«Taldean une bakoitzean duguna aprobetxatzen ikasi dugu»

«Taldean une bakoitzean duguna aprobetxatzen ikasi dugu»

​Kuskurrum antzerki taldeko zuzendaria da Clotilde Perez Rodriguez (Tutera, Nafarroa, 1972). Psikologia ikasi zuen, baina antzerkia maite du. Antzerkigintza gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen du, eta duela 25 urte Kuskurrum antzerki taldea sortu zuen Bilbon, Bizitegi elkartearen barruan, gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonak eszenatokietatik laguntzeko. Urteurrenerako antzezlana prestatu dute.

Nola eta zergatik sortu zenuten Kuskurrum antzerki taldea? 

1999an sortu genuen, [Bilboko] Otxarkoagako Bizitegi fundazioaren eguneko errehabilitazio zentroan. Bizitegik gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei laguntzen die. Nik antzerki sozialeko ikastaro bat egin nuen, eta ikusi nahi izan genuen ea horrek talde lana hobetu ahal zuen. Kideei euren gaitasunekiko konfiantza eskaintzen zien gune bat ere lortzea zen helburua, baita erabiltzaileek euren komunikazioa, memoria eta beste gaitasun kognitibo batzuk hobetzea ere. 

Bizitegiko erabiltzaileentzat egin zenuten. Zein izaten da pertsona horien profila? 

Gizarte bazterkeria egoeran edo, behintzat, arriskuan bizi diren pertsonak dira guztiak. Batzuek buruko gaixotasunak edo adikzioak dituzte, eta beste batzuk kalean bizi izan dira, ez dutelako familia edo gizarte laguntzarik izan, adibide batzuk jartzearren. Taldean, bakoitzak bere rola du. 

Hamasei kide zarete taldean. Zer rol daude? 

Esango nuke ni antzerki entrenatzailea naizela, zuzendaria baino gehiago. Aipatutako formakuntza egin nuen, eta saioak prestatzen ditut. Jarraibideak eman eta iruzkinak egiten ditut, baina bakoitzak bere zatia bere erara egiten du. Horrez gain, Bizitegiko erabiltzaileak daude, baita gizarte hezitzaile bat, boluntario bat eta Kuskurrumen parte hartzen jarraitzen duten Bizitegiko erabiltzaile ohiak ere. 

Zelan egiten duzue lan? 

Ikasturte hasieran, antzerkigintzako ariketak egiten ditugu: gorputz adierazpena, ahotsa edo inprobisazioa landu, estimulazio kognitiboa, memoria ariketak… Gero, antzezlan bat aukeratzen dugunean, taldeko irakurketak egiten ditugu, eszenatokia nola antolatu erabaki, bakoitzak bere zatia ikasi, eta abar. 

Kuskurrumek berezitasun batzuk baditu kideen profilagatik, baina antzerki talde arrunta da, ezta? 

Ezohiko anekdota batzuk baditugu; adibidez, kide bat eszenatoki erdian lo geratu zenekoa antzezten ari zela. Oso ikusmen urria zuen mutil bat ere izan genuen taldean, eta, horren harira, antzezlanetan musika gehiagotan sartzen hasi ginen, keinuak antzeztea asko kostatzen zitzaiolako. Erabiltzaile batzuek zailtasun handia dute euren zatia ikasteko, eta denok ikasten ditugu obrak osorik, badaezpada ere, azken momentuan beste edozein pertsonaia egitera irten behar badugu. 

Joan den astean, Bizitegi Homeless Film Festivalean izan zarete antzezlan bereziarekin, eta urte batzuk daramatzazue han kolaboratzen. Beste jaialdiren batean ere antzezten duzue? 

Bost bat urte daramatzagu Homeless Film Festivalean parte hartzen. Normalean, urtean antzezlan bat prestatzen dugu, eta hainbat tokitan antzeztu. Aurtengoa lau edo bost jaialditan antzeztea espero dugu. 

Zer obra egin dituzue orain arte? 

Obra klasiko batzuk egin ditugu, moldatuta; adibidez, Cervantesen Sancho Panza en la Ínsula Barataria, Moliereren El enfermo imaginario edo Agatha Christieren Sagutegia. Beste batzuetan, geuk sortzen ditugu antzezlanak. Aurtengoa berezia izango da. Kuskurrumen 25. urteurrena ospatzeko, aurreko urteetako eszenarik onenak antzeztuko ditugu, baina moldatuta: bat abestu egingo dugu, beste bat rap estiloan antzeztuko dugu, beste batek asmatutako keinuen itzultzaile bat izango du… 

Zer genero erabiltzen duzue gehien? 

Komedia baino ez dugu egiten. Saiatu gara misterioa eta drama jorratzen, baina komedia ateratzen zaigu. Lantaldean beti sortzen ditugu egoera dibertigarriak, eta eszenatokian, urduritasuna kenduta, asko gozatzen dugu. Erabiltzaile batek behin zera esa zidan: berentzat sekulakoa zela berak eta lankideek ahalegin handiz prestatutako zerbait antzeztera atera eta publikoaren txalo zaparrada bat jasotzea. Aurtengo antzezlana prestatzen izugarri ondo pasatu dugu, eta uste dut hori publikoarengana iristen dela.

«Aurtengo antzezlana prestatzen izugarri ondo pasatu dugu, eta uste dut hori publikoarengana iristen dela»

Pantailetara salto egitea pentsatu duzue? 

Zuzeneko emanaldiak izaten dira beti. Hala ere, Cenicienta en la red izeneko antzezlana idatzi genuenean, Otxarkoagako Tular irratian egiteko idatzi genuen, baina ez genuen inoiz irratian egin. Azkenean, aurtengo antzezlan berezirako prestatu dugu, baina zuzeneko formaturako. 

Euskaraz ere lan egiten duzue? 

Agurrean, nire zatian, hizkuntzak nahasten ditut: euskara, arabiera, gaztelania… Baina antzerki taldean ez dugu asko erabiltzen euskara. Talde oso heterogeneoa gara: Alemaniako bi kide ditugu, Aljeriako bat, Marokoko bat… Aberastasun kultural handia dugu, baina oso zaila da oraindik euskaraz lan egitea. Gazteleraz egitea erronka handia bada, pentsa euskaraz egitea. Gainera, Kuskurrum gaztelera ikasteko baliabidea ere bada erabiltzaile askorentzat. Horrek ere egiten du komikoa izatea: pentsa gaztelera ikasten ari den alemaniar bat azentu mexikarrarekin antzezten saiatzen. Aberastasun handia ematen diote azentu eta hizkuntza gaitasun ezberdinek. 

Mende laurden bat egin du Kuskurrumek. Nolako bilakaera izan du taldeak? 

Taldean une bakoitzean duguna aprobetxatzen ikasi dugu. Hasieran, taldea gai zen Agatha Christieren Sagutegia lanaren gidoi luzea ikasteko. Orain, lan gutxiago egiten dugu obren inguruan, eta gehiago kostatzen zaigu testuak ikastea. Orduan, moldatu behar izan dugu; musika, dantza eta keinuak gehiago erabiltzen ditugu. Moldatzeko gaitasunak lagundu dio proiektuari aurrera ateratzen, ondo pasatzen eta alaitasun hori publikoari transmititzen.