Eskuak oso garrantzitsuak dira Patricia Martinentzat (Ferrol, Galizia, 1985). Lanerako ezinbestekoak ditu, zirujau plastikoa da-eta Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Kirolerako ere erabiltzen ditu: crossfit-ean, arraun ergometroan eta harri jasotzen ibiltzen da. Martinek dioenez, ez ditu bereziki zaintzen, eta, zorionez, ez du lesiorik izan. Atzazal bat falta du, harria gordetzen ari zela atzamarra harrapatu zuelako. Ospitale ondoan elkartu da Bizkaiko Hitza-rekin, kontsultan lankide batek ordezkatu ahal izan duen tarte batean. Argazkirako, sama aldean duen urratua ondo estali du jertsearen lepo luzearekin. «Atzo egin nuen harriarekin, entrenamenduan». 24 orduko guardia bukatutakoan joan zen entrenatzera. Abenduaren 15ean Zeanurin jokatuko den Bizkaiko Emakumeen Harri-jasotze Txapelketarako prestatzen dabil.
Zirujau plastikoa zara, eta Gurutzetako Erreduren Unitateko arduraduna. Zer egiten duzu?
Estaldura akatsekin zerikusia duten patologiak tratatzen ditugu; esaterako, trafiko istripu batean zauri handi bat egiten baduzu, guk estaltzen dizugu. Erredura arruntak eta handiak ere artatzen ditugu. Buruko, samako eta bularreko minbizietan ere guk egiten ditugu ebakuntzak. Beste minbizi batzuetan ere bai.
Halako ebakuntzetan zeren araberakoa izaten da emaitza?
Patologiak eragiten du, gehienbat. Azaleko minbizi baten kasuan, kendu eta listo. Erredura handi bat, ostera, ez da inoiz erabat ondo geratzen. Gainera, azaleko kontuak konplikatuak izaten dira. Alde estetikoa ere badago: hezur bat txarto lotuta geratzen bada, ez da ikusten, baina azalean orbainak eta markak geratzen dira, eta paziente askok ez dute horrelakorik nahi izaten. Ahalegintzen gara ahalik eta ondoen egiten, baina askotan azalaren araberakoa da emaitza.
Gurutzetako Erreduren Unitatetara beste hainbat lekutatik ere etortzen zaizkizue pazienteak.
Euskal Autonomia Erkidego osoko pazienteak artatzen ditugu, Nafarroako eskualde batzuetakoak, Errioxako parte batekoak eta Gaztelako parte batekoak. Espainian, erredura handietarako bederatzi unitate baino ez daude. Erredura maila batetik gorakoak horrelako unitateetan artatu behar dira. Arinagoak badira, dagokion ospitalean artatzen dira. Zirujau plastikoak ez daude sare publikoko ospitale guztietan; Osakidetzak hiru ospitaletan baino ez ditu, eta erredurak, Gurutzetan bakarrik. Erredura larriak dituztenak artatzeko unitatea da hau; baldintza batzuk bete behar dituzu: intentsibistak behar dituzu, ebakuntza geletan zaintza bereziak…
«Boleibolean jokatzen nuen, eta arratsalde batzuk libre behar nituen entrenatzeko. Kirurgia plastikoaren ordutegia aproposa zen. Ez naiz inoiz damutu»
Zerk eragindakoak izaten dira erredura larri horiek?
Oraintxe, pazienteen artean ditugu etxean izandako sute batean erretako pertsona bat, lan istripu bat izan duen beste bat, likido beroak erretakoak… Umeetan ikusten ditugu asko likido beroak erretakoak; kafea erortzeak sekulako kaltea egin diezaieke. Umeen kasuan ere erreferentziazko ospitalea gara. Udan asko ikusten ditugu barbakoako sua alkoholarekin bizkortzen saiatzerakoan erre direnak.
Zelako arta ematen diozue erre den pertsona bati?
