«Kultura desberdinetako ahotsak bildu ditut, eta irakurleei eskaini»

«Kultura desberdinetako ahotsak bildu ditut, eta irakurleei eskaini»

​Gizartea hobetzeko jarraibideak biltzeko helburuarekin, Gizarte dialogikoa liburua argitaratu zuen duela hiru urte Ramon Flecha soziologo eta irakasleak (Bilbo, 1952), gaztelaniaz. Arazoak dialogoaren bitartez konpontzeko aldarrikapena egin zuen, eta, ESA Europako Soziologia Elkarteak hainbatetan ziurtatu duenez, diziplina horretako liburu onenetariko bat da. Elkar argitaletxeak euskaraturik argitaratu du. Durangoko Azokan aurkeztu zuten testuaren euskarazko online bertsioa, eta 1.300 deskarga baino gehiago izan ditu geroztik. «Liburua euskaratzea plazer hutsa izan da niretzat, ohorea. Oso harrera ona izan du, gainera», aitortu du Flechak. Hain justu, liburuak irakurleei interesa handia piztu diela ikusita, paperezko edizioa atera eta salgai jarri du Elkarrek. 

Liburua beste hizkuntzaren batera itzultzeko asmoa duzu?

Bai. Munduko Soziologia Kongresuko aurtengo eztabaida herrialde arabiarretako gatazkei buruzkoa izango da. Hain zuzen ere, kongresu horretako presidente ohia palestinar-siriarra da, errefuxiatu esparru batean jaio zen, eta behin baino gehiagotan azpimarratu zuen horren inguruan aritu beharra. Eta hala egingo dugu aurten. Gizarte dialogikoa izango da kongresuaren beste ardatza, eta, beraz, liburua arabieraz ere argitaratzea erabaki dugu.

Zein da Gizarte dialogikoa liburuaren oinarria?

Dialogoan eta horren inguruko teorietan oinarritutako liburua da; horregatik izan du eragin handia nazioartean. Munduan gertatzen ari diren gatazkak dialogoaren bitartez konpontzeko aldarrikapena gero eta ohikoagoa da, baina guk geuk ere halako negozioazioei aurre egin behar diegu eguneroko bizitzan. Etxeko lanak nork egingo dituen erabakitzeko, adibidez. Alde horretatik, Bilboko gizartetik jaiotako testua da. Askotan zaila da atzerrian aurkitzea euskal gizartean ditugun dialogo tresnak.

Zientziaren eta soziologiaren arteko nahasketa da testua. Zeini gomendatuko zenioke?

Oro har, egungo gizarteak interes handia du zientzia arloan. Zientzialarien eginkizuna da, beraz, herritar guztiek ulertzeko moduko hizkera erabiltzea halako liburuetan, nahi duen orok irakur ditzan. Gizarte dialogikoa maila aurreratuko liburua da, baina gizarte orokorrari zuzentzen zaio, azalpen zehatzak, kaleko hizkera eta eguneroko bizitzako adibideak erabiliz. Hori guztia eratzeko, gainera, nik neuk familiarekin edota kuadrillakoekin bizi izandako esperientzietan eta haiekin izandako elkarrizketetan oinarritu naiz.

«’Gizarte dialogikoa’ liburuak edozein motatako gizarteetan gerta daitezkeen egoera unibertsalak biltzen ditu, eta munduari buruz daukagun ikuspegia aldatzeko balio dezake»

Gizartea hobetzeko helburua du liburuak. Zer aldetatik?

Ikerkuntzaren arloan, Europako Batzordeak urteak daramatza garapen iraunkorrerako helburuak alde batera uzten. Helburu horiek nazioartean eragina izango dutela kontuan hartuta, mundu osoko gizarteak hobetzeko erabilgarria izango den liburu bat sortzea izan dut helburu nagusi. Horretarako, hainbat herrialdetako pertsonekin hitz egin dut, dela foroetan, dela aurrez aurre. Kultura desberdinetako ahotsak bildu ditut, eta irakurleei eskaini, soziologiarekin lotutako kontzeptuak errazago uler ditzaten. Gainera, herrialderik aberatsenetan zein pobreenetan aplika daitezke gizartea hobetzeko liburuko jarraibideak.

Zaila izan da hainbeste kultura desberdin liburu bakar batean elkartzea?

Ez. Liburuak edozein motatako gizarteetan gerta daitezkeen egoera unibertsalak biltzen ditu, eta, alde horretatik, munduko beste herrialde batzuei buruz daukagun ikuspegia aldatzeko balio dezake. Ikuspegia aldatu diot, ez deseraiki. Hain zuzen, deseraiki hitza erabiltzea ez zait batere gustatzen: nazismoaren ideologoek sortutako kontzeptu bat da. Arazoa da jende askok ez dakiela hori, gero eta gutxiago irakurtzeko ohitura dagoelako; zientzia eta soziologia arloko adituen artean ere bai. 

Zelako eragina du horrek gizartean?

Diziplina desberdinetako irakasleek irakurri ez dituzten testuak lantzeko eskatzen diete ikasleei, eta horrek ezjakintasuna sortzen du. Merli telesaila izan da Euskal Herriko gazteek gehien ikusi dutenetako bat. Filosofiako kontzeptuetan eta arau orokorra apurtzen duten sexu harremanetan oinarritzen da telesail hori, baina aipatzen dituzten teoria zientifikoak ez dira guztiz zuzenak. Eta ikasleak ez dira hori identifikatzeko gai. Ez dut esan nahi halakoak kontsumitzea gaizki dagoenik, baina kritikoak izan beharko genuke ikusten ditugun edukiekin.

Horren inguruko eztabaidak izan dira adituen artean?

Bai. Behin, zientzia kongresu batean, soziologia liburu baten inguruan eztabaidatzeari ekin genion. Halako batean, aulkitik altxatu eta bertaratutakoei galdetu nien ia liburua osorik irakurrita zeukaten. Ezetz erantzun zidaten gehienek. Beraz, nola eskatuko diegu gure ikasleei guk geuk amaitu ezin ditugun liburuak irakur ditzaten?