Aspaldikoa da Bilboko Guggenheim museoa Urdaibaira hedatzeko asmoa, eta, aurten, erakunde publikoek hauspoa eman diote egitasmoari: Gernika-Lumoko Dalia fabrika eraisteko lanak hasi zituzten ekainean. Inguruko bizilagun askok, ordea, ez dute proiektua nahi. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, manifestazio zaratatsua eta jendetsua egin zuten urriaren 19an, Gernika-Lumon. Informazio falta salatu zuten, eta «inposatu» nahi duten «makroproiektua» geldiarazteko exijitu.
Bilboko Guggenheim ere izan da albiste azken urtean: 30 urteren ostean, zuzendari kargua utziko du Juan Ignacio Bidartek. Miren Arzalluz arte historialari, moda aditu eta Parisko Palais Galliera museoko egungo zuzendariak hartuko du haren lekukoa. Zehaztu dutenez, 2025eko martxoaren lehenean izango du eragina izendapenak, eta, ondoren, Arzalluzek murgiltze prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan lau astez, Bidarterekin batera.
Era berean, Fernando Perezek Bilboko Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du. 2018tik izan du kargu hori Perezek, eta bere «borondatez» hartutako erabakia izan dela zabaldu dute ohar baten bidez. Hala ere, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabiraren bat egon dela Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean, La Caixa fundazioaren proiektu bat tarteko. Steam izeneko gela bat ezarri asmo du bankuak Bilbon, eta Azkuna zentroaren barruko Lantegi eremua jo dute begiz horretarako — egun artisten egonaldietarako eta proiektuetarako erabiltzen da eremu hori—. Zenbait komunikabideren arabera, egitasmo horren aurka egon da hasieratik Perez.
Atzeratu egin dituzte berriro
Aurten bukatzekoak ziren Bilboko Euskal Museoa berritzeko eta Arte Ederren Museoa handitzeko lanak, baina biak ala biak atzeratu egin dituzte berriro.
2022ko udazkenean hasi zituzten Euskal Museoa berritzeko lanak, eta, hasiera batean, esan zuten urte eta erdi bat iraungo zutela. Jon Bilbao Bilboko Hirigintza zinegotziak aitortu duenez, ordea, oraindik «asko» falta da obrak amaitzeko. Gastuak ere gora egin du: hasieran aurreikusitako 15 milioi euroko kostua 21 milioira igo da.
Bilboko Arte Ederren Museoan 2022an egin zuten lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa, baina ordurako ofizialki hasita zeuden lanak. Hasiera batean, aurtengo urte amaierarako zabaltzea espero zuten; gero, 2025eko uztailera atzeratu zuten; eta, orain, 2025eko azarora arte atzeratu dute amaiera data. Museoak 6.800 metro koadro irabaziko ditu handitze lanei esker, eta eskulturak jartzeko baliatuko duten terraza bat ere izango du aurrerantzean. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak 45 milioi euro jarriko dituzte museoaren handitze lanetarako.
Nobedadeak eta polemikak
Abenduaren hasieran, Durangoko 59. Azoka egin zuten: 933 nobedade aurkeztu zituzten, 274 erakusmahaitan. Jendetza ibili zen Durangon. Azoka antolatzen dute kultur eragileek, herri erakundeek, komunikabideek, sortzaileek eta kulturazaleek balorazio positiboa egin zuten. Ohiko hartzaileak gehiago izateko, ordea, egiturazko espazio gehiago behar direla ondorioztatu zuten, eta euren buruari erronka hori jarri diote datorren urterako. Aldi berezia izango dela aurreratu dute: 60 urte beteko ditu Durangoko Azokak.
Gatibu taldearentzat azkenengo Durangoko Azoka izan da aurtengoa. 2025ean beteko dira 25 urte taldea sortu zenetik, eta musikariek urteurren hori baliatuko dute agur esateko. Agurraren harira, elDiario.es hedabideak elkarrizketa egin zion Alex Sardui abeslariari, eta han egindako adierazpen batzuek hautsak harrotu zituen: esan zuen musika arloan ez direla emakumeak diskriminatzen. Musikan dabiltzan Euskal Herriko hainbat emakume feministak eta sexu disidentek ohar bateratua zabaldu zuten gertatutakoa salatzeko. «Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, eta denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta», adierazi zuten. Sare sozialen bitartez, barkamena eskatu zuen Sarduik.
Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zela ehun urte bete dira aurten, eta, efemeridea baliatuta, hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte artista oroitzeko. Tartean, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta argitalpenak.