaren egoera larria dela Bakion, baina erabakiak hartzen hasi aurretik errealitatearen inguruko informazio objektibo eta zehatza behar genuen». Laurogei orrialdeko txosten bat izan da emaitza: «Aldagai asko neurtu dira, eta ondorio nagusia da Bakioko herritar askok ez dutela etxebizitza eskuratzeko erarik. Hau da, etxebizitza ez dagoela bermatuta udalerrian». 

«Bakioko herritar askok ez dute etxebizitza eskuratzeko erarik. Hau da, etxebizitza ez dago bermatuta udalerrian»
AMETS JAUREGIZARBakioko alkatea

Azken 25 urteetan, asko handitu da Bakioko biztanleria: %47 egin zuen gora biztanleriak lehen hamarkadan, eta %7, berriz, azken hamar urteotan. Alabaina, etxebizitza guztien artean %39 baino ez dira lehen etxebizitza moduan erabiltzen. Horrez gainera, diagnostikoaren bitartez ikusi dute herritarren «ehuneko handi batek» euren diru sarreren %30 baino gehiago bideratzen dutela etxebizitzako gastuetara: «Egoera larria da».

Elkarlanean ari dira

Egoerari irtenbideak ematen hasteko, urtarrilaren 8an diagnostikoaren emaitzak aurkeztera joan ziren udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailera. Izan ere, Jauregizarren hitzetan, ez da udala erabakiak hartu behar dituen erakunde bakarra: «Udalak herri garapena ahalbidetzen du plangintza baten bitartez, baina konponbidea ez dago Bakioko Udalean; beste erakunde batzuek ere badute zeresana. Elkarlanean garatu behar ditugu politika publikoak».

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bitartez, epe ertainerako eta luzerako neurriak zehazten ari da, oraingoz, Bakioko Udala. Etxebizitza turistikoak erregulatzea da helburuetako bat, alkateak aurreratu duenez. Izan ere, gaur egun, erabilera turistikorako 133 etxebizitza daude Bakion. «Baina argi dago beharrizan bat dugula epe laburrera begira», adierazi du. Eusko Jaurlaritzarekin Bizigune programa sinatzea da aukeretako bat: jabeek Jaurlaritzaren esku uzten dituzte etxeak, eta hark jartzen ditu alokairuan. «Hori izan daiteke laster hartuko ditugun erabakietako bat, baina, aurrez, badugu asmoa Bakioko komunitateagaz hausnarketa kolektibo bat abiatzeko».

datuak

447.920

 

zenbat euro balio duen batez beste etxebizitza batek Bakion. Bakioko Udalaren diagnostikoaren arabera, iaz 25 etxebizitza egon ziren salgai udalerrian, eta horien batez besteko prezioa 447.920 euro izan zen.

1.800

 

zenbat euro balio duen batez beste etxe bat alokatzeak Bakion. Iaz hamabi etxebizitza alokatzeko aukera egon zen udalerrian, eta horien batez besteko hileko prezioa 1.800 eurokoa izan zen. Etxe horietako gehienen alokairua 1.000 eta 1.500 euro artekoa izan zen, baina etxebizitza horien laurdenek 3.000 eurotik gorako prezioa izan zuten.