Buru osasuneko arta jasotzea eskubidea da, baina emakume migratuek ez daukate bermatuta askotan, ez zaielako ekonomikoki bideragarria, artak ez dituelako haien ezaugarri kulturalak aintzat hartzen, edo andreek errezeloz begiratzen dietelako mendebaldeko medikuntzari eta osagileei. Bizkaiko Psikologoen Elkargo ofizialak antolatutako Emakumea, kultura aniztasuna, migrazioa eta indarkeria(k) jardunaldian, ikuspegi intersekzionala eta interkulturala ezinbestekotzat jo dituzte Angelica Padilla Zehar Errefuxiatuekin erakundeko Arta Psikologikoko Sarearen koordinatzaileak, Marie Lucia Monsheneke Famek Kongoko eta Euskal Herriko emakumeen elkarteko presidenteak, eta Maya Amrane Biltzen Gizarteratzearen eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko teknikariak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira —astelehenean izango da—, asteartean gakoak eman zituzten bortxa jasan duten andre migratuei arta psikologiko egokia helarazteko, Bilbon, Deustuko Unibertsitatearen CRAI eraikinean.
Padillak esplikatu duenez, intersekzionalitatea berbak feminismo beltzean du jatorria. Kimberle Creenshaw AEBetako aktibistak sortu zuen kontzeptua, jabetu baitzen emakume beltzen egoerak ez zuela bat egiten andre zurienarekin, baina ezta gizon beltzenarekin ere, eta bestelako ñabardurak zituela sufritzen zuten diskriminazioak. Emakume migratzaileei dagokienez, halaber, uztartu egiten dira matxismoa eta arrazakeria, eta migrazio prozesuak berak areagotu egiten du ezinegona. «Migratzea mugarria da, ondorioak baititu identitatean. Eta segun nolakoak diren pertsonari eragiten dioten diskriminazio eta menderakuntza formak, edo zein pribilegio dituen, esperientzia modu batekoa edo bestekoa izan daiteke», xehatu du psikologoak. Hiru hizlariei zaie ezaguna esperientzia, denak direlako migratzaileak: Padilla Kolonbiakoa da; Monsheneke, Kongokoa; eta Amrane, Aljeriakoa.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariaren arabera, emakume migratzaileek gizonek baino buru osasun okerragoa izan ohi dute. Zehazki, indarkeria «jarraitu» bat pairatzen dute, Padillak aletu duenez: jatorrian bertan, aurrena; bidean, gero; eta, azkenik, helmugara heldu ostean ere bai. Hain justu, biolentziatik ihes egiteko alde egiten dute askok: bortxa estrukturalak egozten ditu jaioterritik —pobreziak, berdintasun ezak…—, gatazka armatuek edo indarkeria matxistak ezkontzera behartu nahi dituztelako, senide edo ezagun batek eraso fisikoak edota sexualak egin dizkielako, genero identitateagatik edo orientazio sexualagatik jazarriak direlako…
«Migratzea mugarria da, ondorioak baititu identitatean. Eta segun nolakoak diren pertsonari eragiten dioten diskriminazio eta menderakuntza formak, edo zein pribilegio dituen, esperientzia modu batekoa edo bestekoa izan daiteke»
ANGELICA PADILLA Zehar Errefuxiatuekin erakundeko Arta Psikologikoko Sarearen koordinatzailea
Ibilbidean, ohikoa izaten da indarkeria sexuala, eta urratu egiten dira, orobat, andreen ugalketa eskubideak. Batzuetan, abortu arriskutsuak egin behar izaten dituzte, haurdunaldiaren kausaz migrazio prozesua gehiago ez zailtzeko. Edo, kontrara, giza trafikatzaile sareek haurdun gera daitezela agintzen diete, itsas salbamenduak haien ontzia lehenets dezan. Eta sarritan, «antisorgailu kopuru erraldoia» hartzen dute, pateran egongo diren egunetan hilerokoa eteteko.
Bizipen mordo hori metatuta ailegatzen dira Europara. Migratzaile orok izaten du migrazio dolua delakoa, Padillaren hitzetan. Gainera, hona iristean, bidegabekerien katea ez da hausten, eta, ondorioz, dolua ez ezik, trauma arraziala deritzona ere garatu dezakete. Ez da muturreko indarkeriarik behar nahasmendu mota hori sor dadin; adierazpen, jarrera eta bestelako «mikroeraso» arrazistak izan litezke antsietatea edo depresioa ernatuko duten haziak. «Trauma arrazialarekin lotutako sintomatologiak zaildu egiten du integrazioa», ebatzi du Padillak.
