Herritarrek ekoizleen lana ezagutzeko eta ulertzeko gida bat kaleratu du Bizkaiko EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuak: Elikatzeko gida osasuntsua, bidezkoa eta iraunkorra baserritar begirada batetik. Sindikatuaren arabera, «galdu» egin da elikagaien gaineko «burujabetza, kontzientzia eta kontrola», eta hori berreskuratzea du helburu. Ekoizleen esperientziak hartu ditu oinarri, eta lau ataletan banatu du dokumentua. Bizkaiko EHNEren webgunean eskura daiteke.
Elikadura osasungarri eta seguru bat izatea «funtsezko eskubidea» dela dio gidak, eta horretan jartzen du arretarik handiena. Izan ere, azken urteotako bizi erritmo azkarraren ondorioz, «tramite hutsa» bihurtu da elikatzea, EHNEren arabera: «Duela 50 urte gertuko produktuak hartzen genituen, sasoiko elikagaiak identifikatzeko gai ginen… Belaunaldiz belaunaldi irakatsitako elikadura kultura bat zegoen. Tradizio hori galdu egin dugu pixkanaka».
Banatzaile handien ekoizpen sistema «intentsiboak eta industrialak» izan du eragina herritarren ohitura aldaketetan, gidan azaldu dutenez: «Urte gutxian, munduko edozein lekutan modu industrialean eta ingurumen irizpiderik gabe ekoitzitako produktuak kontsumitzera igaro gara». Era berean, elikagaiak garestitzearen ondorio ere izan dela iruditzen zaio Bizkaiko EHNEri: «Ondo elikatzea garestiagoa den ideia sortu da. Ondo elikatzea ezin da garestiagoa izan. Sistema kapitalista basati batean bizi gara, eta horrek kontsumoa eta merkatu askea erabiltzen ditu estortsio egiteko tresna gisa. Izan ere, modu konpultsiboan eta neurrigabean kontsumitzera behartzen gaitu».
Gidaren bidez, ekoizleentzat eta kontsumitzaileentzat «prezio bidezkoak» aldarrikatu ditu herrialdeko EHNEk, eta gertuko komertzioetan erostearen garrantzia nabarmendu du: «Baserritarrek elikatutako gizarte bat nahi dugu, ez bi edo hiru makroindustriaren menpe dagoena». Baina badu kezka bat: lekukoa hartuko duen jendea falta zaie. Horri konponbidea eman eta ekoizpen eredu iraunkorragoen alde egin ezean, etorkizuna arriskuan ikusten du: «Politika publikoak eta kontsumitzaileen konpromisoa behar ditugu aurrera egin ahal izateko».
Mitoak deseraikitzen
Zenbait elikagairen inguruan dauden mitoak ere deseraiki dituzte gidaren bitartez: arrautzak, esnea, irina… Izan ere, EHNEk uste du elikagai bakoitza nola produzitu den aztertzea dela garrantzitsuena: «Markaz harago begiratu beharko genuke, eta ikusi eredu bakoitzaren eta kasu bakoitzaren atzean zer dagoen, non egiten duten, nola egiten duten eta nork egiten duen». Horri aurre egiteko, «kontsumo irizpide berriak» sortu behar direla nabarmendu dute, «elikaduraren kontrola berreskuratzen hasteko».
HOBETO ELIKATZEKO HAMAR IRIZPIDE, EHNE-REN ARABERA
Ohiturak aldatu. Herritarrek elikadurari zenbat denbora eskaintzen dioten hausnartzea da lehen irizpidea. Egun osoa alde batetik bestera igaro ostean, supermerkatuan erosteko joera dago, denbora aurrezten delakoan. Ohiturak aldatzeko ahalegina egin behar da, eta elikadurari behar duen denbora eta garrantzia eman. Zaila da elikagai osasungarriak eta iraunkorrak eskuratzea, baina bide horretan urrats txikiak eginez joatea da gakoa.
Gizarte eredua defendatu. Elikagaiak erosterakoan, bezeroa zein gizarte eredu babesten ari den erabakitzen ari da: kutsatzen duen, bioaniztasuna txikitzen duen eta ekoizleak esplotatzen dituen eredua dago, batetik; eta baserritar txikiak babesten dituen, lurraldea zaintzen eta kudeatzen duen, eta elikagai osasungarriak, iraunkorrak eta tokikoak ekoizten dituen eredua dago, bestetik.
Informazioa eta prestakuntza. Gizartean gero eta informazio interesatu gehiago dago, eta horrek nahasmena eragiten du herritarren artean. Bizkaiko EHNEk laguntza eta informazioa eskaintzen ditu elikagai osasungarriak eta iraunkorrak lortzeko bidean.
Gertutasuna eta zirkuitu laburrak. Gertuko elikagaiak beti izango dira iraunkorragoak. Modu industrialean ekoizten dituzten elikagaien ordez, elikagaien zirkuitu laburren alde egin behar da: merkatuak, harategiak, kooperatibak… aukera hobea dira erosketak egiteko.
Kalitatezko markak. Jatorri izendapenari esker, hitza eta botoa dute baserritarrek. Zoritxarrez, baina, elikagai batzuetan bezeroek irizpide estetikoak lehenesten dituzte ekoizpen irizpideen aurretik. Garrantzitsua da markaren atzean zer dagoen eta produktua nola ekoitzi den jakitea.
Ekologikoa edo tokikoa. Produktu ekologikoak erosi ohi dituzten pertsona askok zalantzak izaten dituzte elikagai ekologiko baten eta ziurtagiririk gabeko tokiko elikagai baten artean aukeratzerakoan. Produktu ekologiko batek, berez, tokikoa izan behar du. Horregatik, ekologikoa lehenetsi daiteke, baldin eta tokikoa bada.
Sasoiko elikagaiak. Elikagaien sasoikotasuna berreskuratu behar da; batez ere, frutei eta barazkiei dagokienez. Ezaugarri organoleptiko hobeak eta nutriente guztiak dituzte sasoiko elikagaiek.
Jar ezazu baratze bat zure bizitzan. Modu osasungarriagoan elikatzeaz gainera, lurrarekin, auzoarekin… konektatzen ere laguntzen dute baratzeek.
Gehiago egin sukaldean. Hobeto elikatzeko, sukaldean gehiago egin behar da. Asko konplikatu gabe, jaten diren elikagaiak prestatzen denbora ematea da gakoa.
Oro har. Hobetsi sasoiko elikagaiak, hobe freskoak prozesatuak baino, gehiegizko ontziak saihestu, etiketak irakurri, tokiko produktuak lehenetsi…