Duela bi hilabete, marijesietako kopla batzuk topatu zituzten Gautegiz Arteagako etxe batean, hango familiak gordeak zituen dokumentu zaharren artean. Halako eskuizkribuen garrantziaz egingo du berba gaur Amagoia Lopez de Larruzea Zaratek, Gernika-Lumoko Marijesiak taldeko dokumentalistak (Gernika-Lumo, 1957). Antzeko agiriak gordeta eduki dituzten familien arteko topaketa bat ere izango da berbaldia. 19:00etan hasiko da, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Marijesien kantuari, berriz, hilaren 16an ekingo diote, 04:00etan, eta egunero irtengo dira kantuan, bederatzi egunez.
Gautegiz Arteagako Honorio Urgoitiaren eskuizkribu bat eman dizue haren familiak. Marijesien koplak dauka idatzita. Nor zen Honorio Urgoitia?
Umetan, herrian ikasi zuen. Gero abadetzaren bidea hartu zuen, eta 1949tik 1973ra herriko abadea izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Familiak haren paperak zituen gordeak, eta tartean agertu zen liburutxo bat, 15×10 zentimetrokoa. Hor kopla idatzi batzuk agertzen ziren.
Zelako koplak dira?
86 kopla dira, eta hiru multzotan sailkatuta daude. Multzoaren amaieran, Urgotiak berak ipini zuen erdaraz: fin de los marijeses, fin de los quebenotios eta fin de los baibelenes. Eskuizkribu horren berezitasuna zera da, koplak lehenengoz noiz idatzi ziren jartzen duela: 1911n. Koadernoa haren anaia Silveriorena zen, baina berak erabili zuen marijesiak idazteko. Argi adierazi zuen berak idatzitakoak zirela, eta norekin idatzi zituen, bere lagun batzuen izenak agertzen dira eta: Emeterio, Domingo eta Blas. Urgoitiak 12 urte zituen orduan. Eskola giroan idatzi zuen, edo katekesian; ez dakigu. Badauka beste gauza bat apartekoa. Normalean koplak bertso lerroka idazten dira, baina, kopla horietan, bertso lerroak idatzi beharrean, segidan idatzi zuen Urgoitiak, orriaren zabaleran, lerroa amaitu artean, eta hurrengo lerroan segitu. Gainera, kopla batzuetan ahozko esaerak agertzen dira. Badirudi eurek ahoz ezagutzen dutenaren transkripzio bat izan dela.
Gautegiz Arteagan ere tradizio handia dute marijesiek, ezta?
Gernikan bezala, bederatziurren osoa egiten dute han ere. Arteagan, badago beste eskuizkribu bat, lehendik ezagutzen genuena, 1891koa, eta orain norena den identifikatu ahal izan dugu, eta originala bera ere ikusi ahal izan dugu. Beste familia baten eskuetan egon da. Beste eskuizkribu hori Ozamiz-Bidegane deitu dugu. Arteagako kapitain batek idatzitakoa da, Jose Manuel Ozamiz Matxobek. Hori da marijesien eskuizkribuen eta inprimatutako liburutxoen artean dagoen bildumarik handiena. 111 kopla ditu. Hiru sailetan banatuta daude horiek ere. Letra dotorez idatzita daude, landuta; eskolatutako norbaitek idatzi zituen seinale. Egilearen beste eguneroko bat ere ikusi ahal izan dugu, eta letra berbera da.
«Marijesiak ondare immateriala dira, eta idatziak dira ondare immaterial horren isla materiala»
Nor izan zen Jose Manuel Ozamiz Matxobe?
Arteagan itsasgizon asko egon dira, eta Ozamiz haietako bat izan zen. Mundu zabalean ibili zen: Australian, Filipinetan, Ingalaterran, Ameriketan… Baporeetan izan zen kapitain. Elantxobeko batekin ezkondu zen, eta hara joan ziren bizitzera. Itsasaldi baten eta beste baten artean, egotaldi bat egin zuen Elantxoben 1891n, eta orduan idatzi zuen marijesiak dituen eskuizkribua. Ederra da. Kopla batzuk kuriosoak dira, leku gutxitan ikusi ditugunak.
Topatu dituzuen eskuizkribuetan marijesietako koplak agertzeak zer esan nahi du?
Eskuizkribu hauek erakusten dute jendeak zer-nolako estimua dien marijesiei. Erakusten digute tradizioa errotuta egon dela; zuztar sendoko tradizioa izan dela. Marijesiak ondare immateriala dira, eta idatziak dira ondare immaterial horren isla materiala. Eskuizkribuak daude, baina baita inprentan egindako liburuak ere. 1919an, Garratza izeneko lumotar batek egin zuen liburu bat. Geroago, Gaubeka inprentak beste liburutxo bat atera zuen, eta asko zabaldu zen; lau edizio izan zituen, 1951tik aurrera. Pentsatzen dut egongo direla eskuizkribu gehiago. Beste familia batzuek ere agian edukiko dituzte paperen artean.
Marijesien koplak biltzen dituzten eskuizkribu batzuen kopiak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arteagan topatu dituzuen bi eskuizkribuetako koplek badute loturarik?
Kopla horiek guztiak agertzeak ez du esan nahi orduan denak kantatzen zituztenik. Ozamizen eskuizkribuak 111 kopla ditu, eta Urgoitiarenak, 86. Bietan bat datoz 75 kopla. Badago erlazio bat. Badago kopla bat oso ezohikoa dena, arrano baten aipamena egiten duena, eta eskuizkribu bietan agertzen da lehen kopla moduan. Gernika partekoetan badago erdarazko kopla bat, eta Arteagakoetan ez da agertzen, ez batean ez bestean.
Berreskuratutako koplak sartzen al dituzue datozen egunetan erabiliko dituzuen errepertorioetan?
Ez. Eskuizkribuak erreferentziazko dokumentuak dira. Urteak pasatu dira idatzi zirenetik, eta urte horietan gauzak aldatu dira. Hitzak aldatu egin dira. Herri bakoitzak badauka bere errepertorioa, eta urteetan nahiko egonkor eutsi diote. Gernikan, guztira 44 kopla ditugu finkatuak, eta horiek kantatuko ditugu datozen egunetan. Urteetan, kopla ezberdinak eta kantatzeko modu ezberdinak egon dira, baina 1960ko urteetatik corpusa egonkortuz joan da. Lehen berrikuspenetan Jose Antonio Arana ere egon zen [Hizkuntzalari, musikologo eta euskaltzain gernikarra]. 2008an egin genuen azkena, eta erabaki genuen 44 kopla horiek izango direla errepertorioan, eta ordena horretan.