Bidaia bat da Hitzen bila erakusketa, Sonia Rueda (Barakaldo, 1964) artistaren hitzetan. Euskarazko berbak abiapuntu hartuta, hitzak, irudiak eta poesia uztartu ditu erakusketa bakarrean. Martxoaren 23ra arte ikusi ahal izango da, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan. Erakusketarekin batera, Hitz polit gehiago liburua ere argitaratu du artistak.
Egilearen Hitz politak liburua da erakusketaren abiapuntua (autopublikazioa, 2022). Euskara ikasteko prozesuan, ederrak iruditu zitzaizkion hitzak apuntatu zituen Ruedak: pintura ikasleek aipatzen zizkiotenak, tabernan entzuten zituenak… Laurehun bat bildu zituen denera, eta horietako 160 bildu zituen liburuan. Iaz, Hitz politen soinuak eta zeinuak erakusketa ondu zuen Bilboko Foru Liburutegian, eta haren jarraipen bezala uler daiteke oraingoa.
Museoaren sarreran, gelaurre batek egiten dio ongietorria bisitariari. «Bisitariak erakusketan ikusiko duenaren lagin moduko bat da», kontatu du Ruedak. Artistaren hiru marrazki daude bertan erakusgai, Miren Agur Meaberen olerki batekin lagunduta. Gaztetako Rueda irudikatu du Meabek olerkian, artistak kontatu duenez: «Miren Agurren irudipenetik abiatuta, nire txikitako erretratu moduko bat egin du».
Sonia Ruedaren ‘Hitzen bila’ erakusketaren gelaurrea, artxiboko irudi batean. SONIA RUEDA
Erakusketa bera hirugarren solairuan dago. 50 pieza inguru biltzen ditu, eta hiru zatitan banatuta dago: Hodeiak, Eraikuntzak eta Sustraiak atalak bereizi ditu. «Bisitariak erakusketa gelara sartutakoan, paisaia horrekin topo egitea nahi dut: buruan hodeiak nabaritzea, eraikinak erdialdean eta sustraiak azpitik», esan du Ruedak. Finean, unibertso bat sortzea izan da artistaren helburua, bere autobiografia oinarri gisa hartuta: «Ohartu naiz konstante autobiografikoa hortxe dagoela beti nire lan prozesuan, eta, proiektu honetan, are nabarmenagoa eta kontzienteagoa da hori. Ikusleak esperientzia unibertsal batean murgiltzea da nire asmoa».
‘Hitzen bila’ erakusketako hiru pieza, abenduaren 18ko irudi batean, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hodeiak atala da erakusketaren abiapuntua. «Hodeiek markatzen dute ibilbidearen hasiera. Airean dagoena ekartzen du gogora: ukiezina edo desiragarria dena, ilunak eta distirak». Erdialdean, berriz, Eraikuntzak atala jarri du, nahita: «Erdibideko espazioak daude hemen. Horietan daude gure habitatak eta babeslekuak, modu artifizialean edo naturalean». Sustraiak atalean, berriz, lurrera lotzen duten elementu kulturalak, sentimentalak eta fisikoak bildu ditu: «Barrutik sortzen dena sostengatzen eta elikatzen duten zimenduak dira». Hala, euskarazko hitzetatik harago, «giza nahiak, ingurunearen eta gizabanakoen arteko harremana eta lur bereko kide izatearen zentzua» aztertu nahi izan ditu Ruedak: «Ukiezinak eta lurtarrak modu harmoniatsuan hitz egiten dute».
Diziplinen nahasketa
Artistaren obrez gainera, Meaberen olerki bat irakur daiteke atal horietako bakoitzean —Esnegain irabiatua, Inurritegia eta Sarea olerkiak, hurrenez hurren—. Horiekin lotuta, Ruedak autorretratu bana ere jarri du erakusgai atal horietako bakoitzean. «Lehenengoan, gora begira nago, eskuak altxatuta; bigarrenean, irteeraren bila ari naiz, korrika; eta, hirugarrenari dagokionez, Miren Agurrek ezin hobeto azaldu du esaldi batean: Sustraia gehi sustraia, sarea. Autorretratuan, sustraiak elkartu egiten dira eta sare bat sortzen da. Ni horien gainetik saltatzen ageri naiz».
«Ohartu naiz konstante autobiografikoa hortxe dagoela beti nire lan prozesuan, eta, proiektu honetan, are nabarmenagoa eta kontzienteagoa da hori»
SONIA RUEDA ‘Hitzen bila’ erakusketako artista
Ruedak gogoko du diziplinak elkarren artean nahastea. «Asko ikasten dut hala». Hitz politen soinuak eta zeinuak erakusketan, esaterako, musika pieza banarekin lotu zuen ekinbideko etapa bakoitza. «Oso txarra naiz musikan; erronka polita izan zen», aitortu du artistak. Oraingo honetan ere, sentipen bera izan du. «Txikitatik galdu izan naiz hitzen argudioetan. Nire buruan, hitzak baino gehiago, irudiak sortzen dira. Idazten dakiten pertsonek, nik hitzez esan ezin dezakedan hori idazten dute; nire buruan deskribaezinak diren ezaugarriei izenak jartzen dizkiete. Sinbiosi horrek harrapatu egiten nau; asko aberasten gaituela iruditzen zait». Era horretara, «beste lengoaia batzuei» proiektuaren parte izateko aukera ematen diela uste du Ruedak: «Ez zait gustatzen lengoaia menderatzaile bakarra egotea. Lengoaiak sortu egin behar ditugu, eta haiekin komunikatu behar dugu ahal dugun bezala».
«Bidaia bisual eta poetiko» gisa definitu du erakusketa Ruedak, eta ikuslea egitasmoaren parte izatea lortu nahi du: «Ez dut nahi ikusleek jarrera pasiboa izaterik; hizkuntzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditut».
Bisita gidatuak artistarekin
Erakusketarekin batera, Hitz polit gehiago liburua kaleratu du: «Euskarazko hitz gehiago bildu ditut, eta marrazkiak ere gehitu dizkiot». Dena den, artistak argi utzi du erakusketa eta liburua «bi gauza guztiz desberdin» direla: «Erakusketa eta liburua paisaia beretik abiatzen badira ere, horietako bakoitzak bere corpusa du, independenteak dira. Erakusketako beste pieza bat da liburua».
Urtarrilaren 16an eta martxoaren 13an, Ruedak erakusketaren nondik norakoak azalduko ditu bisita gidatuetan, Gernika-Lumon. Otsailaren 12an, berriz, Miren Agur Meaberekin batera arituko da. 18:00etan izango dira saio guztiak, Euskal Herria museoan.