Nola bizi urarekin bakean

Nola bizi urarekin bakean

​Urak ukitzen ditu Bizkaiko udalerririk populatuenak, itsasoaren eta ibaien ertzean garatu baitira historikoki lurraldeko hainbat bazter, orografia malkartsuak bultzatuta. Ura oparotasunaren gakoa izan da udalerriotan, baina, era berean, buruhausteak ere ekarri dizkie tarteka: uholdeak. Hain justu, ibaiak gainez egin dezake euri asko egiten duenean, eta marea bizien ondorioz ere izaten dira uholdeak itsasotik gertuagoko eremuetan. Jose Mari Sanz de Galdeano Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintza eta Lan Hidraulikoen arduradunak adierazi duenez, toki batzuk «bereziki kezkagarriak» dira, «arriskua egon baitaiteke han daudenentzat eta jarduera ekonomiko zaurgarrietarako, modu erabat naturalean eta Valentzian [Herrialde Katalanak] gertatutako krisi handi hori bezalako bat izan gabe ere».

Bilbo eta inguruak dira buruhausterik behinena, Sanz de Galdeanoren arabera. Hiriko biztanleak estuarioa eta itsasadarra okupatzen ari dira, eta, beraz, nabarmena da uriola arriskua. Gainera, oraindik ez dago konponbide argirik. «Azken urteetan, Bilboko Udalak ekaitz tankeak ipini ditu, eta Zorrotzaurre uharte bihurtu du. Horrek apur bat leundu du uholde arriskua, baina ez da nahikoa Zazpikaleetako arriskua desager dadin».

[articles:2133159]

Hiriburuaz gain, agentziak jopuntuan ditu Butroe, Mungialdean; Estepona ibaia, Bakion; Oka ibaiaren inguruak, Urdaibain; Ibaizabalen aldameneko hainbat leku, hala nola Abadiño, Iurreta, Igorre eta Dima; Ezkerraldean, Galindo ibaiaren ingurua —adibidez, Barakaldo—; eta Cadagua haranean, Zalla, Alonsotegi, Sodupe eta Balmaseda. «Horiek dira punturik kezkagarrienak».

Valentziako ezbeharrak gogora ekarri die askori 1983an gertatutakoa: ezohiko euri jasa batek ibaiak harrotu, bazterrak lokaztu, eta Bizkaian berrogei hildako eragin zituen. Gerta liteke berriz halakorik? Eta, hala bada, noiz? Sanz de Galdeanok esan duenez, ezjakintasuna da nagusi fenomeno naturalez mintzatzean: ezin daiteke zehatz iragarri, baina badago arriskua aurreikusteko modua. Eredu hidrologikoak erabilita, eta iraganeko datuetan bermatuta, kalkula liteke estatistikoki zer-nolako uholdeak izango diren tarte jakin batean —bostehun, ehun eta hamar urteko zikloetan—; hala, marka bat egiten da ziklo bakoitzean uriolak noraino helduko liratekeen seinalatzeko, eta erreferentziatzat hartzen dira langa horiek; adibidez, hiriaren hedapena proiektatzeko.

«Urak ez du zertan kalte egin, baldin eta gizakiok ez bagara haren bidean ipintzen, baina horixe egin dugu, hain justu»
JOSE MARI SANZ DE GALDEANO Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintza eta Lan Hidraulikoen arduraduna

Uholde batetik besterako denbora zenbat eta laburragoa izan, orduan eta sarriago gertatuko dira uholdeak, baina ahulagoak izango dira, Diego Ortuzar Ekologistak Martxan elkarteko kide eta ibaiak lehengoratzeko taldeko kideak ñabartu duenez. «Ehun eta bostehun urteko zikloetako jazoerak, berriz, bortitzagoak izaten dira».

Kasu baterako, Sanz de Galdeanok adierazi du estatistikaren arabera bostehun urteko ziklo baten barrukoak direla Bilbo inguruan 1983an izandako euriteak eta uholdeak, baita Valentzian gertatu direnak ere. «Horrek esan nahi du Bilbo inguruan ez dela antzekorik gertatuko datozen 459 urteetan? Ez, ez du hori esan nahi. Agian, ez da halakorik gertatuko hurrengo 3.000 urteetan, edo, agian, halako bi izango dira hamar urtean. Ez daukagu modurik jakiteko zehatz-mehatz noiz etorriko den hurrengo uholdea; ezin dugu natura menderatu».

