Dokumentuetan aipatzen zen murala, eta, haietan jasota zegoenari erreparatuta, adituek ondorioztatu zuten Daniel Zuloaga zeramikariaren (Madril, 1852-Segovia, Espainia, 1921) lanik inportanteenetako bat zela. Tomas Allende enpresariak Bilboko Indautxu auzoan zuen etxeko atondorako enkargatu zion lana Zuloagari, eta 1900. urtean kokatu ziren piezak; etxea eraitsi ostean, 1960ko hamarkadaren bukaeran, Lezamako beste eraikin batera eraman zuten horma irudia. Eta 2021ean, dohaintza bati esker eskuratu zuen Bilboko Itsasmuseumek. Berreskurapenak akuilatuta, Zuloagak Bizkaian ondutako zeramika monumentalaren inguruan ikertzeko eskatu zioten Maite Paliza Salamancako Unibertsitateko (Espainia) Artearen Historiako katedradunari. La cerámica monumental de Daniel Zuloaga en la arquitectura de Bizkaia liburua da emaitza.
Oro har, sakona da artistak lurraldeko fatxadetan eta atarietan utzitako lorratza; batik bat, Bilboko eraikinetan. 1901ean egin zituen lanen zerrenda bat da horren erakusle: 29 gauzatu zituen, eta horietatik hamahiru, Bilbon.
Ia 50 urteko jardun artistikoa izan zuen Daniel Zuloagak, eta, hain justu, Tomas Allenderen etxeko artelana erabilita esplika liteke ibilbide luze hori, horma irudi horretan uztartu egiten baitira Zuloagak erabili zituen teknikak eta estiloak. Jatorrian, 18×18 zentimetroko azulejuekin taxututako 54 metro koadroko artelan bat zen, eta zortzi eszena zituen. Baina lekualdaketen kausaz, eta doikuntzen ondorioz —Lezamako etxea baxuagoa da Indautxuko hura baino—, galdu egin da muralaren erdia, gutxi-asko. Berreskuratu den zatiak hogei metro koadro inguru ditu, eta lau eszena ageri dira; meatzaritzaren esparruarekin lotutakoak, batik bat. Artelana 6.200 pezeta kostatu zen, eta Bilborako egin zuen lanik garestiena izan zen.
Zuloagaren horma irudiko eszenetako bat, Bilboko Itsasmuseumen. Errealismoa erabili zuen paisaia industriala irudikatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Palizak xehatu duenez, modernismoaren, errealismoaren, erregionalismoaren eta japonismoaren eragina du lanak. Modernismoa pilastretan da agerikoen, haien kolore deigarrietan —batez ere, horia—, eta pintatutako sirenetan eta landareetan. Era berean, modernoa da Zuloagak figurak lausoki marrazteko zuen joera; xehetasun askorik gabe islatzen zituen, bozetoak balira bezala. Basamentuak, berriz, erabat japonistak dira. Mugimendu horren bereizgarriak ziren kobalto urdina eta urre kolorea erabili zituen, karpa bat ere ageri da —sinbolismo handiko elementua Japonian, katedradunak nabarmendu duenez—, eta japonismotik hartuak dira, halaber, giltzurrun formako olatuak.
Sardineraren figuran antzeman daiteke erregionalismoa, bere janzkeraren xehetasun oparoetan. Eta errealismora jo zuen —paleta gris eta gorrixketara, besteak beste—, industriaren mundua adierazteko. Zuloaga argazkietan oinarritzen zen eszenak pintatzeko, hala berak ateratako irudietan nola erositakoetan, baina ez zorrozki, bestelako detaile mordoa gehitzen baitzuen.
Aniztasun aberatsa
Tekniketan ere aberatsa da horma irudia. Pilastrek erliebeak dituzte —teknika horrek asko garestitzen zituen enkarguak, molde espezifikoak sortu behar zirelako—. Eszenak egiteko, bainuaren gaineko pintura erabili zuen, eta berniz leun bat. Eta landareen orletan, agerikoa da ertz teknika.
Euskal jatorria zuen Zuloagak: Eibarkoak (Gipuzkoa) ziren arbasoak. Haren aita, Eusebio Zuloaga, armadorea zen, eta gizon hark piztu zion semeari artearekiko interesa, hein batean. Izan ere, Europara egiten zituen bidaietan, Eusebiok antzeman zuen zeramika monumentala —eraikinetan ipintzen zen zeramika, alegia— apar betean zegoela hainbat herrialdetan. Bere semeetako hiru —Daniel, Fernando eta Guillermo— Sevresera (Frantzia) bidali zituen zeramika ikastera. 1867tik 1871ra egon ziren han. Tarte horretan, Daniel Zuloaga Japoniako artera hurbildu zen Parisko nazioarteko erakusketan, besteak beste.
