Tuper bat

Tuper bat

​Zopa ekarri dizut». Edo, azkar sendatzea nahi dut. 

Gripeak jota dago Euskal Herri erdia, eta etxeko besaulkiak zu ez irenstearekin nahikoa duzunean, salda beroa ekarriko dizun norbait hurbil izatea garrantzitsua da. Litro bete zaintza da beharrezkoa, geroz eta ahulagoa den osasungintza publikoak gainezka egin eta gaztea eta patologiarik gabea bazara. Gaixotzen garenean bakarrik gogoratzen bagara Osakidetzaz, ezinezkoa da egoerak hobera egitea; baina neu ere, ondoezik sentitu naizenera arte ez nengoen horretan pentsatzen.

«Aste osorako purea egin dut». Edo, arazoa ez zarela zu esan nahi nizun.

Urte bukaera osoa gorputzak eskatzen didana baino gehiago jaten eta edaten pasatu ostean, urte hasieran garbi jan nahi izaten dut. Barruak hori eskatzen dit. Barruak edo gizarteak, neuk ere ez diodalako kanon batzuetan sartzeari izkin egin. Uste duzu nerabezaroarekin batera pasatu zitzaizula zure gorputza ez maitatzearen etapa, baina aste osoan gauza bera afalduko duzula jakin eta barrua lasaitzen zaizu; handik ordu erdira mugitzen zaizkizu tripak zergatik lasaitu zaren pentsatzean. Eskerrak purea egin duen pertsona bera heldu den pizza afaltzeko planarekin eta jatekoak kriminalizatzeari utzi diodan.

«Arroza daukat, gurean bazkaldu nahi duzu?». Edo, gastuak partekatzeko prest?

Abenduan, azaroan genuen baino gehiago gastatzen aritu gara seguruena. Zure inguruko guztiek opariak egiten badituzte, ez zara zu gutxiago izango; besteak bidaia handietara badoaz, zuk gutxienez txiki bat egin nahi duzu… Urtarrilean, ostera, kontu korrontea eta despentsa, biak hutsik. Iraungitze daten esklabo bakartiok asko estimatzen dugu gurekin mahaia partekatuko duen norbait.

Aurreko astean guraso izan berri den lagun batekin batu nintzen, eta esan zidan momentu honetan egin ahal zaion oparirik handiena hozkailu bete prestatutako janari dela. Etxera orduko eman nahi izan nion lapikokoa, baina ez neukan tuperrik.

Nori ez zaio gustatzen berak ez beste batek prestatutako otordua izatea astelehenerako?

Ez neukan, nire etxeko ontzi garden guztiak beste norbaiten etxean zeudelako. Hitzekin garden «estimuan zaitut» esaten ez dakigunok, «maite zaitut» esateko beste era batzuk garatu behar izan ditugula ulertu nuen kolpera.

Ez dit inork sukaldean aritzen erakutsi; are gehiago, nahiko nahas-mahas sortu izan dut errezeta bat txukun platereratzeko, baina, jangarria bada, partekatzeko ohitura dut. Maitasuna adierazteko modu bat da. Bakoitzak bere komunikatzeko erak garatu ditu, eta hau da nirea. Beraz, inoiz zuretzat kozinatu badut eta hitzok irakurtzen ari bazara, jakin niretzat garrantzitsua zarela.

Urtarrila berez da gogorra; leuntzeko gozokiak gure esku daude, ordea. Barikua da gaur. Bihar, San Antontxu: seguru izango duzula Mungian azokara agertu eta taloa partekatzeko lagunen bat, edo, kontrara, jende asko dagoen tokitik alde egin eta isiltasunaz gozatzen lagunduko zaituen santarik. Trankil deitu, eta, ez badakizu maite duzula garbi esaten, eramaiozu tuper bat. Nori ez zaio gustatzen berak ez beste batek prestatutako otordua izatea astelehenerako?