Klima aldaketa ere kontuan hartu beharrekoa da, Uraren Agentziako arduradunak gogoratu duenez. «Argi utzi nahi dut: klima aldaketa ez da uholdeen erruduna; uholde arriskua duten eremuak baino ez dira geratzen urpean. Baina klima aldaketaren eraginez, sarriago gertatzen ari dira muturreko uholde horiek».

Etxeak ibaiaren ibilbidean

Uholdeak ez dira arazoa, ordea; ibaiaren joera naturala dira, besterik ez, Sanz de Galdeanok nabarmendu duenez: euriaren ondorioz emaria handitzen denean, «ibaiak dagokiona egiten du»; alegia, bere ibilbidearen parte diren tokietara hedatzen da. «Ez du zertan kalte egin, baldin eta gizakiok ez bagara haren bidean ipintzen, baina horixe egin dugu, hain justu». Alde horretatik, uste du iraganean «hanka sartze» asko egin direla, «mugarik gabe okupatu» direlako urak har ditzakeen eremuak, hala etxebizitzekin, nola industriarekin eta beste ekipamendu mota batzuekin.

Baina orain kontrolak zorrotzagoak dira, Jose Maria Gonzalez-Pinto Arrillaga EAEko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargoko Bizkaiko delegazioko dekanoak esplikatu duenez. Mugak jasotzen dituzte Bizkaiari eragiten dioten legeetan eta lurralde planetan. «Aurreikuspenetan zenbat eta ohikoagoak izan uholdeak, orduan eta oztopo gehiago daude. Ibaiak lehenik hartuko lituzkeen tokietan ezin da inolako eraikinik egin». Ibaiaren emaritik gertuen dagoen tokia izaten da, eta lehentasunezko fluxu eremua deritzo; uholdeetan, ura gune horretan biltzen da, eta ehun urteko errepikapen denbora duten uriolek kalte larriak eragin ditzakete eremu horretan.

arrisku mapak egiteko irizpideak

Aurrekariak. Uholde arriskuen berri ematen duten mapak taxutzeko, hiru irizpide hartzen dira kontuan, Jose Mari Sanz de Galdeano Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintza eta Lan Hidraulikoen arduradunak esplikatu duenez. Lehenengo, aurrekariei erreparatzen zaie: hau da, informazioa jasotzen da historian gertatu diren halako fenomenoen inguruan. Adibidez, XVI. mendetik hona, 30 uholde inguru jazo dira Bilbon. «Gutxi-asko jakin daiteke ura noraino heldu zen».

Geomorfologia. «Uholdeek haranak moldatzen dituzte. Haran baten forma ikusita, jakin dezakezu gutxi gorabehera noraino heldu ohi diren uholdeak eremu horretan», Sanz de Galdeanoren esanetan.

Prezipitazioak. Toki jakin batean hamar, ehun eta bostehun urtean behin nolako prezipitazioak izango diren aurreikusten da, baita euriak nola eragingo dion ibaiaren emariari ere. «Badakizunez haranaren hondoa nolakoa den, jakin dezakezu haranaren hegaletan noraino helduko litzatekeen emari hori», esan du Uraren Agentziako arduradunak. Horrela, langak ezar daitezke hamar, ehun eta bostehun urteko errepikapen denboretarako.

Hau da, lehentasunezko fluxu eremuan dagoela uholde arriskurik handiena. Espainiako Trantsizio Energetikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren arabera, uholdeekiko zaurgarriak ez diren jarduerak baino ezin dira onartu eremu horietan. Horrez gain, baldintza gehiago ere badaude; adibidez, «etxebizitza berriak beti kokatu behar dira bostehun urteko errepikapen denbora duten uholdeen langaren gainetik», gehitu du dekanoak.

