Eskultura lehen lerroan

Eskultura lehen lerroan

​Euskal artearen ikur nagusietako bat izan da eskultura urte askoan. Gaur egun ere artista askok lantzen dute adierazpide hori, baina arlo horretan dabiltzan sortzaileek uste dute euren lana eta izena ez direla horren ezagunak herritarren artean. Hutsune hori betetzeko asmoz, Eskultura Azoka antolatu du bigarrenez Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak, Durangoko Gandarias aretoan. Euskal Herriko laurogei artistak parte hartu dute, eta 150 piezatik gora bildu dituzte. Durangoko Azokan inauguratu zuten, abenduaren 5ean, eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik.

Liburuek eta musikak ez ezik eskulturak ere Durangoko Azokan lekua duela frogatzeko, horrexegatik zabaldu zuten erakusketa azokaren bueltan, Guillermo Olmo Eskuahaldunak elkarteko presidentearen esanetan: «Askotariko arte diziplinak barne hartzeko aukera ematen du Durangoko Azokak, eta erakutsi nahi izan dugu eskultura ere presente dagoela». 

«Gutako bakoitzak material eta forma desberdinekin lan egiten du. Erakusketan, kolektibotasuna igartzen da, eta uste dugu aniztasun hori interesgarria dela bisitarientzat»
GUILLERMO OLMO Eskuahaldunak elkarteko presidentea

Ikuspegi askotako eta hainbat belaunalditako sortzaileen lanak elkarren artean nahastuta ageri dira Gandarias aretoan. Luzea da parte hartu duten artisten zerrenda: Iñaki Olazabal, Dora Salazar, Koke Ardaiz, Koko Rico eta Ines Gonzalez de Zarate dira haietako batzuk. Horiez gainera, omenaldi gisa, Koldobika Jauregiren lan bat eta Vicente Larrearen beste bat ere ikus daitezke. Bi artista horiek aurten hil dira.

Aretoa gelaka antolatuta dago, eta, horietako bakoitzean, askotariko materialez egindako eskulturak ikus daitezke alde guztietatik. Harria, plastikoa, brontzea, burdina eta metala dira artistek erabilitako material batzuk. Sarreran dagoen piezan, esaterako, zuhaitz baten enborrean ondu du pieza artistak: lau pertsona ageri dira, mahai baten bueltan, baina pieza bakarra osatzen dute. Olmok bereziki nabarmendu du erakusketa plurala dela: «Gutako bakoitzak material eta forma desberdinekin lan egiten du. Erakusketan kolektibotasuna igartzen da, eta uste dugu aniztasun hori interesgarria dela bisitarientzat».

Zuhaitz baten enborrean ondutako pieza bat, abenduaren 6an, Durangoko Gandarias aretoaren sarreran. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gela horietako batzuk, gainera, erakusleiho modukoak dira: kristalaren bitartez, barruan zer dagoen ikus dezakete handik igarotzen direnek. Bereziki, bainugela batek bereganatzen du arretarik handiena kanpoaldetik: Jose Angel Uberuaga Ube artistaren pieza bat da; gela oso bat hartzen dute haren instalazioek. «Antonio Lopez margolariaren bainugela ospetsua berregin, eta mezu bat zabaltzeko aprobetxatu dut: tratu txarren kontrako telefono zenbakia gehitu dut ispiluan, 016», kontatu du Uberuagak. Haren alboan, ume kotxe urdin bat kokatu du, baina, ume baten ordez, zuhaitz baten enborra jarri du barruan. «Ezagutzen ditugun elementuak erabiltzen ditut nik nahi dudan lekura heltzeko», dio Uberuagak. «Oraingo honetan, adierazi nahi dut gu ez gaudenean zer utziko dugun hemen. Zuhaitzaren enborra ez badago ere, haren zerrautsa geratuko da hemen, enborraren odola».

Arteak deseroso sentiarazi behar duela uste du Uberuagak, eta horixe islatzen ahalegintzen da bere lan guztietan: «Kritikoak izan behar dugu gure egunerokoan; ezin dugu esaten duten dena irentsi». Pentsaera horrek, ordea, arazoak ere ekarri izan dizkio noiz edo noiz: 2014an, adibidez, Elizak isuna jarri zion Munitibarko elizan emakume biluziei argazkiak ateratzearren berak antolatutako saio batean.

Jose Ramon Elorriaga artistak, bestalde, eskulturak jarri beharrean, piezak sortu aurreko zirriborroak jarri ditu erakusgai. «Eskultura bat sortu aurretik, zer egin nahi dudan pentsatzen dut, eta, horren ostean, buruan dudan ideia irudikatzen dut paper batean. Prozesu horren ondoren hasten naiz dagokion materialarekin lanean. Eskultura bera ekarri beharrean, prozesuaren zati bat erakutsi nahi izan dut».

Ikusteko eta erosteko

Obrak ikusgai ez ezik salgai ere badaudela nabarmendu du Olmok: horien salmenta sustatu nahi izan dute azokak iraun duen egunetan. Era berean, instituzioen «babes handiagoa» behar dutela gehitu du Eskuahaldunak elkarteko presidenteak: «Administrazioek apustu sendoagoa egin behar dute artea eta tokiko artistak laguntzeko».

Erakusketarekin batera, Euskal eskultura gaur liburua argitaratu du eskultoreen elkarteak. Berrehun orrialde inguruko katalogo bat da, eta gaur egungo 83 eskultoreren berri ematen du. Gisa berean, aurrerantzean agertuko diren artistak izan dituzte gogoan liburua egiteko orduan: «Artista berriak agertu ahala, datu basea osatuz joango gara webgunean». Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez irakur daitezke liburuko testuak.

‘Euskal eskultura gaur’ liburuaren bi ale, abenduaren 4an, Durangoko Gandarias aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iaz, azoka egiteaz gainera, lau metroko eskultura bat eraiki zuten erakusketa zegoen lokalaren kanpoaldean, Mikeldi irudikatzen zuena. Basurde baten itxura du, eta egur berrerabiliz osatu zuten; pinuz, bereziki. Urtarrilera arte egongo da ikusgai eskultura hori, eta, ondoren kendu egin beharko dute, udalak hala adierazita. «Eremu pribatu batean dago Mikeldi erraldoia, eta kentzeko agindua eman digute. Pena da, ondo baitago», adierazi du Elorriagak. Mikeldiko idoloa 1864. urtean aurkitu zuten, Durangoko Mikeldiko baselizan, eta, Elorriagaren hitzetan, baliteke 2.000 urtetik gora izatea. Egun, Bilboko Euskal Museoan dago pieza originala, eta haren kopia bat dute Durangon. 

Eskuahaldunak eskultore elkarteko kideek iaz eraiki zuten lau metroko eskultura, Mikeldiko idoloa irudikatzen duena, abenduaren 6an, Durangoko Gandarias aretoaren kanpoaldean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aldarrikapen modura, Mikeldiko idoloaren irudikapen txikiagoak sortu dituzte erakusketan parte hartu duten sortzaileek. Durangoko saltokietako erakusleihoetan jarriko dituzte erakusgai, eta nahi duenak erosteko aukera izango du.