Isilpeko indarkeria
Hori horrela, «harrera integrala izango bada, garrantzi handia eman behar dio buru osasunari», Padilla psikologoaren iritziz. Zehar erakundean, psikologoen sare bat osatu dute, arlo horretako profesionalak eta migratzaileak gerturatzeko, «oso banatuta egon izan baitira». Erronkaz beteriko zubi lana da, edonola ere. Besteak beste, herrialde batzuetan ez dagoelako mendebaldeko psikologoaren antzeko figurarik, eta arta psikologikoa beste bide batzuetatik egiten delako, Monshenekeren berbetan —kasu baterako, andre askok erlijiora jotzen dute ezinegona baretzeko—.
Ugariagoak dira oztopoak, dena den, eta gizarteko arlo askotan ageri dira, Monshenekek nabarmendu duenez. Hasteko eta behin, legeak alderik alde baldintzatzen du indarkeria jasan dutenei eskainiko zaien arta. Elkartera laguntza eske joandako andreen esperientziek agerian uzten dutenez, arauak maiz zehaztugabeegiak dira. Kasurako: zer da indarkeria instituzionala? Adibide bat ipini du Famekeko presidenteak: azentua dela-eta alokairua ukatzea. «Baina nork identifikatuko luke hori indarkeria instituzional gisa?».
«Behin, ikastaro bat eman zigun ustez kulturartekotasunean aditua zen andre batek. Molestatu egiten zion kide batek buruko zapia eramateak»
MARIE LUCIA MONSHENEKE Famek Kongoko eta Euskal Herriko emakumeen elkarteko presidentea
Era berean, andre migratzaile asko kexu dira arlo ginekologikoan jasotzen duten artaren inguruan. «Ama izan nahi dute, baina, antzuak direnez, ugalketa lagundura jotzen dute. 36-38 urte dituzte, eta itxaron zerrenda luzea dago. 40 urte betetzen dituztenean, sistematik kanpo geratzen dira, eta klinika pribatuetara joan behar dute. Han, tratamenduak 10.000 euro balio du; ezin dute ordaindu».
Mota horretako indarkeriak oharkabean igaro litezke. Eta horra hor bortxaren beste arazoetako bat: isilpekoa dela maiz, eta normalizatuta dagoela. Hala, emakume migratzaile askok ez dute laguntzarik eskatzen, hain justu, ez dutelako indarkeria gisa identifikatzen gertatzen ari zaiena. Horren adibidea da Monshenekek betirako eskertza moduan izendatzen duen egoera: batzuetan, senarrak migratzen du aurrena —patera batean, paperik gabe—, eta emazteak urte batzuen ondoren jarraitzen dio, gizonak bidali dion dirua baliatuta. Fameken artatu zuten kasu batean, senar-emazteak hamar urteren ondoren elkartu ziren; senarrak haurra nahi zuen, eta emaztea derrigortu egiten zuen sexu harremanak izatera goiz, arratsalde eta gau. Emakumeak ez zuen biolentziatzat hartzen; kontrara, uste zuen senarrak eskatzen zion oro bete behar zuela, hari esker heldu zelako Europara. «Gainera, apenas zekien gaztelaniaz, eta ez gintuen ezagutzen», erantsi du Monshenekek. Gertatu da, halaber, andre askok bortxa ez salatzea, familiaren ohorea urratuko duten beldur.
Profesionalak heztea
Osasun sistemako profesional batek kontuan izan behar ditu aldagai horiek guztiak; alegia, kulturartekotasunean heztea premiazkoa da arta eraginkorra eta errespetuzkoa izango dela bermatzeko. «Behin, ikastaro bat eman zigun ustez kulturartekotasunean aditua zen andre batek», oroitu du Monshenekek. «Molestatu egiten zion kide batek buruko zapia eramateak. Zapia nire nortasunaren parte bat bada, zer dela-eta ezkutatu behar diot zure gizarteari?». Halaber, jatorrian utzitako semearekin berriro batzeak izan zitzakeen arriskuez ohartarazi zion hezitzaile hark beste parte hartzaile bati, kontsultan askotan ikusten omen zuelako amaren eta seme-alaben arteko gatazkak sortzen zirela elkartu ostean. Halakoak saihesteko, lanketa horizontala aldarrikatu du Famekeko presidenteak —elkarteen eta komunitatearen artekoa—, baina baita bertikala ere, instituzioetara ere hel daitezen kulturartekotasunean hezitako profesionalak.
