Beste eskualde batzuetako ereduari jarraituz, Durangaldeko erlezain talde batek Erlete Eztiola elkartea sortu zuen 2017an. Hegoi Escudero (Basauri, 1984) da hamabost kideetako bat, eta, azaldu duenez, asmoa zen denek erabiliko zuten eztia lantzeko azpiegitura bat sortzea. Hala, 2019an, elkartearen egoitza ireki zuten Atxondoko Axpe auzoan. Martitzenean, liztor asiarrari aurre egiteko programan parte hartzen ari diren boluntarioekin elkartu ziren han, berrikuntzak erakutsi eta programaren emaitzak azaltzeko, besteak beste.
Zelan dago erlezaintza sektorea Durangaldean?
Gustatzen zaigu esatea Eztiola martxan ipini genuenetik apur bat hobeto dagoela. Lehen sektoreko azpisektore gehienen moduan, eztigintza ere beherantz doa. Baina guk pentsatu genuen horrelako azpiegitura batek lagunduko zuela hobetzen, eta horrela izan da.
Zertan hobetu zarete?
Alde batetik, jarduera uzteko gogoz egon diren batzuek jarraitu egin dute. Beste batzuek handitu egin dute jarduera, eta hasieran ekoizpen txikia genuen batzuk hazi egin gara, eta modu profesionalean lan egiten hasi.
Inguruko landarediak zuzenean eragiten dio eztiari. Zelakoa egiten duzue Durangaldean?
Batez ere, udaberrian egiten da eztia. Oro har, denboraldi laburra izaten da, eta esplosiboa. Beraz, denbora tarte horretan eguraldia ona bada, uzta oso ona izaten da, eta bestela, txarra. Muturretan ibiltzen gara. Aurten, adibidez, gutxiago dago, eguraldi txarra egin zuelako. Baina Bizkaia eta, bertan, Durangaldea ez dira eztitarako lekurik onenak. Erlezainok esaten dugu Bizkaian desertu berde batean bizi garela. Pentsatzen dugu inguru natural batean bizi garela, baina bioaniztasun aldetik ez horrela: naturagune pobreak ditugu, ez dago bioaniztasunik. Gehiena pinua eta eukalipto landaketak izaten dira.
«Elkarteari esker, ekoizpen txikia genuen batzuk hazi egin gara, eta modu profesionalean lan egiten hasi»
Zein dira erlezainen arazo nagusiak?
Erlezaintzak, oro har, klimari lotutako arazoak ditu. Mundu zabalean, arazo handiak daude pestizidekin lotuta. Gure inguruan, batez ere erleak dituen etsaiak dira oztopo. Orain, barroa izeneko akaro bat ari da erleak arriskuan jartzen, eta liztor asiarraren erasoa ere asko nabaritzen dugu. Gure erronka izaten da erleak bizirik iraunaraztea.
Liztor asiarraren kontrako programa bat daukazue Urkiola landa garapeneko elkartearekin batera abiatua, boluntarioen laguntzaz aurre egiteko. Zertan datza?
Duela pare bat urte Urkiola landa garapeneko elkarteagaz hartu-emanetan ipini ginen gaia lantzeko. Hasieran, pentsatu genuen kontzientziazio kanpaina bat bultza genezakeela. Hitzaldiak eman genituen hainbat herritan, jendeak arazo horren berri izan zezan. Aurten beste pauso bat eman dugu, eta herritar sare bat ipini dugu martxan, landa garapeneko elkartean dauden herrietan. Boluntarioen artean liztorren erreginak harrapatzeko tranpak banatu ziren. Sare horretan ehun bat boluntario egon dira aktiboki lanean, baina 83k eman dituzte datuak. 10.000 liztor erregina harrapatu dituzte.
Emaitza ona da?
Oso ona. Lagunduko du; harrapatzen den erregina bakoitzeko habia bat kentzen da ingurutik. Auzo batzuetan igarri da. Balioetsi nahi dugu, era berean, herritarrek izan duten jarrera: ez genuen espero hainbestek parte hartzea eta hain aktibo aritzea. Hunkigarria izan da. Eskualdeko auzolan handi bat izan da.
«Erlezainok argi daukagu liztor asiarra luzerako etorri dela, eta elkarrekin bizi beharko dugula»
Zer bilakaera izan du liztorrak azken urteetan?
Urte denak ez dira berdinak izaten. Eguraldiak eta beste faktore batzuek asko eragiten diote. Auzo batzuetan, oso aktibo ibili da jendea, eta horietan igarri dugu gutxitu egin direla. Baina guk argi daukagu liztor asiarra luzerako etorri dela, eta elkarrekin bizi beharko dugula. Horrelako egitasmoen bidez elkarbizitza samurragoa izatea espero dugu.
Barroa akaroaren aurka zer egiten ari zarete?
Mundu osoan dagoen arazoa da, eta globalizazioaren ondorio da hori ere. Liztorrak bezala, Asian du jatorria. Oraindik ez dago erabat desagerrarazteko balio duen tratamendu eraginkorrik. Badaude tratamendu ekologikoak eta konbentzionalak, baina ez batzuek, ez besteek ez dute amaitzen arazoa. Erleen kumeei eragiten dien parasito bat da, eta beste arazo batzuk ekarri ditu: zenbait birus eta gaixotasun hedatzea, kasu baterako. Sistematikoki tratatzen dugu, ez daitezen erle denak hil.