Larrialdian, guk artatzen ditugu, guardian gauden zirujau plastikook, ZIUko lankideekin. Erreduren Unitatean erizain eta laguntzaile talde bat ere badago, unitaterako prestakuntza espezifikoa dutenak. Unitate zarratua da. Azala berregiten diegu, baina kontua ez da bakarrik azala tratatzea. Adibidez, biriketan arazoak izaten dituzte. Eta erredura handietan arazo gehiago izaten dituzte. Erredura handia duen bat azaleko erredurak hilko du, bai, baina gero beste organo batzuek katean huts egingo dutelako. Azken batean, larru faltan zaude, eta gorputzak horri erantzuten dion moduak hainbat organok huts egitea ekar dezake. Infekzioak ere izan ditzakete.
Zergatik kirurgia plastikoa?
Argi nuen medikua izan gura nuela. Hasieran, forentse izan gura nuen; gero, traumatologo; eta, azkenean, kirurgia plastikoa ezagutu nuen. Madrilen ikasi nuen Medikuntza, eta bazegoen hautazko ikasgai bat kirurgia plastikoari buruzkoa. Nik boleibolean jokatzen nuen, eta arratsalde batzuk libre behar nituen entrenatzeko. Ikasgai horren ordutegia aproposa zen, eta horregatik hartu nuen. Kontu praktiko bat izan zen. Karrerako 6. mailan izan zen. Kirurgiari lotuta zegoen, eta niri kirurgia gustatzen zitzaidan. Aurrera. Behin ikusi nuen ebakuntza ikaragarri bat: andre bati masailezurra kendu behar zioten, eta berria egin omoplatoarekin. Itzela iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen nik ere hori egin gura nuela. Ez naiz inoiz damutu.
Kirolean ere probatuz topatu duzu zer duzun gustuko, ezta?
Bizitza osoan egin dut kirola. Urte asko pasatu nituen boleibolean: Galizian hasi nintzen, Madrilen jarraitu nuen, eta, Bilbora etorri nintzenean ere bai. Deustuko taldean hasi nintzen, baina taldea desegin egin zen. Singapurren lanean nintzela hasi nintzen indar kirola egiten, kasualitatez. Eskuko kirurgiari eta kirurgia berreraikitzaileari buruzko espezializazio bat ikastera joan nintzen, eta urte eta erdi bat egin nuen han. Hamabi orduko lanegunak nituen, eta guardia asko. Etxetik gertu neukan zerbait behar nuen, eta crossfit-a baino ez nuen eskura. Indar kirola da, eta niri hori gustatzen zait. Nolabait, badu talde kirol baten antza ere: normalean jende bertsuarekin egiten duzu topo, eta klaseak taldean egiten dira. Itzuli nintzenean, hemen ere jarraitu nuen. Nire senarra ere medikua da Gurutzetan, eta batera hasi ginen crosffitean. Hari ez zitzaion gustatu, eta harri jasotzen hasi zen. Hark xaxatuta hasi nintzen ni harriekin, eta oraindik hor jarraitzen dut.
Patricia Martin harri jasotzaileak kontatu duenez, gehienetan lehiaketetan bigarren edo hirugarren egiten du, tarteka saioren bat irabazi badu ere. Irudian, Mallabiko txapelketan, abuztuaren 15ean. Barakaldoko Gurutzetako ospitalean 24 orduko guardia egitetik irtenda joan zen lehiatzera hara, eta bigarren geratu zen. IBAI URRUTIA
Senarra orain strongman delakoan aritzen da, eta zuk Espainiako Strongwoman Txapelketa irabazi zenuen udan. Horretan ere jarraituko duzu?
Senarrak xaxatuta joan nintzen. Esan nion egin beharreko ariketak probatuko nituela, eta ondo moldatzen banintzen emango nuela izena. Hala joan nintzen Ez nuen prestatzeko astirik izan. Probatu dut, baina ez dut gustuko.
Arraun ergometroan ere lehiatzen zara, eta 2022an munduko txapelduna izan zinen 500 metroko proban.
Kirol aspergarria da, baina markak hobetzeko grinak asko harrapatzen du. Ahal badut, datorren urtean ere joango naiz.
Galiziarra zara, eta Bizkaian bizi zara: itsasoan arraunean aritzeak ez zaitu erakartzen?