Arauak arau, ordea, uriola arriskua duten eremuetan eraikitzen da oraindik ere, Ekologistak Martxaneko kide Ortuzarrek salatu duenez. Hainbat proiektu aipatu ditu, kasurako: Bilboko Zorrotzaurre uhartean, eraikinak egiten ari dira; Lamiakon (Leioa), bostehun etxe inguru egin nahi dituzte, Nerbioi eta Gobela ibaiek inguratutako eremu batean; eta beste bostehun etxe egingo dituzte Barakaldoko Burtzeña auzoan, zeina Cadagua ibaiari itsatsita baitagoen.

Halaber, Getxoko Algorta auzoaren beheko aldean, beste 375 etxebizitza aurreikusi dituzte, eta eremua Gobela ibaiaren harrotzeetatik bebesteko, 12.000 metro koadroko parke bat taxutuko du udalak: hala, ibaiak gainez egitekotan, ura parkerantz joango da eta ez etxebizitzetarantz. «Lurralde plangintzan aldaketak egin beharko lirateke, urpean gera daitezkeen eremuetan eraikitzea debekatzeko», ebatzi du Ortuzarrek. «Hasi ez diren obrak bertan behera utzi beharko lituzkete, nahiz eta baimena eduki».

Ohiko uholdeetarako

Baina debekuak zorroztuta ere, arazo nagusiak bere horretan jarraituko luke, gaur-gaurkoz eraikinak daudelako, are, lehentasunezko fluxu eremuetan. Gaitza da biztanleak mugiaraztea dagoeneko errotuta dauden eremuetatik; beraz, bestelako esku hartzeak egiten dituzte guneotan arriskua txikitzeko, Ura agentziako arduradunak esan duenez. Bi bide dituzte, hain zuzen. Ahal den guztietan, saiatzen dira ibaiaren dinamika naturala berrezartzen. «Adibidez, urak har dezakeen ibarren bat badago, eta betegarriak ipini bazaizkio, betegarri horiek kentzen ahalegintzen gara, urak eremua hartu ahal izan dezan berriro. Izan ere, ona da uholdeak egotea kalterik egongo ez den lekuetan, galga bat direlako ura hel ez dadin okupatuta dauden eremuetara». Ez badago emaria ebakuatzeko aukerarik, metodo «agresiboagoak» erabili behar dira segurtasuna bermatzeko: ibaia bideratzen dute, edo apur bat zabaldu, eta ertzak hormigoizko horma ia bertikalekin estaltzen dituzte, edo lubetekin.

2027ra bitartean, Uraren Euskal Agentziak mota bateko edo besteko esku hartzeak egiteko asmoa du Abadiñon, Iurretan, Igorren, Diman, Alonsotegin, Sudupen, Gernika-Lumon, Bakion eta Mungian. «Oraindik ez dago erabakita Bilbon zer egin», esan du Sanz de Galdeanok.

«Lurralde plangintzan aldaketak egin beharko lirateke, urpean gera daitezkeen eremuetan eraikitzea debekatzeko. Hasi ez diren obrak bertan behera utzi beharko lituzkete, nahiz eta baimena eduki»
DIEGO ORTUZAR Ekologistak Martxan elkarteko kidea

Era berean, Ekologistak Martxan elkarteak ibaiak berreskuratzeko hainbat proiektu proposatu ditu. Horietako bat Ura agentziarekin batera egingo dute: Barakaldoko Galindo eta Castaños ibaiak lehengoratuko dituzte, eta laster abiatuko dira lanak —Barakaldoko Udalak bi milioi euro inbertituko ditu egitasmoan—. Horrez gain, elkarte ekologistak plan bat aurkeztu zion Bilboko Udalari ekainean, Ibaizabal errekaren zati batean antzeko esku hartzea egiteko: zehazki, asmoa da ibaia garbitzea, hormigoizko zenbait egitura eraisteko eta horma berdeak ipintzeko, besteak beste. 674.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Ortuzarrek esan duenez, udala prest dago proiektua egiteko, baina oraindik ez dakite noiz jarriko duten martxan.

Edonola ere, obra horiek guztiek ohiko uholdeen arriskua murrizteko balio dute, baina ez dira eraginkorrak errepikatze denbora zabalagoa duten eta bortitzagoak diren uriolen aurrean, Ortuzarrek ohartarazi duenez. «Halakoetan, jendea ebakuatu beharra dago, eta plan bat garatuta eduki behar da aurretik, jendeak jakin dezan nola jokatu behar duen».