Lanean ere euskaraz aritu nahi dute

Lanean ere euskaraz aritu nahi dute

​Lan mundua euskalduntzeko bidean, hainbat urrats egiten ari dira azken urteotan Bizkaian. Arratiako eusGara eta Durangaldeko Landue egitasmoen ondotik, Habia proiektua jarri zuten martxan eguaztenean Txorierrin. Denera, 85 enpresak hartu dute konpromisoa lan esparruan euskararen presentzia areagotzeko. AEK Ahize hizkuntza aholkularitza taldea ari da guztietan bitartekari, eta eremu sozioekonomikoan euskara sustatzea dute erronka. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dituzte egitasmo guztiak.

Arratiako eusGara egitasmoa aitzindaria izan zen: 2017an sortu zuten. Errota fundazioak kudeatzen du, eta, dagoeneko, 33 enpresa daude proiektuan. Iaztik hona, beste lau enpresak eman dute izena. Gainera, Arratiako hiru zahar etxeek proiektu bateratu bat abiatu dute, eta helburutzat hartu dituzte praktikak euskaraz egiteko bidea abiatzea, egoitzetan zainduak izango diren pertsonen eta senideen hizkuntza hautuak kontuan hartzea, eta langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea euskararen ezagutza handitzeko.

Naroa Jauregizuria Ahizeko kidearen hitzetan, hasiera hartan ikasitakoarekin jarri zuten martxan Durangaldeko Landue egitasmoa, 2021eko udaberrian: «Arratiakoa oso formula baliagarria zela ikusita, inguruko eskualdeetara zabaltzeko bidea hasi genuen. Urteekin, ikasiz joan gara, eta pozik gaude egiten ari garen ibilbidearekin». Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkeus proiektuaren barruan sortu zuten Landue, eta Durangoko Merindadearen Mankomunitateak kudeatzen du. Gaur-gaurkoz, Durangaldeko 38 erakundek, enpresak eta Lanbide Heziketako zentrok hartu dute konpromisoa euskara euren eremu sozioekonomikoan garatzeko. Horietako hamabost aurten batu dira egitasmora.

«Enpresetan eragiten dugu, baina arlo sozioekonomikoan eragiteko hainbat jarduera eta estrategia ere ari gara lantzen. Enpresetan egiten den lanak gainerako esparruetan isla izatea nahi dugu»
NAROA JAUREGIZURIA AEK Ahize hizkuntza aholkularitzako kidea

Txorierriko Habia egitasmoa, berriz, eguaztenean aurkeztu zuten, Derion. Berez, maiatzean hasi ziren proiektua garatzen, Josu Larrañaga Txorierriko Mankomunitateko kideak zehaztu duenez, eta lan mundua euskalduntzea dute helburu: «Mankomunitatean euskara arlo asko lantzen baditugu ere, enpresen mundua ukitu gabe izan dugu. Euskararen erabilera sustatu nahi dugu eremu horretan». 

Aldundiarekin izandako bilera batean sortu zitzaien elkarlanean halako proiektu bat garatzeko aukera. Orduan ezagutu zuen Larrañagak Ahize taldea: «Bizkaiko Foru Aldundikoek Arratiako eta Durangaldeko proiektuen berri eman ziguten, eta, Ahize taldeak esperientzia handia duela ikusi genuenez, elkarlanean hasi ginen». Mankomunitateaz gainera, Hegaz Txorierri taldea ere badabil kudeaketan.

Lanbide Heziketako bi zentrok eta askotariko hamabi enpresak eman dute izena dagoeneko Txorierrin, eta aurrerantzean kopurua handitzea espero dute: «Enpresa handiak, txikiak, hasiberriak eta hainbat sektoretakoak daude tartean, baina denek dute helburu bera: lan munduan euskararen erabilera handitzea. Elkarren esperientziak entzunez eta partekatuz, gero eta enpresa gehiago erakarri gura ditugu. Sare bat sortu nahi dugu».

Txorierrikoaz gainera, Busturialdean ere lanean hasita daudela esan du Jauregizuriak.

Harremanak sortzea xede

Enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako doako zerbitzua eskaintzen zuen hasieran Ahizek: webguneak itzuli, lantegietako hizkuntza paisaian aldaketak egin, eta hizkuntza irizpideak ezarri, besteak beste. Denborarekin, baina, «gehiagorako aukera» ikusi zutela azaldu du Jauregizuriak: «Beste ikuspegi bat hartu genuen, eta enpresak ere bateratuko zituen komunitateak sortzeari ekin genion. Enpresetan eragiten dugu, baina arlo sozioekonomikoan eragiteko hainbat jarduera eta estrategia ere ari gara lantzen. Enpresetan egiten den lanak gainerako esparruetan isla izatea nahi dugu».

Izan ere, antzematen dute hutsunerik Ahizeko kideek lan munduan euskararen erabilerari dagokionez. «Ikastetxeetatik edo unibertsitatetik lan mundura igarotzerakoan, eten handi bat zegoela ohartu ginen». Eten hori «era batera edo bestera» konpontzea da, beraz, egitasmoaren erronka nagusietako bat. «Proiektu hauen bitartez, ateak zabaltzea lortu dugu lan munduan, eta hori asko da», adierazi du Jauregizuriak. Era berean, euren proiektuen bitartez, enpresak herrietan edo hirietan txertatzen ahalegintzen direla gaineratu du: «Batzuetan enpresak urrun geratzen zaizkigu, eta horiek herriratzen saiatzen gara. Inertziak sortzen ditugu, eta bideak ematen dizkiegu herriarekin edo eskualdearekin harremanetan egoteko».