Indarkeria matxista etengabe dago presente, urte guztiak blaitzen dituen bidegabekeria sistemiko bat da. Aurten ere, indarkeria matxistak makina bat zauri eragin du Bizkaian. Gizonek bi emakume hil dituzte 2024an. Uztailean, Eneritz Argintxona Erandioko bizilaguna hil zuten, Panaman. 30 urte zituen. Egun batzuk igarotzen ari zen han, Costa Rican boluntario ibili ostean. Uztailaren 23an, senideek desagerpena salatu zuten, eta hiru egun geroago agertu zen emakumearen gorpua, indarkeria zantzuekin. Hilketarekin zerikusia dutelakoan, bi gizon espetxeratuta daude abuztutik. Irailaren 12an, Yanely Gonzales hil zuen bere bikotekideak. Bilbon izan zen, Santutxu auzoan.
Aurreko urteetako kasu batzuk ere ebatzi dira aurten. Kasurako, Rebeca Huayta Huacan hiltzeagatik eta tratu txarrak emateagatik 24 urteko kartzela zigorra ezarri diote haren bikotekidea zenari, epaimahaiak frogatutzat jo baitu gizonezkoa «azpikeriaz eta ankerkeriaz» aritu zela. 2022an izan zen hilketa, abenduaren 28ko goizaldean, Bilboko San Frantzisko auzoan.
Sexu indarkeria ere hainbatetan izan da hizpide. Astelehenean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen bere zaintzapeko 34 adingabek sexu askatasunaren aurkako delituak salatu dituztela 2017tik —horietatik 25 neskak dira—. Eta, asteon, Bilboko Urretxindorra ikastolako irakasle baten eta Lekeitioko Azkue ikastoletako beste baten erasoak salatu dituzte sare sozialetan —Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan jaso dituzte—. Gernika-Lumoko bizilagunek ere ez dute ahaztu Mario Lopez Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohia: iaz, emakume batek salatu zuen sexu erasoak egin zizkiola adingabea zenean, eta, manifestazio jendetsu baten bidez, babesa erakutsi zioten berriro andreari larunbatean.
Bestalde, foru aldundiak ohartarazi du «dituen ahalmenen mugan» dagoela bakarrik datozen adingabe migratzaileak hartzeko sarea. Hamasei harrera zentro ditu aldundiak guztira.
Beharginak, estu
Anbulantzietako langileek aspalditik zuten jopuntuan La Pau enpresa. Bizkaian eta Araban anbulantzia zerbitzua kudeatzeko azpikontratatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2020an. Azaroan, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, sindikatuetako ordezkariek lan baldintza negargarriak, baliabide falta eta anbulantzien egoera txarra salatu zituzten. Jaurlaritzak azaroan bertan eten zuen La Paurekin zuen kontratua: ordutik, Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako elkarteak dauka zerbitzu hori emateko ardura.
Bilbobusen ere urte gatazkatsua izan da. Beharginek bi hilabete pasatxoko greba egin zuten, bi urte baitzeramatzaten lan hitzarmena berritu gabe eta soldatak izoztuta. Ekainaren 26an, bertan behera utzi zuten greba, Veolia enpresarekin ados jarri ondoren.
Garraioak bestelako buruhausteak ere ekarri dizkie bizkaitarrei. Aspaldiko asmoa zen hegoaldeko tren saihesbidea egitea, Bilboko portua eta Bizkaiko hiriburua lotzeko. Proiektua 25 urte egon da geldirik. Azaroan, ordea, Espainiako Gobernuak oniritzia eman zion egitasmoaren azterketa informatiboari, eta pauso horrek kezka piztu zuen Barakaldon. Izan ere, asmoa da trenbideak Gorostizako ingurune naturala zeharkatzea, zubi bidez. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak (EAJ) adierazi duenez, «ingurumen astakeria hutsa da», Gorostiza baita herri horren «birika bakarra». Barakaldo Naturala eta Eguzki talde ekologistek eta Gorostiza Bizirik auzo elkarteak ere txarretsi egin dute Madrilen asmoa.
Ez da hori izan Barakaldoko bizilagunen kezka bakarra. Lutxana auzoko Oxinorte enpresa kimikoa txistu zaratatsu bat egiten hasi zen abuztu bukaeran. Auzokideek protesta mordo bat egin dute geroztik lantegiko atarian, eta Barakaldoko Udalak hainbat neurri hartu ditu kalteak murrizteko: irailean, iragarri zuen udaleko teknikariak zarata aztertzen ari zirela enpresak legea urratu duen ebazteko, eta, azaroan, udalak Oxinorte behartu zuen hiru hilabetez gauez ixtera.
Arreta erdiguneari
Askotariko erreakzioak piztu ditu Bilbon onartutako emisio gutxiko eremuak. Kutsadura apaltzeko asmoz, udalak erdigunerako sarbidea mugatu die ibilgailu kutsagarrienei. Araua ekainaren 15ean sartu zen indarrean, eta, hiru hilabeteren ondoren, isunak jartzen hasi ziren araua urratzen zutenei. Hiriaren erdiguneak ere izan du beste nobedade garrantzitsu bat: azaroan, udalak iragarri zuen ez zuela etxe turistikoen lizentzia gehiagorik emango urtebetean. Ekologistak Martxan elkarteak uztailean argitaratutako azterketa baten arabera, auzoen heren batean daude hiriko pisu turistikoen %67,1. Zazpikaleetan, arazo nabarmenak sortzen ditu hainbeste etxe turistiko izateak, talde ekologistak igarri duenez: zarata handia dago, turista asko, aparkatzeko arazoak, familia saltoki txikiak ixten ari dira, eta etxebizitzetako alokairuak garestitzen.
Euskarari dagokionez, Euskaltzaindiak zuzendaritza berritu du: Andres Urrutia Bilboko notarioak jarraituko du akademiaren buru, eta Miren Agur Meabe Lekeitioko idazlea izango da idazkaria.