Meatzaritza Museoa, babes eske

Meatzaritza Museoa, babes eske

​Euskal Herriko Meatzaritza Museoko bilduma «arriskuan» dagoela ohartarazi du Ameli Ortiz museoko presidenteak. «Ez da kontu berria: aspalditik ari gara hondatze hori igartzen». Gallartako (Abanto) museoan dituzten pieza horiek guztiak babesteko «premiazko inbertsio bat» egin behar dela esan du Ortizek, eta, horretarako, 300.000 euroko laguntza eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. 

Kanpoko piezak babesteko estalki handi bat eraikitzea da Meatzaritza Museoaren asmoa. «Bestela, alferrik egiten dugu lan. Piezak zaharberritu ostean, aire zabalean uzten ditugu berriro, baina eguraldiaren eraginez herdoildu egiten dira handik urtebetera edo. Min ematen digu, lan asko egiten baitugu horiek mantentzeko», azaldu du museoko presidenteak. 

«Bilduma oso garrantzitsua da, eta, babestu ezean, desagertu egingo da»
AMELI ORTIZ Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko presidentea

Urte hauetan guztietan, «pieza asko» bildu dituzte, Ortizen arabera: «Eta ez bildu bakarrik: garbitu, konpondu, zaharberritu… Ahalegin handia egin dugu». Era berean, piezen balioa ere nabarmendu du: «Pieza horien artean daude Gallartako Bodovalle meategiko meatzaritzako funikular baten bagoia, Muskizko Amalia Vizcaina meategiko karga jasogailu bat, zundaketak egiteko eta burdin mea erauzteko, garraiatzeko eta tratatzeko erabiltzen zituzten elementua… Material historikoa da».  

«Aparteko» inbertsioa

Museoak sei langile ditu kontratupean, eta, horiez gainera, 50 boluntario inguru aritzen dira askotariko lanak egiten. «Elkarlanean arduratzen gara museoa kudeatzeaz, baina ez gara denera heltzen».

Bizkaiko Foru Aldunditik 70.000 euroko laguntza jasotzen du Meatzaritza Museoak urtero, baina bilduma babesteko «inbertsio handiagoa» egin behar dela jakinarazi du. «70.000 euroko kopurua oso ondo datorkigu lan arruntak egiteko, baina aparteko ekarpen bat behar dugu premiazko inbertsioak egiteko», adierazi du museoko presidenteak. «Bilduma oso garrantzitsua da, eta, babestu ezean, desagertu egingo da». Izan ere, halako piezak ez dira erabiltzen gaur egun: «Pieza errepikaezinak dira. Gaur egun, meatzeren bat martxan jarriko balitz, beste tresna eta metodo batzuk erabiliko lirateke».

Gaur-gaurkoz, baikor dago Ortiz diru laguntzari dagokionez: «Espero dut diru hori lortzea. Badakigu diru asko dela 300.000 euro, baina, dena estaltzea eta ondo kontserbatzea lortzen baldin badugu, beste bide batzuk hartzen hasiko gara. Museoetan beti dago lana egiteko». Dokumentazio lana da hurrengo pausoa, haren arabera: «Dokumentazio pila bat dugu antolatzeko. Adibidez, 3.000 plano inguru aurkitu ditugu aspaldiko bulego batean, hezetasunez beteta. Horietako batzuk oihalaren gainean eginda daude, tintarekin. Material oso baliotsua dugu, eta babestu egin behar dugu».

Azaroaren 5ean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen bilerara jo zuen Meatzaritza Museoak. «Gure egoera kontatu genien talde politiko guztietako ordezkariei, eta, horren ostean, aurrekontuetan museoa kontuan hartzeko alegazioa aurkeztu genuen». Horrez gainera, maiatzean eraikuntza proiektuaren inguruko informazioa bidali zuten aldundira, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Proiektu asko egiteko

Euskal Herriko Meatzaritza Museoa 1986an ireki zuten, eta urte hauetan guztietan «askotariko gorabeherak» izan dituztela jakinarazi du Ortizek: «Horietako batzuk gainditu ditugu jada. Fronte batzuek irekita jarraitzen dute, eta beste batzuk sortuz joan dira». Horietako bat da Abantoko Las Carreras auzoan saihesbide berri bat egiteko proposamena. «36ko gerran garrantzia izan zuten lursail batzuetan egin nahi dute errepidea, leku historiko batean. Kulturaren museo bat izanda, guri ere badagokigu halako eremuak babestea». Espazio gehiago behar dituztela ere esan du: «Museoaren mugan badago antzinako eraikin bat: XIX. mendeko meatze bateko tailerra. Gure babesean jartzeko eskatu dugu, baina ez dugu erantzunik jaso». 

Ortizek gaineratu du museoaren ingurua ere aztertu beharko litzatekeela, eta babes gehiago jarri: «Eremu oso arriskutsua da. Astero-astero autobusak etortzen dira eskoletatik, eta, aparkalekurik ez dagoenez, errepide erdian jaisten dira ikasleak. Ez dago batere ondo». Alabaina, adierazi du hori konpontzea ez dagokiola museoari berari: «Udalak edota instituzioek hartu behar dituzte neurriak».

20.000

 

Museoak urtean zenbat bisitari dituen. Urtero, 20.000 bisita izaten ditu Euskal Herriko Meatzaritza Museoak. Aire zabaleko meatzeaz gain, XIX. mendearen amaieratik gaur egun arte Gallartak sektorearekin izan duen harremana erakusten da.