Astia banu, agian, bai. Baina ez dut astirik. Entrenamendu asko eskatzen ditu arraunlari izateak, eta nire oraingo bizimoduarekin ezinezkoa litzateke. Beste zerbait egiteari utzi beharko nioke, eta ez nago prest.
Crossfit-a asko zabaldu da azken urteetan, eta harri jasotzea ere suspertzen ari da, ezta?
Marketin ona egin diegu, nonbait. Niretzat erakargarria da, norbere burua gainditzera behartzen dutelako. Crossfit-ak, esaterako, ariketa ezberdinak ditu. Norberak jartzen du bere muga.
«Alde fisikoan gutxieneko bat behar da, baina harria jasotzeko garrantzitsuena teknika da. Bakoitzak bere mailan egin dezake»
Andreon artean ere bereziki indartsu daude kirol horiek, ezta?
Lehen, andreek indar kirola egiten bazuten, arraro begiratzen zieten. «Zoaz gimnasiora eta gluteoa landu», esaten zieten. Orain, gihartsuak diren emakumeek ez dute arretarik pizten. Harriarekin ere, lehen lau katu ginen, baina gero eta gehiago gara. Ni 2021ean hasi nintzen; lauzpabost neska zebiltzan Gipuzkoan, eta Bizkaian hiru ginen. Orain Sustabizeko neskak ere badaude Bizkaian. Lehian gabiltzanak hogeitik gora gara. Bizkaiko Txapelketara hamabost joango gara.
Zer harri erabiltzen dituzue?
Emakumeok zilindroa, kuboa eta bola erabiltzen ditugu. Batzuetan laukizuzena ere bai. Niri kuboa gustatzen zait. 63 kilokoarekin lehiatzen gara, eta erraza egiten zait altxatzea. Garai batean, 88 kiloko zilindroarekin, 75eko kuboarekin eta 63ko bolarekin lehiatzen ginen, baina pisuak apaldu zituzten, eta orain 75 kiloko zilindroa izaten da, eta kuboa eta bola, 63na kilokoak. Gehiago motibatzen ninduten lehengo pisuek. Jende gehiago erakartzeko jaitsi zituzten. Baina orain asko gara lehiatzen, eta ondo legoke lehengo pisuetara itzultzea edo kilo gehiagokoak erabiltzea. Badaude plazan ehun kilo baino gehiago altxatu dituzten neskak. Udane Ostolazak berak pisatzen duena halako bi altxatu du. Maddi Gezalagak 125 kilo jaso ditu. Erronka bat da gero eta gehiago altxatu ahal izatea. Hemen gabiltzanok lehiakorrak gara.
Zelan prestatzen zara?
Felix Campos Ogikiñe I.a-rekin entrenatzen naiz harri jasotzen, Getxon. Harri jasotzailea izan zen hura ere. Teknika aldetik asko erakusten digu. Arraunean ere banabilenean, astean behin joaten naiz; bestela, bitan.
Zein duzu orain helburua?
Harri handien txapelketa nahi nuke neskontzat. Badakit ez nukeela irabaziko; atzetik datozen neska gazteek sekulako indarra dute. Baina nahi luke lehiatu. 39 urte ditut, eta ez zait askorik geratzen kirol hauetan. Gizonetan nire adinekoak dira helduenak.
Zure ustez, edonor izan daiteke harri jasotzaile?
Alde fisikoan gutxieneko bat behar da, baina hemen garrantzitsuena teknika da. Ez dute pisu bera altxatuko ehun kiloko pertsona batek eta 50 kilo pisatzen duenak. Baina bakoitzak bere mailan egin dezake.
Motzean
Indar ariketa bat?
[Pentsakor geratu da]. Halter-ak asko gustatzen zaizkit crossfit-ean. Snatch halter-ekin.
Entrenamendu bat?
Jende jatorrarekin harri-jasotze entrenamendu bat.
Atseden hartzeko, zer?
Atsedena? Zer da hori? Asko jota, siesta.
Bidaia bat?
Australiara joan nahi nuke.
Abesti bat?
[Berehala erantzun du] Foo Fightersen Best of You. Hori ez dut pentsatu behar izan…