Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Besterik gabe

Besterik gabe

​Ez da izan nire urtea. Sarritan zeharkatu naute atzetik aurrera esaldi labur hori osatzen duten hitzok. Urtearen errepasoa egiteko, atzera begira jartzea tokatu zait, eta kostatu egin zait hasiera batean. Maldan gora oinez hasi behar dudanean izaten dudan gorputzaldi pisutsua gogorarazi dit. Beste urte bat gehiago zirudien, hasi eta bukatu egiten diren horietakoa. Baina luze joan da, uste baino luzeago. 

Urtarrilaren amaierara ohartu gabe heldu ginen, eta orduan jarri zen aita gaixo. Benetan gaixo. Bere bizitza hari batetik zintzilik egoteraino. Hilabete batzuk eman zituen egoera kritikoan, eta zorionez bizirik atera zen, luzaroan korrontearen aurka igeri egiten egon ondoren. Horren ostean, errekuperazio prozesuan eman zituen beste zenbait hilabete, eta, azkenean, uztailaren erdialdean bueltatu zen etxera, ekaitz hori guztia baretu zenean. Amesgaizto hura amaitu zenean. 

Eta prozesu bortitz horretan ahal izan dugun bezala egon gara hor anaia eta biok, abisatu gabe zetozen olatuei eusten: batzuetan, salto eginez; bestetan, azpitik zeharkatuz; eta, sarritan, zurrunbiloan bueltaka. Eta ama ere bai, noski. Ezingo nukeen aurrera egin haiengatik ez balitz. Ezingo nukeen pauso bakar bat ere eman haiek gabe. Kolore eta zapore guztietako momentuak igaro ditugu, inoizko gogorrenak, eta bai inoizko ederrenak ere, gezurra dirudien arren. Dena ilun dagoenean leihotik sartzen diren eguzki izpiak bezala.

Ez da urte erraza izan, baina esker on handia ere badut berriki berriro arnasten hasi den bularraldean

Gorabehera izugarriak izan ditut urte osoan zehar. Esango nuke barne-muga guztiak gainditu ditudala; orain arte sentitutako emozio fuerteenak izan direla, alegia. Sentsibleegi egoteraino; hauskortasunaren gailurra zapaltzeraino; nire erara eta guztiz erori gabe, baina depresioa atzamar puntekin ukitzeraino. Eta, beti gertatu izan zaidan bezala, kostatu zait onartzea tarteka (oso tarteka) laguntza behar nuela. Kostatu zait ikustea bakarrik ezin dela errealitatearen gordinarekin, oharkabean datorrenarekin.

Kanpoa astindua zen bitartean, barruan egonkor zegoena kaotiko jarri zait hilotan. Argi nituen gauzak dantzan jarri zaizkit, lan-eremuan kasu. Mugimenduaren osteko aparra baretzen hasi den honetan, urteetan jorratutako bidetik ateratzeko ideia loratuz doakit barruan nonbait, bolanteari bira emateko ideia. Bertigoa ematen didan arren, aldaketak datozela sumatzen hasia naiz, ezberdin sentitzen bainaiz zentzu batean. Ez nago hobeto, ezta okerrago ere; besterik gabe, aldatuta. 

Eta etxekoekin denbora gehiago igarotzeko gogoa dut, lagunekin ordu txikitan murgildu arte tertulian aritzekoa. Kontu konplexuak eta amaierarik gabeko lan-egunez haratago joatekoa. Esango nuke hori dela urteak eman didan alderdi positiboa, utzi didan gorputzaldia. Bizitzan lehentasunak daudelako. Buruan fantasia handiak izanagatik, berez, gauza sinpleenekin gozatzen dudalako gehien. Gauza sinpleenetan aurkitzen naizelako gehien. Urtearen azken asteetan sartu gara konturatzerako. Luze, baina amaitzen ari da 2024a. Esan bezala, ez da urte erraza izan, baina esker on handia ere badut berriki berriro arnasten hasi den bularraldean. Aita ondoan dugulako, ama zoragarria dugulako; anaiaren atzetik infinitura joango nintzatekeelako; ordaindu ezin diren lagunak eta familia ditugulako, eta aguantatzen nauen neska laguna. Ez da nire urtea izan, gure urtea izan da.