«Kultura kolektibistetako kideek, erabaki bat hartu aurretik, aurreikusten dute eurei nola eragingo dien, baina baita zer ondorio izango dituen ere beren taldearentzat, eta taldeak zer erreakzio izango duen»
MAYA AMRANE Biltzen Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko teknikaria
Biltzen erakundearen lana tresna bat izan daiteke eraldaketa horretarako bidean, Amranek aldarrikatu duenez. Profesionalekin egiten dute lan, zehazki. «Onartu behar dugu pertsona bakoitzak erreferente ezberdinak izan ditzakeela», hausnartu du Amranek. Izan ere, testuinguru kulturalak eragin handia du pertsona baten nortasunaren moldaketan, baita, ondorioz, haren jokabideetan ere. «Indarkeria matxistaren biktimak laguntzerako orduan, desberdintasun kulturalek pisu handia izan dezakete», azpimarratu du. Ez baita berdin, kasurako, testuinguru materialistago batean hazi izana, edo, kontrara, espiritualago batean. «Batzuek uste dute Jainkoak lagunduko dituela, nahiz eta egiazko baliabideak eskura dituzten beren egoera aldatzeko». Halako adierazpenek gatazka sor dezakete paziente espiritualagoaren eta osagile materialistagoaren artean.
Emakume batzuek, halaber, «urrunegi» ikusten dute profesionala, haien kulturetan hierarkiak daukan esangurak blaitzen duelako bien arteko harremana. Eta, era berean, pudoreari dioten begiruneagatik, beharbada diskurtso ezberdin bat botako dute gizonezko psikologo batek artatzen baditu, edo andrazko batek. Komunitatearen garrantziak ere zaildu dezake ekimena, Amranek esan duenez. «Kultura kolektibistetako kideek, erabaki bat hartu aurretik, aurreikusten dute eurei nola eragingo dien, baina baita zer ondorio izango dituen ere beren taldearentzat, eta taldeak zer erreakzio izango duen». Halaber, osagileak ikuspuntu indibidualistagoa badauka, gerta liteke aintzat ez hartzea pazientearen inguruari lotutako baldintzapenak, eta, hala, arta herrena eskainiko lioke. Era berean, profesionalak migrazio prozesuari ere erreparatu diezaiola gomendatu du Biltzen-eko teknikariak. «Migratzaileak ez dira jaiotzen hona heltzen direnean; garrantzitsua da haien aurreko bizitzaren inguruan ere interesa agertzea».
Gizon gazteek gero eta gaitzespen handiagoa diote feminismoari
Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna Sustatzeko Sailak gizon gazteei bideratuta egin du Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren aurtengo kanpaina. Izan ere, haien artean indarra hartzen ari dira feminismoaren eta berdintasunaren arloko aurrerapenen aurkako iritziak, Teresa Laespada Berdintasun foru diputatuaren arabera. Kanpainak helburu du gizonei adieraztea zein diren mugak, eta, horretarako, bandera berdeak eta bandera gorriak erabili dituzte, baita ilustrazioak ere.
Bandera gorriak gaitzetsi beharreko adierazpenak dira; esaterako, Aprobetxatu orain mozkortuta dagoela, Edonori ematen dio ‘like’, edo emakume baten bideo intimoa helarazteko asmoa. Bandera berdea erabilita, kanpainak Errespetatu egiten ditut bere espazioa eta bere mugak, Beste batzuekin barrez ari dela ikustea gustatzen zait, edo Ez ditut bere profilak kontrolatzen, ezta norekin hitz egiten duen ere esaldiak onesten ditu. Gizon gazteak «berdintasunaren aldeko aldaketa eragile» bihur daitezen nahi dute, Laespadaren esanetan. «Harreman osasuntsuak eta berdintasunezkoak modu positiboan eraikitzera animatzen ditugu».