«1906an, Bilboko Merkataritza Ganberak Bilbon ezartzea proposatu zion Zuloagari; baina, azkenean, uko egin zion»
MAITE PALIZA Artearen Historiako katedraduna Salamancako Unibertsitatean
Lau etapa izan zituen Zuloagaren ibilbide artistikoak, Artearen Historiako katedradun Palizaren esanetan. 1877tik 1893ra bitartean, Madrilen izan zuen lantegia, eta, garai hartan lan «oso garrantzitsuak» egin zituen arren, zailtasun handiko bolada ere izan zen. 1893an, Segoviako La Segoviana zeramika fabrika erabiltzen hasi zen, jabearekin «kontratu drakoniar» bat egin ondoren. «Zuloagak etekinen %60 eman behar zizkion fabrikako buruari». 1906an, jabearekin tirabirak izan zituen, eta fabrika utzi behar izan zuen. «Bilboko Merkataritza Ganberak Bilbon ezartzea proposatu zion; baina, azkenean, uko egin zion». Palizaren irudiko, garai hori da artistaren onena: nazioartetik enkargu andana bat jaso zuen, eta, are, agenteak zituen AEBetan eta Argentinan, esate baterako. Segoviatik Pasaiara (Gipuzkoa) lekualdatu zen, baina denbora labur baterako; 1908an, Segoviara itzuli, eta San Juan de los Caballeros elizan kokatu zituen bizitokia eta tailerra, 1921ean hil zen arte. 1905etik, ordea, zeramika monumentalak hauspoa galdua zuen.
XIX. mendearen bukaeran egin zuen Bizkaiko aurreneko lana. 1890ean, lehiaketa batean erabaki zuten Luis Aladren arkitektoaren gain uztea Aldundiaren Jauregiaren eraikuntza, Bilbon kokatua. Eta, hain justu, Aladrenek txertatu zuen zeramika monumentala euskal arkitekturan. Aldundiaren Jauregia izango zena apaintzeko, hiru zeramika panel egiteko eskatu zion Zuloagari, eta 1899an jarri zituzten piezak: bi beheko solairuko atarian, eta bestea bigarren solairuan. Beheko paneletan, japonismoaren kobalto urdina eta urrea nabarmentzen dira, baita neoerrenazentismoa ere, simetria baitago zenbait apaingarritan, eta korronte hori gogorarazten baitute, orobat, emakume dantzari mardulek. Modernismo usaina ere badago; batik bat, loreen erortzea islatzeko moduan.
Ospea eta oihartzuna
Era berean, Bilbon dago Zuloagak diseinaturiko ataririk onena, Palizaren irudiko: Gardoki kaleko 11. zenbakikoa. 1901 eta 1902 artean ondu zuen. Bistakoa da modernismoaren eragina kolore bizietan eta moldura kurbatuetan, eta edan zuen erregionalismotik eta errealismotik ere orduko hartan. Baina jada ez dago japonismoaren arrastorik.
Atari hark oihartzun handia izan zuen. Prentsan lanaren edertasuna goraipatu, eta aipatu zuten bilbotar asko agertzen zirela hura ikustera. Jose Maria Vivanco izan zen liluratuetako bat: eraikineko maizterra zen, baita Campos antzokiko promotorea ere. Zeramika batzuk enkargatu zizkion Zuloagari antzoki berriko fatxadarako. Hamar pieza horietatik bi kontserbatzen dira gaur egun. Estilo erabat modernistakoak ziren.
Sardinera bi eta jantzi tradizionala daraman gizon bat, Zuloagaren muraleko eszenetako batean. Erregionalismoa agerikoa da emakumeen arroparen xehetasunetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Modu berean, Zuloagak modernismoa aplikatuta diseinatu zituen zenbait etxebizitzatako galeriak, XX. mendearen hasieran. Adibidez, Durangoko Etxe Zuria eraikineko galeria berritu zuen dekorazio modernista oparoarekin: landaredia mardula eta hegazti deigarriak pintatu zituen; hori indartsuaz gain, urdin eta berde turkesak erabili zituen, lilak, malbak, granateak…
Hil baino pare bat urte lehenago egin zuen Bizkairako azken lana: Bilboko Hurtado Amezaga kaleko 48. zenbakirako. Eraikina duela pare bat urte eraitsi zuten, baina zeramikak gordeta dauzkate. Promotoreak ezarri zion gaia: Madrilgo Prado museoko obrak irudikatu behar zituen azulejuetan. Zuloagak Goyaren El cacharrero eta El baile koadroak hautatu zituen. 1919an bukatu zuen lan hura.