Soineko zuri-gorriz jantzia

Soineko zuri-gorriz jantzia

​Lapikokoa su txikian bezala, astiro-astiro eginez joan da. Bereziki azken urteetan, prest zegoela iruditu arren, beti falta izan da osagairen bat, eta itxaronaldia luze egin da. Luzeegi askorentzat. Baina berrogei urteren ondoren, gizonezkoen Athleticek berriro Espainiako Kopa eskuratzea lortu du aurten, apirilaren 6an, Mallorcari finala irabazita, eta Bizkaian jaia lehertu zen, aspaldi ez bezala. 1980ko urteetan Bilboko itsasadarrean gora birritan igo zen gabarra urdin hark berriz ere zeharkaldi bera egin zuen apirilaren 11n.

Getxoko kirol portuan hasi eta Bilboko udaletxera arte, ehunka mila lagun elkartu ziren, kaietan, pasealekuetan, zubietan, arboletan, faroletan, balkoietan. Jokalariak zoriontzera. Kopa preziatua ikustera. Jaiaz gozatzera. Elkarrekin ospatzera. Poza sentitzera. Zuri-gorriz tindatu zituzten bazterrak.

Erakunde publikoek egindako kalkuluen arabera, milioi bat lagun inguru batu ziren. Eguerdian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan zuen inoiz ez dela bildu halako jendetzarik ekitaldi publiko batean eta dispositibo berezia ezarri beharko zutela. Ez zen arazorik izan.

Batzuk bezperatik joan ziren lekua hartzera, eta goizean goizetik ehunka lagun zeuden Bilbon Uribitarte eta Campo Volantin pasealekuetako barandetan prest. Haietako bat izan zen Oihane Placencia bilbotarra. 09:00etatik egon zen familiakoekin zain. «Zaleok dena eman dugu, jokalariek ere dena eman dute zelaian, eta gabarra ikustea amets bat betetzea da», adierazi zuen. Jon eta Asier Fernandez Sanz madrildarrak dira, eta aita dute bilbotarra. Bilbora etorri ziren txikitatik etxean hainbestetan entzun zuten gabarra hura bertatik bertara ikustera: «Aitak beti esan digu orain dela berrogei urte berak bizi izan zuena semeek ere bizi zezatela nahi duela, eta hemen gaude», kontatu zuen Jonek.

Gabarra Bilboko itsasadarrean, apirilaren 11n. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gabarra 16:30ean zen abiatzekoa Getxotik, eta ordutegia zorrotz bete zuen. Dozenaka itsasontzik lagunduta egin zuten bidea. Getxo, Santurtzi, Leioa, Sestao, Erandio, Barakaldo… Itsasadarraren ertzetan hiru edo lau ilarako jendetza zegoen. Bilbora ailegatzean, are handiagoa zen: Olabeagatik udaletxera arteko zubiak erori egingo zirela zirudien. Bideko unerik hunkigarrienetako bat San Mames parean izan zen: jokalariek lore petaloak bota zituzten uretara, azken urteetan hildako jokalari eta zaleen omenez.

Iragarri baino hiru ordu laurden beranduago lehorreratu ziren jokalariak udaletxe aurreko pantalanean. Iker Muniain eta Oskar de Marcos kapitainek izan zuten kopa gabarratik atera eta udaletxera eroateko ardura. Barruan harrera ofiziala egin zieten, baina jaia balkoira irten zirenean lehertu zen. Muniainek hartu zuen mikrofonoa, eta zeremonia maisuaren lanak egin zituen. Onartu zuen titulua irabazi izana «zama handi bat kentzea» izan zela beretzat. Athleticen filosofia ere goratu zuen: «Kopak arrazoia eman digu, eta bide zuzenean goazela erakutsi».

Jokalarien berbaldietan euskara gutxi entzun zen, eta horrek zer esana sortu zuen. Asier Villalibre izan zen salbuespenetako bat, eta Athletici gogoratu zion eredu izan behar duela: «Gazte askorengan eragina daukagu, eta ez dugu ahaztu behar euskara Athleticen oinarria dela». Mikel Vesgak ere euskaraz agurtu zituen zaleak. Udaletxea utzita, estali gabeko autobus batean Kale Nagusira abiatu ziren, Foru Jauregian izan baitzuten jai amaierako harrera.

Penaltietan

Ospakizunak, baina, lehenago hasita zeuden. Martxotik, Bizkaia zuri-gorrituta zegoen. Taldea finalerako sailkatu zenetik, milaka eta milaka zale Sevillara (Espainia) finalera joateko bidaiak erosten hasi ziren. Autobusak ere falta izan ziren. Bizkaia erotu egin zen. Kopa irabazteko ordua ailegatu zen ustea oso hedatuta zegoen. Zaleek «ohi baino ilusio handiagoa» zutela zioen Iurretako Jorge Perez peñako lehendakari Fernando Garcia de Mendozak, finalaren bezperan: «Aurten berezia da: aurreko finaletan baino aukera handiagoa dagoela uste dut. Mallorca gu baino makalago dabil; ez da orain arte tokatu zaizkigun aurkariak bezain gogorra. Eta gu ere itzel gabiltza!». Bilbon ipini zituzten pantaila erraldoietako batetik ikusi zuen apirilaren 6ko finala. Dozenaka ipini zituzten Bizkaiko ia herri guztietan.

Orozkoko Garelako Athletic peñako hainbat lagun, ostera, Andaluziako hiriburura joan ziren, Daniel Arbaiza lehendakaria buru zutela. Gehienek ez zuten Cartuja futbol zelaira sartzeko sarrerarik. «Athletic Hirian ipiniko dituzten pantailetan ikusiko dugu partida; hango giroarekin gozatzea itzela izango da. Estadiora sartu edo ez, Sevillan egotea ezinbestekoa da!», esan zuen Arbaizak, abiatu aurretxoan.

San Mames jendez lepo, apirilaren 6an, Athletic Sevillan Espainiako Kopako finala jokatzen ari zen bitartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Egun hartan ere, jaia goizean goiz abiatu zen, Sevillan eta Bizkaian. Han, milaka eta milaka zalek bete zituzten kaleak. Trianak Bilboko Zazpikaleak zirudien. Hemen, egun osoko egitaraua prestatu zuten bateko eta besteko udalek eta peñek.

Mallorcaren aurkako partida hastean, ilusioa urduritasun bihurtu zen guztientzat. Ez zen erraza izan. Pixkanaka Athletic nagusituz joan zen arren, lehen gola Mallorcak sartu zuen: Dani Rodriguezek egin zuen, 21. minutuan. Kolpea izan zen zuri-gorrientzat, eta lehen zatian gola egiteko aukerak izan zituzten arren, ez zuten asmatu. Bigarren zatian eta luzapenean, ordea, hobea izan zen Athletic. 50. minutuan berdindu zuen norgehiagoka, Oihan Sancetek. Penaltietan lortu zuen Athleticek bere 25. Espainiako Kopa. Raul Garcia, Iker Muniain, Mikel Vesga eta Alex Berenguer izan ziren penaltien golegileak.

«Lortu duguna handia da, baina anbizioa dugu. Amets egin nahi dugu, eta aurki itzuliko gara beste titulu batekin», ohartarazi zuen Jon Uriarte Athleticeko presidenteak, apirilaren 11n, gabarratik jaitsi berri. Denboraldi honetan ere indartsu dabil Athletic, presidenteak iragarritako anbizioari uko egin barik.